argia.eus
INPRIMATU
Feminismo puritanoa

Rosa Maria Martin Sabaris 2014ko maiatzaren 07a

Jaio ginen mundura. Koloreen izenak ikasi baino lehen jantzi gintuzten arrosaz, eta ibiltzen ikasi aurretik panpina bat genuen besoetan. Etxean babestuta, haurtzaro goxoa, epela, inozoa gurea. “Nerabeentzako literaturak” munduaren bestaldera eraman gintuen. Emakumetxoak eta Bostak irakurri genituen, eta bietan aginduak eta emakumezkoen betebeharrak gorroto zituzten neska mutirituak miretsi genituen: Jo March eta Kirrin irlako George eredu bilakatu zitzaizkigun askori, hain ziren “beste gu”...

Gaztetan azterketa politikoa eta ideologikoa etorri zen. Mundua gizonezkoek eraikia zela irakatsi ziguten, eta 15 urte bete genituenean, soineko luze zuria jantzi beharrean, kalera atera ginen, gorputza gurea zela aldarrikatzera. Feminismoak ordura arte bizi izandako guztia argitu zigun, “pertsonala politikoa dela” ikasi genuen. Gutako bakoitzaren eguneroko jardunak alda zezakeen etorkizuna. Lepo xumeentzako ardura handiegia: ordura arte agindutakoaren aurka matxinatu ginen.

Arautegi berria inposatu genion gure buruari. Moreak arrosa kolorea ordezkatu zuen. Begietan marra beltza bagenuen baimenduta, baina ezpainak edo azazkalak gorriz margotzea debekatuta zegoen, gizonezkoen desioetara makurtzea zen. Levis bakeroen garaian, gona eramaten genuen, baina luze-luzea eta zabal-zabala; arropa estuak edo gona laburrak kontzientzia nahikoa ez izatea eta matxismoaren menpe bizitzea adierazten zuten. Takoi luze eta finen gainean ipurdia mugitzen zuen emakumea gizonen desioen esklabotzat hartu genuen.

Dena politikoa, dena aldagarria eta iraulgarria. Sexu-askatasunaren alde.
Alabak eta semeak ekarri genituen mundura. Orduan etorri zen lehen ustekabea: heziketa ez-sexistak gizon eta emakume berriak eta askeak ekarriko zituenean, gure mutiko txikiak edozein gauza mailu bihurtzen zuen, eta gure neskatilak dena panpina. Berdintasunaren feminismoa eta desberdintasunaren feminismoa uztartzeko orekaren bila abiatu ginenerako etorri zen hurrengo ezustea: “Ama, uste duzu horrela sexy nagoela?”. Aho-zabalik geratu ginen: “Sexy? Nola sexy? Zer da sexy?”. Sexu-askatasuna eta sexismoa bai, baita sexua bera ere, baina sexy?

Eta une hartan konturatu ginen ederrak eta xarmantak izateko baimena genuela, baina ez sexyak izateko beste askatasuna. Gu beste ur batzuetan ibilitakoak ginen, ur handitan, eta ez ginen horrelako arinkeriekin txolinduko.