Tolpuddleko jaialdian sindikatuen indarra eta birtokiratzea

  • Ingalaterra hegoaldeko Tolpuddle herrian duela 180 urte sindikalgintzan aritzeagatik galeretara bidalitako langileak omenduko dituzte uztailaren 18tik 20ra artean Tolpuddle Martyrs Festival delakoan antzerki, mintzaldi eta kantuz. Britainia Handi osoko sindikalistei aurtengoan Trantsizioa aldarrikatzen duen ibilaldia batuko zaie.


2014ko maiatzaren 11n
Duela 180 urteko sindikalista errepresaliatuen oroimena zaintzen duen Tolpuddle Martyrs erakundearen gunetik hartutako irudi honek erakusten du uztailero herrian antolatzen den jaialdiaren tarte bat, sindikatuen manifestaldia: Dorset eskualdeko ferrokarri
Duela 180 urteko sindikalista errepresaliatuen oroimena zaintzen duen Tolpuddle Martyrs erakundearen gunetik hartutako irudi honek erakusten du uztailero herrian antolatzen den jaialdiaren tarte bat, sindikatuen manifestaldia: Dorset eskualdeko ferrokarriletako sindikalisten banderolan Toldpuddleko nekazari ekintzaileak ageri dira bildurik herrian zen eta gaur oraindik den platanondoaren gerizpean. Banderolak dio: "Goazen langileok oro aurrera. Elkar gaitezen gogor baina baketsu gizon baten bihotza bezala. Orduan milioika jenderen interesak ez dituzte sakrifikatuko gutxi batzuen irabazien mesedetan". 1834an bezala, aktualitate dira obreroen lan baldintzen okerragotzea, baserritar txikien ezin bizia, ugazaben irabazi izugarriak, aberatsenek jabego publikoak ostuz egindako pilaketa, estatu agintarien eta aberatsen arteko konplizitatea, eskubide zibil eta sindikalen zanpaketa...

Maiatzaren 1ean sindikatuen eslogan klasikoen aldamenean Ipar Euskal Herrian ekonomiaren eta gizartearen birtokiratzea ipini dutela jakinda harrituko zen bat baino gehiago. Bizi! elkartekoen harrikada izan ote den? Hala bada, ez dira bakarrak. Ingalaterran sindikatuek uda orotako hitzordu famatua den Tolpuddleko Martirien Jaialdia ospatuko dutenean, bertara txikiagotzearen aldeko ibilaldian oinez hurbilduko zaizkienekin egingo dute topo. Hazkunde edo garapen ereduaren eztabaida muturra sartzen ari da ezker osoan.

Tolpuddle Pilgrimage bataiatu dute gutxiagotzearen aldeko erromesaldi laikoa. Uztailaren 10ean Plymoutheko portutik abiatuta, hamar egunez egingo dute Dorset eskualdean dagoen Tolpuddlera. Hemen aspalditik biltzen dira Ingalaterrako sindikalista eta ezkerreko politikariak duela 180 urte langileen eskubideen alde ahalegintzeagatik errepresaliatu zituzten sei laborariak, Tolpuddle Martyrs direlakoak. 1834ko kontu haiek ez dira hain zaharrak, geroago ikusiko dugunez.

Sindikalisten oihu, abesti eta aldarrikapen ezagunekin nahasiko dituzte trantsizioaren aldeko erromesek beste berriagoak. Stir magazine alternatiboaren zuzendari Jonny Gordon-Farleighk idatzi duenez New Internationalist gunean, “ibilaldiak lotuko ditu Dorseteko laborantzako langile famatu haien historia eta gure elikadura sistema berriro asmatzearekin batera etorkizuna elikatzeko modua

Garapen eredu alternatiboetan erreferentzia den New Economics Foundation (NEF) elkarteak aipatzen duen Great Transition delakoaren arrastoak erakutsi nahi dituzte ibilaldian barrena, denetako bilkura eta jarduerekin. Lekuko nekazarien ekoizpenez elikatzeaz gain, haiekin mintzatuko dira agro-industria globalizatuari aurre egiteko sortzen ari diren formulez.

Gordon-Farleighk iragarri du erromes berriok sustatuko dituztela “herrietan sortutako trantsizio taldeak: energi kooperatibak, kreditu elkarteak, auzolanean landutako baratzeak. Horiek ari baitira saiatzen gure sistema ekonomikoa birtokiratzen [re-localize ingelesez], petrolioaren gailurrari, klimaren aldaketari eta finantzen hondamendiari erantzuteko”. Ibiltariek topo egingo dute oinarrizko errenta unibertsalaren aldeko ekitaldiekin eta laborariz bezala kaletarrez osatutako kontsumo taldeen sorrerarekin.

Bidean landatuko dituzte Tolpuddleko Martiriei beren bileretan geriza eskaini zien platano (Platanus occidentalis) zaharraren kimuak.. “Horiek deitzen ditugu ‘antolaketa-zuhaitzak’. Irudikatzen dute aire librean elkartzeko daukagun beharra, antzina Gernikako Arbola [jatorrizkoan testuan euskaraz dator] lekuko politikarako zena edo berrikiago hondamendiaren osteko Argentinan auzuneetako batzarrak”.

Birtokiratzearen ikur txiki gisa, erromesek lekuko garagardoa edango dute, XIX. mendeko formula batez “mikro-garagardogile” batek egina Martirien omenez Australiako lupulua ere erabiliz. Australiara bidali baitzituzten preso sei luginak 1834 hartan.

Herri ondasunen lapurren morroi

1834ko otsailaren 24 goizean etxetik irten zen George Loveless, eta ez zen itzuliko hiru urte beranduago arte. Georgen ondoren, klandestinitatean lan egitea elkarri zin egina ziotela leporatuta, atxilotu zituzten haren anaia James eta beste lau gehiago, sei denetara. Haien benetako krimena zen baserrietako obreroen sindikatuaren zelula bat antolatu izana, lurjabe handiek ordaintzen zuten jornal miseriazkoa handitzen ahalegintzeko.

Ingalaterrako lurjabe handiak urduri zebiltzan laborari txiroen mugimenduen beldur. Frantziako iraultza liskartsua zeukaten oroimenean. Ingalaterran bertan XIX. mende hasieran baserritar matxinoek behin eta berriro erreak zituzten ugazabek uzta merkeago egitearren erositako makina berriak Swing Rebellions deituetan. 500 kondenatu zituzten itsasoaz haraindiko presondegietara, 19 urkatu.

Istorio honen testuingurua ulertzeko jakin behar da aurreko mendeetan aristokrazia ingelesak burututako lapurreta handiarekin lotuta zegoela. Enclosure deitu zitzaioin lapurretari, hesitzea. Geroxeago Espainian Desamortización delakoarekin terratenienteek egingo zuten gauza bera. Baserritar txikiak ez zirelakoan kapaz lurrari behar bezala etekina ateratzeko eta agintariek erabaki zuten herri-lurrak oro saltzea, soro, larre eta baso. Haiek ganaduen bazkarako bezala egurretarako betidanik erabiltzen zituzten nekazari txikiak miseriara kondenatu zituzten, milaka asko behartu hirietako proletargoan murgiltzera, lurjabe handiak makinak sartzen hasi lurgintzan, gaur Ingalaterrak –Espainiak bezala– daukan jabego kontzentrazio handia eragin.

Ezinegona zegoen Dorset eskualdean ere. Herriko jauntxoaren belarrietara iritsia zen platano handi baten gerizpean biltzen zirela. Irudi zaharretan ageri dira sei gizonak zuhaitzaren inguruan solasean eta beste bat enborraren atzetik espioi lanean zelatan jarria. XVIII. mendetik sedizioa eta konspirazioa debekatzen zituzten lege bat baliatuz atxilotu zituzen, Australiako presondegi batera bidaltzeko.

Sei klandestinoak epaitu zituen epaimahaiak lehendakari zeukan epailez gain baroi lurjabe zen Williams bat. Argi utzi zuen errudunak zigortzea bezain inportantea izango zela bazterrak inarrosiko zituen eskarmentua ezartzea. Australian zazpi urtez lan behartuetan preso egotera kondenatu zituzten.

500 kondenatuz goiti zeramatzaten itsasontzi beldurgarriak, presondegietako tratua gaiztoak, gaixotasunak... pixkanaka iritsi ziren haien albisteak Ingalaterrara. Sindikatuek erreakzionatu zuten jende bilketa handiekin.

Kronikek diote Londresko elkarretaratze batean 100.000 jende bildu zela, haiek zaintzeko gobernuak bidalirik 5.000 polizia eta militar. Sei martirientzako barkamena eskatuz 800.000 sinadura ere bildu zituzten. Hiru urteren buruan lortu zuten haiek etxeratzea. Sei laborariek jarraitu zuten eskubide zibil eta sindikalen aldeko borrokan. Jauntxoek ez zituzten bakean laga. Bat ez beste guztiek herritik alde egin behar izan zuten.

Toldpuddlen urte luzez hitzaldi politikoak esan izan dira. Azken urteotan hiru eguneko jaialdi bihurtu dute. Ingalaterrako ezker politikoaren eta sindikalismoaren pultsua markatzen du hein batean. Aurten trantsizioaren aldeko mugimenduak dakarren indar berria txertatuko diote. Baionan maiatzaren 1ean bezalatsu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sindikalgintza
Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: "Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara"

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


50.000 afiliatuko langa gainditu du LABek, mende erdia bete berri

Langileen aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunera eraman, eta aldaketa soziopolitikoa lortzeko "eragile aktibo" izanen dela nabarmendu du LABek 50. urteurreneko ospakizunean.


Soldaten emendioa aldarrikatzeko greba eguna burutu dute Ipar Euskal Herriko sektore publikoan

500 lagun batu dira Baionan buruturiko manifestazioan. Sektore publikorako erreformarekin Frantziako Gobernuak sektore pribatuko logika funtzionarioen baitan txertatu nahia salatzeko mobilizazioa ere izan da.


EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Eguneraketa berriak daude