Militantziaz, ofiziokoa bezain profesionala

  • Antzerki amateurraz hitz egiterakoan, berehala agertzen da galdera, zer da amateurra? Profesional ez den guztia? Enpresa egitura ez duten edota hortik bizi ez diren antzerki taldeak? Definitzen zaila den arren, hainbat antzerki talde ari da lanean eremu honetan, baina horrek ez du kalitate ezarekin ikustekorik inolaz ere. Batzuk zaletu porrokatuak dira, besteek lehen kontaktua besterik ez dute izan oraino. Batetik bestera alde handia dagoen arren, funtsean bat egiten dute denek: antzerkia dute maite.

Gilkitxaro taldea
Gilkitxaro taldea.

Gilkitxaro taldeko Ane Zabalak hogei urte daramatza lanean antzerkigintzan. Beregana jo dugunean, galdera berehala etorri da: Profesionala ez den guztia da amateurra? Profesionala enpresa da? Gilkitxaro enpresa ez den arren, bada profesionala baina baita amateurra ere. “Etiketetan galtzea erraza da, arriskutsua ere bada” dio aktoreak.

Gilkitxarok 1993an ekin zion bideari. “Garai horietan gazte koadrila batek osatzen genuen taldea. Helburu nagusia antzerkia egitea zen, euskara hutsez beti, antzerkiaz gozatzea, antzerkian ikasiz jolastea. Antzezlanak dibertitzeko sortuak baitziren, agian amateur gisa ikusten genuen geure burua” dio Zabalak. Urteek aurrera egin ahala, antzerki eta bestelako arte ikasketak egin zituzten heinean Gilkitxaroren ibilbidea bera ere sendotzen joan zen.

1998an EATAE (Euskal Talde Antzerki Amateurren elkartea) sortu zuten hainbat taldek, “gure artean ikusten genituen gabeziei aurre egiteko”. Baina urteen poderioz, elkarteak indarra galdu zuen, “eta hor dago geldi. Ez gara luzaroan elkartu. Bitartean, EHAZE (Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartea) sortu da eta denak gaude hor”. Mundu horretan hogei urte eman arren, egun beste lanbide batek ematen dio aktore honi beharrezko sustengu ekonomikoa. Hala ere, Gilkitxaro taldeak era profesionalean egiten du lan, eta publiko harrera ona du.

Horregatik, amateurrak kalitate ezarekin zerikusirik ez duela dio aktoreak. “Hitz horren atzean denetariko taldeak egon daitezke, herri antzerkia, ikastetxeari loturiko taldeak, zirkuitu ez-ofizialetan dabiltzan taldeak, antzerkitik bizi gabe ere profesionaltzat har litezkeen proiektuak, antzezpenetatik bizi diren antzerkigileek sortzen dituzten proiektu txikiagoak... Kalitatez eginiko lanak izan daitezke denak. Gainera, amateur etiketak badauka zentzu gutxiesgarria batzuetan, eta hori benetan arriskutsua da” diosku Gilkitxaro taldeko kideak.
Zaila da antzerki amateurra eta profesionalaren artean bereiztea, askotan zenbaki fiskalak ala enpresa egitura izateak bereizten ditu antzerki talde amateurrak eta profesionalak. “Duda barik zaila da taldeak etiketa baten atzean jartzea. Sektoreak izan duen ibilbidean bilatu daiteke horren erantzuna, talde asko hasi eta sektorean parte hartzen hasten zarenean enpresa bilakatu behar horrek agian egiten zaitu profesional. Eta aldi berean ere, enpresa munduak itotzen du antzerkia. Sormena eta ekoizpena oso gauza ezberdinak dira. Gu sortzaileak gara, ez ekoizleak. Pentsatu nahi dut Euskal Herrian antzerki pirata ere existitzen dela, arte eszenikoen munduan nabigatzen duten sortzaileak, bere kabuz abenturatan sartu eta antzerkia bizi dutenak” dio aktore honek.

Hala ere, amateur estatusak elitismo kutsua ken diezaioke antzerkiari, edozeinen esku dago antzerkian murgiltzea, nolabait esateko. Amateur izaerak herrikoitu egiten du antzerkia. Ane Zabalaren ustez, “antzerkia edozeinentzat da, ez da arte elitista. Zirkuitu ez ofizialetan egiten den antzerkia poltsikorako askoz eskuragarriagoa izaten da, hori baino ez da. BEZaren igoerak antzokietako sarrerak garestitu ditu Hego Euskal Herrian, baina berez ekintza bera izan daiteke antzoki ofizialetan edo taberna zuloan izan. Niretzat dena da antzerkia, ikusten duenarentzat bezala baita egiten duenarentzat ere. Denek dute istorio bat kontatzeko helburua, eta horrek du garrantzia”.

Publikoarengana hurbildu

Bizkaitik Gipuzkoara jo eta Aldatzen Laguntzen antzerki taldea aurkitu dugu, Ion Martinezek eta Saioa Royok osatzen duten konpainia. Antzerkizaletasunak bultzatuta, 2002an Ion Martinez Txiki bakarrizketak egiten hasi zen taberna eta areto txikietan, eta 2008an Aldatzen Laguntzen antzerki taldea sortu zuen Jorge Oteizaren inguruko bakarrizketarekin.

2011n, Ispilua antzezlana idatzi, zuzendu eta antzeztu zuen, Saioa Royorekin batera, eta lan honekin 50etik gora emanaldi egin dituzte, egundoko marka da antzerki talde amateurra baita. Ispiluaren arrakasta eta publikoaren harrera ona aprobetxatuz, antzezlan berri bat estreinatu berri dute oraintsu, Amets Zirkoa Salgai, klownetik asko duena. “Gaur egun bizi dugun egoera zirkora eraman nahi izan dugu. Azken finean, zirkoa beti dago krisian, baldintzan gogorretan lan egin behar baita. Lan baldintza prekarioak islatu nahi izan ditugu umore absurdoz, bukaera dramatikoa duela, egunero kalean ikusten diren drametan bezalaxe. Niri ez zait teatro erosoa gustatzen”, azaldu digu Martinezek.

Taupaka sortzaileen plataformako kide da Aldatzen Laguntzen antzerki taldea, “baldintza duinetan lan egiten laguntzen digute”, arrazoitu du Martinezek, Aldatzen Laguntzen konpainiak ez baitu enpresa egiturarik eta Taupakaren bidez, “kontratazio legala egin behar denean, Taupakaren zenbaki fiskalaz egiten dugu lan”. Aldatzen Laguntzen ez profesionaltzat dute kideek, “beste lanbide batzuetan aritzen garelako. Hala ere, lan duinak egiten ditugula esan dezaket”.

Bestelako zirkuituak baliatzen ditu Aldatzen Laguntzen taldeak. Hala, antzerkia kalera, tabernetara, gaztetxeetara edo publikoa dagoen tokira eramaten dute. “Ez dugu tokirik antzoki handietan, horrek bestelako ekoizpen handia eskatzen baitu, baina antzerki amateurrean ere, egiten diren lanak askotan oso txukunak dira, beldurrik gabe programatu daitezkeenak antzoki horietan. Izenik ez baduzu baina, zaila da zirkuitu ofizialetan lan egitea. Nolanahi ere, gure erronka Euskal Herritik barna ibiltzea da, eta gure ekarpena hor dagoela erakustea”.
Gasteizen Kuku Bazar antzerki taldeko lagunak aurkitu ditugu. Kuku Bazar 1998an sortu zen, antzerki ikastaro baten ostean. “Talde ona egin genuen eta kide batzuek erabaki genuen antzerkian jarraitzea”, azaldu digu Marta Lopezek. Txubio Fernandez de Jauregi (Monstrenko Kolektiboko kidea) eta Plum Marchand-en eskutik eman zituzten lehen pausoak antzerkigintzan, eta urte pare batez lagunduta egon eta gero, Kuku Bazar taldeak bakarrik ekin zion bideari.

“Hasieratik sormen kolektiboan oinarritu izan dugu antzezlanak. Era guztietakoak izan dira, bai aretokoak, bai kalekoak. Klownak, antzerki fisikoak, narrazioak, poesiak eta performanceak garrantzi handia izan dute” azaldu digu Lopezek. 2013tik Eolo antzezlanean murgilduta daude Kuku Bazarreko kideak. “Mugimendua, irudiak, poesiak eta gure antzinekoen kontakizunak garrantzi handikoak dira antzezlan honetan”. Lopezek azaldu digunez, “guda bezalako gai gogorra desdramatizatzen da, ikuspuntu femenimo batetik. Sormen kolektiboko lana egiten dugula, horixe da gure ezaugarririk nabariena”. Gasteizko Udalak utzitako espazioan egiten dute lan.

Kuku Bazar antzerki taldea, elkarte kulturala da izatez. “Hasieran erosoa zen egoera, baina apurka zalantzak sortu ziren. Azkenean, egoera fiskalak agintzen du amateur zaren edo ez. Abantaila badu: oso formula erraza dela antzerkia egiten jarraitzeko. Desabantailarik handiena, berriz, sareetan sartzeko orduan erabat mugatzen zaituela”, nabarmendu du Lopezek.

“Gure taldean batzuek antzerkia dute ogibide. Kuku Bazar taldean zenbait lan egiten dituzte, baina beste muntaketetan ere parte hartzen dute. Beraz, esan dezakegu guk ez dugula gure burua amateur ikusten, nahiz eta egoera fiskalak hala dioen. Lan prozesuan gauza bera da amateurra eta profesionala. Kalitate handiko antzerkia egiteko ardura sentitzen dugu. Aldea saltzerakoan dago, orduan nabari duzu amateur sarean gaudela”.

Ipar Euskal Herriko antzerki bizia

Ipar Euskal Herrian, amateurrak esanahi berezia du. Askotan tradizioari oso lotua baina, era berean, sona handiko antzerki talde amateurrak daude, besteak beste, Amikuzeko Kitzikazank, Mattin Irigoienek sortua, edo Hiru Punttu taldea, Antton Lukuk sortua eta egun desagertuta.

Ander Lipusek zuzendutako Iduzkilore taldeak, Larrartean baserrian egiten ditu errepikak. Telesforo Monzonek idatzitako Hazparneko Anderea ari dira lantzen, urrian estreinatuko dute. “Iparraldean antzerki amateurrak indar handia zuen garai batean, orain ez hainbestekoa nire ustez, baina asko egiten da hala ere” azaldu digu Lipusek. Pierres Lartzabal, Telesforo Monzon eta Daniel Landart antzerkigileen lanak taularatu izan dituzte taldeok. “Errepertorioa badago”, Lipusek dioenez.

“Pastoralak eta maskaradak erabat amateurrak dira, erritual batetik sortuak baina aktoreak ez diren pertsonek egiten duten antzerkia da”, jarraitu du Lipusek. “Iparraldea teatroaren bihotza da. Gure taldean bada 80 urteko agurea eta 20 urteko gaztea. Antzerki zaletasun handia dago”.

Iduzkilore taldea 2010ean sortu zen, Senpereko Lapurdi 1609 elkarteak bultzaturik, Bernadette Lurok aipatu digunez. Hamabi aktore amateur bildu ziren, gipuzkoarrak, baxenafarrak eta lapurtarrak artean, baina eskualdean bizi direnak, eta taldeari izena eman dion antzezlana ondu zuten (Lapurdin 1609an gertatutakoa kontatu zuten). Bigarren obra bat lantzen hasi dira orain, Telesforo Monzonen Hazparneko Anderea antzezlan klasikoa. Bernadette Lurok ez du zalantzarik, “talde amateurra dugu osatzen. Gure taldeko helburu nagusietako bat, euskararen transmisioan aktore izatea da. Gure plazererako arituz, antzerkia landuz, publikoari ezaugarri kultural batzuk proposatzea, Euskal Herri osoan dugun ondare historikoa ezagutaraziz”.

Herrian herrirako

Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldea Biba Zorrixen Izurritie! ari da taularatzen, Joseba Sarrionandiaren Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako ipuin-sortak inspiratutako antzezlana da, eta oso kritika onak jaso ditu. “Espero baino txalo gehiago izan ditugu” diosku Luis Egurrolak. “Plazer bat izan da, herriz herri joatea eta inoiz baino herri gehiagotara joan gara antzeztera”.
Baina Abarka antzerki taldeak Markina-Xemeinen egiten du lan batez ere: bertatik bertarako. “Bertan estreinatzen ditugu obra luze guztiak eta herriko ekimen askotan parte hartzen dugu: Gure esku flash mob-ean, nagusien erresidentzian gabonetan performance txiki bat eginez, herriko jaietan, adimen urritasuna duten pertsonez osatutako elkartean…”azaldu digu Abarkako kideak.

Obra luze gehienak Ander Lipusen zuzendaritzapean egiten dituzte, hura ere taldeko kide baita.

Durangoko Karrika antzerki taldea duela hamabost bat urte sortu zen. Egun hiru montaje dituzte martxan: Lurra Astinduz, Inungane Sustraiak Airean eta Izarrak Marrazten.

Hogei bat aktorek hartzen dute parte Lurra Astinduz antzezlanean, ohiko antzerki profesionaletan zaila da horrenbeste antzezle taula gainean ikustea. “Amateurra ez dago merkatuaren menpe, eta ez du diruarekiko inolako morrontzarik. Halako askatasuna dugu horrelako proiektuetan sartzeko. Azken urteetan, horrelako ekoizpenak gutxi dira ohiko antzerkigintzan, beste behar batzuen mesedetan, baina egia da, amateur garenok antzerki talde jendetsua osatzen dugu eta gure esku geratu da horrelako antezlanak egiteko aukera. Kostuak merkatze aldera egin du antzerkigintza profesionalak. Hala ere, ez da erreza halako kolektibo handia antolatzea edota zuzentzea, baina guk urteetako dinamika dugu gure alde”.

Karrikak Durangoko antzokian du egoitza, eta ikuskizunak ez ezik, ikastaroak ere antolatzen dituzte. “Arte eszenikoen militanteak gara” dio zuzendariak.

“Batzuetan, oso ondo jokatzen duten aktoreak ikusten ahal dira oholtza gainean, antzerki amateurrean. Aldiz, profesionalen artean antzezpen joko eskasa dutenak ere ikusten dira”, nabarmendu du Lipusek. “Ofizio honetakoa sentitu izan naiz beti, ez dakit hori profesionala izatea den. Nire bizitzako ordu guztiak antzerkiari emanak dira, eta hor dago koska, zeri dedikatzen diozun zure denbora eta zein den zure ofizioa”.

Mattin Irigoien
“Tradizioa bada amateurrean, baina horren gibeleko asmoak ezin dira denak zaku berean sartu”

Noiz eta nola sortu zen Kitzikazank, zuk zuzentzen duzun antzerki taldea?

2005ean bildu ginen, hiruzpalau gaztek aireratu emeia baten haritik. Inguruko gazte batzuk gomitatzea erran nien eta horrela hasi ginen biltzen. Ondoko urteetan gela-antzerkirako bi lan sortu genituen. Lehena Gaztetasunak erabiltzen nau, aski klasikoa forman. Bigarrena Loreak mendian, hondarkinak lurpean eta bideak gainean, publikoaren erdian ematen zen, bertsolariek komentaturik artetik. Bi esperientzia horiekin ibili ginen han-hemenka, memento gozoak biziz publikoarekin, berdin antolatzaileekin edo taldean bertan.

2009an, aldiz, Libertimendua antolatzea deliberatu genuen, eta geroztik urtez urte muntatu dugu, azken otsailekoa seigarrena dugularik jada. Erran nahi du, emanaldi bakar bat dela ihauteriz, Donapaleun, eta bertan biltzen direnekin. Donibane Garazin berpiztua zuten moldea, eta egia erran, arras gustukoa nuen molde hori, maizegi, gure zangotraba guziekin eredua desitxuratzen lagundu badut ere, baina oro har gure egoera, gure ahalak eta ematen dituen potentzialtasuna ikusiz, gaur egun egin dezakegun gauza interesgarriena dirudi.

Antzerkizaletasunak bultzatuta?

Antzerkizaletasuna bada beti. Antzerkiak, bertsoak, dantzak moldeak ematen ditu, eta hor norberak bere jaiduren arabera berea aurki eta berez sortu dezake. Gure historia laburrean, Amikuze aldeko 35 bat gaztek parte hartu dute behin edo gehiagotan esperientzia honetan. Gaurko gure erronka gutienez bi sailetan ikusten dut. Libertimenduaren ereduan barneratzea daiteke lehena. Bertso eskola sortzen ari da eremuan, beharrezkoa da. Dantzarien ala zirtzilen karguaren partetik, badugu nahiko bide egiteko ere. Bigarrena, taldearen zuzendaritza partekatzean datza, edo transmisioa dei daiteke ere, edo kolektiboki pentsatzea nola transmititu sortzeko grina, nahi baduzu. Azkenik gela-antzerkia egitea beti da aukera, baina bi gauza beharko ditu: multzo bat lan horretan sartzeko prest izatea batetik, eta “zerbait erraiteko” delako txinparta hori bestetik, agertu puntutik ekintza burutu arte ezin baizara bakean bizi.

Antzerki amateurrak tradizio handia du Ipar Euskal Herrian, zergatik?

Tradizioa bada, baina horren gibelean diren asmoak ez dira denak zaku berean ezartzen ahal. Elizak, jendarte euskalduna baliatu zuen aro modernoak ekartzen zituen molde “lizunetaz” babesteko, eliz “harresia” eraikitzeko, gaur berriz modan jarri den hitz bat baliatzearren, eta “patronnage” antzerkia anitz garatua izan da joan den mendean, gazte belaunaldien gainean erabateko kontrola atxikitzeko. Denbora berean hezkuntza bat izan da, eta dena ez baitoa beti berak uste duen bidetik, hau edo horren onura azpimarra daiteke, baina funtsean asmoa hori zen. Geroztik mundu abertzaleak ere tentazio berdina du bere eskuko kultur jarduna desiratuz. Gaurko apezak ere badira, milaka aurpegi izan dezazketenak borreroen gisa. Baina jendarteari edo gure buruei zor diogun antzerkia, harresiak eraikitzeko baino, hausteko da.

Bestalde, gaurko testuingurua diglosia bortitza da. Menpekotasun kulturala hain handia da, non ia ez den ikusten ere, normalizatua delakotz. Ikustekoa da nola, antzerki errepika geletan, bizitzako gai askori buruzko izpiritu kritikoaren xorroxten pasatzen ditugun orenak. Euskal artedrama bultzatu nahi baduzu, hautu zorrotzak egitea dagokizu, egunerokoan egiten ez dituzunak agian, euskara hutsez pentsatu, eraiki eta plazaratzea minimoa dela dakusazu. Hortik begirada aski dekalatua “normari” buruz, eta ene gustuko Libertimenduak horrela du bere leku osoa biltzen, gaurko egoera eta desafioei erantzun egokia ekartzeko gai izan baitaiteke.

Herri antzerki gisa uler daiteke antzerki amateurra? Antzerkiak duen kutsu elitista deuseztatzen du? Herritik herrirako egiten den antzerkia da? Herria aktibatzen du?

Diskurtso tranpatsua gureganatua dugu. Kulturaren inguruko diskurtso guzia kanpotik begiratzen gaituzten, diglosia egoeran mantentzen, minorizatuak gaituztenena da. Haien bikote antinomikoen arabera begiratzen diogu gureari: amateur vs profesional, herri (ulertu popular edo probintzia) vs kultu edo elitista (ulertu moderno, hiritar, unibertsal), euskara huts (ulertu erradikal) vs elebi (ulertu frantsesez pentsatua).

Politena tradizio vs sorkuntza iduritzen zait. Ironiaz hartu daiteke, baina gauden egoeran zinikoa da. Adibideak ditugu nahinon. Azken denboretan, dantza mundua borroka faltsu horretan dabila ihaloska, eta jendea pilaka biltzen da ikusgarri horietara. Balore positiboak daude, eta ondorioz negatiboak. Gaurko kultur emaitza prisma horietarik ebalua ezazu, eta honek derrigor frantsesezko euskal kultura batera zaramatza, edo modako efektu baten gainean finkatu euskal ergelkeria batera.

Gurea besteen begiz ikusten dugu, eta nolaz ez, garrantzitsua zena gurean, gutiesten dugu: transmisioa, hizkuntza, komunitatea, plaza hartzea (res publica), karguak eta begirada kritikoa...

Honetan barnatzeko, gaur agertu berri, tresna bat badugu, Antton Lukuren Libertitzeaz saiakera. Bera, gako zonbait argitzera saiatu da. Hortik abiatuz, “gure” begirada landu ahal genezake, eta izan daiteke debate eta bilaketa barnatzeko hari asko. Debatea edo konfliktoa ezabatzera usatua den jendarte batentzat bide hau nekea da, baina gure artedramaren harra barnean dugunek hortik jarraitzea merezi duela uste dut.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


Xabin Fernandez eta Intza Alkain. 'Kanpora sartzen' antzezlana
"Zuen bizitzan lehen aldiz, herrian ikusiko duzue GIBa"

2013an, medikuaren telefono deia jaso zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, Gipuzkoa, 1985). Diagnostiko garbia eman zioten: GIBa. “Seropositiboa zara”. Bizitzak 360 graduko buelta eman zion orduan. Mamuak agertu zitzaizkion: beldurra, amorrua eta lotsa, besteak beste... [+]


Eguneraketa berriak daude