argia.eus
INPRIMATU
Autokontsumoa luxu bihurtuko duen dekretua
Unai Brea @unaibrea2 0000ko ren 00a

Zalaparta handia sortu zuen 2013ko uztailean Espainiako Gobernuak iragarritako erreforma elektrikoak. Zati polemikoena, beharbada, autokontsumoa erregulatzeko dekretuaren zirriborroa izan zen. Hamar hilabete igaro ostean dekretua ez dago indarrean oraindik, eta ez dago argi noiz egongo den, ez eta aldaketarik jasango duen ere, baina horrek ez du eragotzi aurkako erantzun zabal eta irmoa sortu izana. Madrilen asmoen kontrako jarrera Eredu Energetiko Berri Baterako Plataformak (EEBBP) bultzatutako Desolbediencia (Desobekientzia, itzuli dute euskarara) kanpainan gorpuztu da batez ere. Talde ekologistak, berriztagarrien sektoreko enpresak, sindikatuak... denetik aurkitu dezakezu plataforman.

Eguzkiaren izena erabiltzeak erabateko zentzua du. Izan ere, autokontsumoa egiteagatik PPren Gobernuak ezarri nahi duen zergari (peaje de respaldo, gaztelaniaz) “eguzkiaren gaineko zerga” deitu izan zaio. Funtsean, zera da: energia bere etxean sortzen duenak –argazkikoa bezalako plaka fotovoltaikoen bidez, normalean– zazpi zentimo ordaindu beharko du autokontsumitutako kwh bakoitzeko. Bestela esanda, askoz garestiago suertatuko zaio elektrizitatea bere kabuz sortzea sare orokorretik hartzea baino.

EEBBPko Zuhaitz Areitiok azaldu digunez, dekretua indarrean jartzen denean zentzua galduko du autokontsumoak, alderdi ekonomikotik zama handiegia izango baita. Horregatik, eta Garro baserriaren kasuan bezala, Espainiako Gobernuaren asmoak jakinarazi zirenetik nork bere etxean energia sortzeko proiektu asko –gehienak ez esatearren– geratu dira bertan behera, konpainia elektriko handien mesederako eta energia berriztagarrien garapenaren kalterako. Desobekientzia kanpainak, hain justu, protesta hutsetik harago joan eta desobedientzia egitera dei egiten du: dekretuari jaramonik egin ez eta autokontsumorako instalazioak jartzera animatzen dute, zigorrak zigor.