Nola bihurtu baserria energetikoki burujabe... alferrik bada ere

  • Iaz, Zeraingo Garro baserriko jabeek etxea gaur egungo behar energetikoetara egokitzeko proiektua jarri zuten abian. Adituen laguntzarekin, eraikina berrokupatu nahi zuen familiako gaztearen neurriko azpiegitura proiektatu zuten, baita asmoa teknikoki bideragarria zela ikusi ere. Tamalez, bestelako trabak behartuta bazter batean geratu da egitasmoa; batez ere Espainiako Gobernuak iragarritako erreforma elektrikoa bihurtu da oztopo. Autokontsumoa zigortzeko ezarriko diren neurriak, bereziki.

Garro baserria, Zerainen (Gipuzkoa).
Garro baserria, Zerainen (Gipuzkoa).

Euskal Herriko ekonomia aldaketa sakonean murgilduta dago. Hori ondo dakite gazteek, eta badakit ere eurek irauli beharko dutela egoera, baina gehienek ezin dute gurasoen etxetik joan; lanik ez dutelako edo, lana izanda ere, etxea alokatzeko adinako soldatarik ez dutelako. Abandonaturik izateko arriskuan dauden landa-etxeak berrokupatzea aukera ona da hipoteken menpe bizi nahi ez duten gazteentzat. Baina, zer muga du horrelako proiektu batek?

40 urte dira Garro baserriko (Zerain, Gipuzkoa) bizilagunak etxea laga eta hirira jaitsi zirela. Horren ostean, 1901ean eraikitako baserria udako etxe bilakatu zen familiarentzat; altxor bat Goierriko bazterrik ezkutuenetakoan. Altxor hori baliatu nahi izan du familiak, eraikina etxebizitza bihurtu. Bide horretan, baserrian bizi behar zen gaztearen beharren araberako proiektua diseinatu nahi izan dute. Ez hori bakarrik; proiektua ekologikoki sustengagarria izan behar zen.

Azkenean, ordea, asmoa bertan behera uztea erabaki dute. Arrazoi nagusietako bat autokontsumoa zigortzeko Espainiako Gobernuak agertutako nahia da; artikulu honetako azken orrialdeko koadroan azaltzen dira Madrilek indarrean jarri nahi duen dekretuaren nondik norakoak. Baina energiaren ikuspuntutik, proiektua bideragarria zela ikusi zuten Garroko jabeek.

Efizientzia termikoa eta elektrikoa

Baserri eta “baserritar” garbi eta efizienteak lortu nahi izan zituzten, energiaren erabileran. Garbia, ingurumenarekiko errespetuagatik; efizientea, berriz, horrexegatik eta poltsikoa zaintzea garrantzitsua delako. Gainera, ahal zen heinean energetikoki burujabe izatea ahalbidetuko zuten neurriak hartu zituzten, baserriak bere burua horni zezan. Energia-hornitzaileekiko dependentziak bizi-kalitatea jaitsi ohi du eta. Helburu hori lortzeko lehenengo urratsa etxea egokitzea zen. Horretarako, Xabier Uzin eta Asier Valenzuela adituak kontratatu zituzten. Uzinek eta Valenzuelak erregulazio termikoa eta hornidura elektrikoa hobetzeko ikerketa egin zuten.

Diseinua egiten hasi aurretik, teknikariek argi utzi nahi izan zuten eraikinaren erabilera aurrez definitzea garrantzitsua zela, alegia, han biziko zen gazteak zein bizimodu egingo zuen, horrek diseinuan eragiten baitu. Horregatik, kontuan hartu zen pertsona bakarra biziko zela etxean, etxetik eta ordenagailuz egingo zuela lan, eta beharbada egun batzuetako bisitak jasoko zituela noizean behin. Sortu beharreko energi kopurua aurreikusteko, neguko ohiko egun hotz bat hautatu zen, kontsumo handieneko eguna litzatekeena. Horrekin, kasurik txarrenari aurre egiteko moduko energia kantitatea lortuko litzateke.

Hona iritsita, garrantzitsua da ulertzea bi sistemak, elektrikoa eta termikoa, independenteak zirela. Beroa lortzeko, uneoro erabakiko zen zenbat egur bota sutara; gainontzekoa biltegian gorde zitekeen. Energia elektrikoa, berriz, eguzkitik lortuko zen. Etxeko biztanleak ezin zuen aldagai hori kontrolatu, jakina, eta hori arazo bilaka zitekeen.

Neguan eguzki-energia gutxiago aprobetxatzen da udan baino; kontsumoa, ordea, handiagoa da, etxean ordu gehiago pasatzen baitugu. Edonork pentsa lezake horri aurre egiteko modurik sinpleena bateria bat jartzea eta energia-soberakina metatzea zela, behar zenean erabiltzeko. Baina ez da hain erraza. Alde batetik, bateriak oso garestiak eta kutsatzaileak dira; eta bestetik, legez, sortzen dugun energia elektrikoa sare orokorrera bideratzera behartuta gaude, sareak estaltzen duen eremuan baldin bagaude behintzat. Horrek esan nahi du plaken bidez eraldatutako energia hornitzaile elektriko handiei saldu behar diegula eta kontsumitu nahi duguna atzera haiei erosi. Horrela, sortzen dugunaren eta kontsumitzen dugunaren arteko diferentzia soilik ordaindu beharko dugu.

Subiranotasunik handiena urte guztian erabiliko den energia elektrikoaren aurreikuspen fina egin eta horixe sortzeak ematen du, plaka kopurua beharretara egokituz, esaterako. Interneten kontsulta daiteke eskualde bakoitzean eskuragarri dagoen eguzki-energiaren balioa.

Egurra, bero iturri

Bero-energiara itzulita, adituek esan zuten baserriaren berezitasunak ondo identifikatzea ezinbestekoa zela. Indarguneen artean kokatu zituzten, esaterako, baserriak pinudi handiak dituela mendian eta bertatik egur asko jaso zitekeela, erregai gisa erabiltzeko. Gainera, eztabaida handia egon bada ere, gehiengoak onartzen dugu egurra energia-iturri berriztagarria dela, baldin eta birsorkuntza-tasa ustiatze-tasa baino handiagoa bada.

Garroren kasuan baldintza hori betetzen zen, eta besteak beste horregatik aukeratu zuten erradiadoreak beheko suaren bidez berotzea. Hala ere, basoak mendian gora zeuden eta bertatik egurra ateratzeko esfortzu handia egin beharko zen; gutxieneko makinaria ere bai. Gainera, intsinis pinuaren (Pinus radiata) landaketei zilegitasuna ematea ez da munduko jarrerarik ekologikoena, baina hori beste eztabaida bat zen, basoa birlandatzeko garaia iritsitakoan garatu beharrekoa.

Bero-energia sortzen itsutzea baino, bero hori aprobetxatzen asmatzea da gakoa, eta horretarako beharrezkoa zen itxiturak indartzea; baita bero-metagailua jartzea ere, dutxako ura –udan ura berotzeko balio duten plaka termiko batzuen bidez berotuko zen eta neguan beheko suarekin, ur beroa urte guztian behar baitugu– eta geletako erradiadoreak –neguan soilik– nahi zirenean eta nahi beste berotzeko.

Isolamendua hobetzea, gakoa

Halaber, berotuko ziren gelen isolamendua hobetzea ezinbestekotzat jo zuten adituek, efizientziagatik. Gaur egun etxeak dituen itxiturekin, sortutako beroaren zatirik handiena oso denbora laburrean galduko litzateke. Horrenbestez, leiho eta ateak aldatzea ezinbestekoa zen horrelako proiektu batean, horiek baitira baserri zaharretan galera gehien dakartzaten guneak. Etxe barruko hormak meheak direnez –kanpokoak ez bezala–, bero dezente galtzen da horietatik, batez ere beroztatutako eta beroztatu gabeko gelen arteko paretetan barna. Izan ere, gehien zapalduko ziren gelak soilik berotzea erabaki zen, ez etxe osoa.

Sistema elektrikoaren ikuspuntutik, indargune nagusiak honakoak ziren: alde batetik, baserriak hegoaldera begira du teilatu erdia eta, beraz, plakak jartzeko egokia da; eta bestetik, eguneko ia ordu guztietan iristen dira eguzki-izpiak Garroren teilatura. Auzoa sare orokorraren estaldurapean egoteak alde negatiboa eta positiboa zituen, ikuspuntuaren arabera. Batetik, subiranotasuna galtzen zen; bestetik, ez zen metatze-mekanismorik beharko, uneoro izango baitzen elektrizitatea eskuragarri.

Esan gabe doa: horrelako proiektu batean sartzen denak argi izan behar du, ezertan hasi aurretik, bere pentsamoldea egokitu beharko duela. Horrek, bizi-eredua egoerara doitzea eskatuko dio; eguneroko jarduna, ohiturak... proiektuaren inguruan artikulatu beharko ditu.

Esan dugunez, egitasmoa bertan behera geratu zen azkenik. Batetik, Eusko Jaurlaritzak, EVEren bitartez, energia berriztagarrietan oinarrituriko proiektuen bideragarritasun-ikerketen %50 laguntzen du diruz, kasurik onenean, eta materialak eta instalazioak kostatzen duenaren %30-35. Laguntza hori ez zen nahikoa proiektua aurrera atera ahal izateko. Horri, noski, Madrilgo Gobernuak ezarri nahi duen dekretua gehitu behar zaio. Badirudi zenbait politikarik, energia berriztagarrien alde lerrokatu baino, nahiago dutela gazteak interes zaharrak ordaintzeko eskulan merke gisa erabili.

Autokontsumoa luxu bihurtuko duen dekretua

Zalaparta handia sortu zuen 2013ko uztailean Espainiako Gobernuak iragarritako erreforma elektrikoak. Zati polemikoena, beharbada, autokontsumoa erregulatzeko dekretuaren zirriborroa izan zen. Hamar hilabete igaro ostean dekretua ez dago indarrean oraindik, eta ez dago argi noiz egongo den, ez eta aldaketarik jasango duen ere, baina horrek ez du eragotzi aurkako erantzun zabal eta irmoa sortu izana. Madrilen asmoen kontrako jarrera Eredu Energetiko Berri Baterako Plataformak (EEBBP) bultzatutako Desolbediencia (Desobekientzia, itzuli dute euskarara) kanpainan gorpuztu da batez ere. Talde ekologistak, berriztagarrien sektoreko enpresak, sindikatuak... denetik aurkitu dezakezu plataforman.

Eguzkiaren izena erabiltzeak erabateko zentzua du. Izan ere, autokontsumoa egiteagatik PPren Gobernuak ezarri nahi duen zergari (peaje de respaldo, gaztelaniaz) “eguzkiaren gaineko zerga” deitu izan zaio. Funtsean, zera da: energia bere etxean sortzen duenak –argazkikoa bezalako plaka fotovoltaikoen bidez, normalean– zazpi zentimo ordaindu beharko du autokontsumitutako kwh bakoitzeko. Bestela esanda, askoz garestiago suertatuko zaio elektrizitatea bere kabuz sortzea sare orokorretik hartzea baino.

EEBBPko Zuhaitz Areitiok azaldu digunez, dekretua indarrean jartzen denean zentzua galduko du autokontsumoak, alderdi ekonomikotik zama handiegia izango baita. Horregatik, eta Garro baserriaren kasuan bezala, Espainiako Gobernuaren asmoak jakinarazi zirenetik nork bere etxean energia sortzeko proiektu asko –gehienak ez esatearren– geratu dira bertan behera, konpainia elektriko handien mesederako eta energia berriztagarrien garapenaren kalterako. Desobekientzia kanpainak, hain justu, protesta hutsetik harago joan eta desobedientzia egitera dei egiten du: dekretuari jaramonik egin ez eta autokontsumorako instalazioak jartzera animatzen dute, zigorrak zigor.


ASTEKARIA
2014ko maiatzaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia berriztagarriak
2024-04-15 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazioa
"Ez da trantsizioa, espekulazioa da"

Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez... [+]


2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna apirilaren 13an Azpeitian
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”

Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.


Munduan leku bat

Gutako batzuk hemen jaio ginen, zoriak erabaki zuen populazioaren %11 honen parte izango ginela. Beste batzuek erabaki genuen landatarrak izatea, eta lurraldearen %89an bizitzea. Denok onartu dugu hemen bizitzeak aparteko zailtasunak dituela, administraziotik ez dutela indar... [+]


2024-04-08 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan topaketak eta manifestazioa deitu ditu EH Bizirikek larunbata honetan Azpeitian

Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik sareak manifestazioa deitu du apirilaren 13 arratsaldeko 18:00etan Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari erasotzen dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Goizean gaiari lotutako hainbat tailer eta... [+]


Eguneraketa berriak daude