Dodoa: umiliatua eta suntsitua

Edwardsen dodoa, Roelant Saveryk 1620ko hamarkadaren amaieran margotutakoa. 1759an koadroa George Edwards ornitologoaren eskuetan zegoen, eta British Museumari ematea erabaki zuen; hortik datorkio izena artelanari.
Edwardsen dodoa, Roelant Saveryk 1620ko hamarkadaren amaieran margotutakoa. 1759an koadroa George Edwards ornitologoaren eskuetan zegoen, eta British Museumari ematea erabaki zuen; hortik datorkio izena artelanari.

Londres, 1865. Lewis Carrollen Alice’s Adventures in Wonderland (Aliceren abenturak lurralde miresgarrian) argitaratu zen. Nobelako pertsonaietako bat dodoa da; hirugarren atalean dodoak denek irabaziko duten lasterketa zentzugabea antolatzen du. Carrollek azaldu zuenez, dodoak egilea bera irudikatzen du. Idazlearen benetako izena Charles Lutwidge Dodgson zen, eta totela zenez, izena galdetzen ziotenean “Do-do-dodgson” botatzen omen zuen.

Garai hartan gehienek ez zekiten dodoa zer zen, eta Carrollen liburuaren arrakastari esker, alegiazko hegazti mitikotzat hartu zuten. Oker zeuden, baina ez erabat. Egia da ordurako dodorik ez zela existitzen, baina bizpahiru mende lehenago, hegazti baldarra lasai bizi zen Maurizio uhartean.

Raphus cucullatus, Indiako Ozeanoko irlako espezie endemikoa, metro bat luze zen eta 13-25 kilo arteko pisua izan ohi zuen. Hego txikiek ez zioten hegan egiteko ahalmenik ematen, ezta beharrik ere. Maurizion nahi adina fruitu zeukan jateko eta moko luze sendoari esker kokoak hausteko ere gai zen. Mehatxurik ezean, arrautzak lurrean erruten zituen. Inguruneari ederki egokituta bizi zen, gizakia Mauriziora iritsi zen arte.

Eboluzioa medio, Afrikako usoaren ondorengoari hegan egiten ahaztu zitzaion eta hegazti mantsoa ehizatzen oso erraza zen. Gizakientzat mauka ederra zirudien; 10-20 kilo haragi ahalegin handirik egin gabe. Baina dodoa ez zen horregatik desagertu, haren haragia zaila baitzen, eta dasta txarrekoa.

Gizakiek dodoen habitata aldatu zuten. Basoak suntsitu zituzten, eta espezie berriak ekarri: txerriak, makakoak, txakurrak, katuak, arratoiak... Batetik, animalia berriek ekarritako gaixotasunek dodoen hilkortasuna handitu zuten, eta bestetik, ugalketan ere eragina izan zuten, dodoen habia babesgabeei erasotzen baitzieten. Espeziearen berri 1574. urtean iritsi zen lehenengoz Europara. Azken alea 1662an ikusi omen zuten. Mende bakarrean desagerrarazi zuten gizakiek dodoa.

Baina espeziea erabat suntsitu baino lehen, ederki umiliatu zuten. Portugaldarrak 1607an iritsi ziren irlara. Kokaleku iraunkorrak ezarri ez arren, badirudi hegazti baldarra bataiatzeko astia izan zutela. Doudo edo doido hitzak ergela esan nahi du portugesez. Portugaldarren ondoren, Herbehereetako konkistatzaileak iritsi ziren. Dodoor hitzak “alferrontzi” esan nahi du nederlanderaz. Alternatiba ez zen askoz atseginagoa: nederlandarrek walghvogel ere esan zioten, hau da, “indioilar okaztagarri”.

Dodo hitzaren jatorria azaltzeko teoria begirunetsuagoak badira. Batzuek diote nederlanderazko dodaers hitzetik datorrela; Herbehereetan hala esaten diote txilinporta arruntari. Baina bi espezieek ez dute antz handirik. Azkenik, hegaztiaren deiarekin lotzen duenik ere bada. Dodoak “doo-doo” egiten omen zuen, Carroll benetako abizena esaten ahalegintzen zenean bezalatsu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Fra Mauroren mundu zehatzagoa

Venezia, 1459ko apirilaren 24a. Fra Mauro monje eta kartografoak bere munduko mapa amaitu zuen San Michele de Murano monasterioan zeukan kartografia tailerrean. Portugalgo errege Alfontso V.aren enkarguz egin zuen lan hura, eta, mapa amaitu bezain pronto, Portugalera bidali... [+]


Artoaren iraultza: Ameriketatik etorritako ogia

 Hainbat herritan antolatzen diren sagardo egunetatik hasi eta neguko solstizioa zedarritzen duen San Tomas feriaraino, artoa ezinbesteko osagaia da folklore-kutsua duen ospakizun orotan. Nonahi ikus daitezke talogileen postuak, olanazko estalkietatik zintzilik jarritako... [+]


Eguneraketa berriak daude