argia.eus
INPRIMATU
Udaletan euskara erabiltzeko planak hizpide Udaltop Soziolinguistika jardunaldietan

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2014ko apirilaren 30

Aurten bat egin dute udaletako Euskara Zerbitzuek eta Soziolinguistika Klusterrak, eta elkarrekin antolatu dituzte Udaltop Soziolinguistika Jardunaldiak. Maiatzaren 15 eta 16an egingo dira Gipuzkoako Lasarte-Orian.

Euskara erabiltzeko planak: elkarrekin berritzen izenburua ipini diete jardunaldiei eta udalei begira jarriko dira. Euskara planak garatzeko oinarriei buruz arituko dira Iñaki Martinez de Luna, Nekane Goikoetxea eta Juanjo Arrospide.

Ondoren, dagoeneko urte batzuk lanean ari den Eralan3ko interbentzioak eta emaitzak azalduko dituzte. Eibarko eta Lasarte-Oriako udaletan arduradun politikoak linguistikoki ahalmentzeko edabe magikoaren bila dabiltzala kontatuko dute, adibidez. Bermeo, Portugalete eta Zumaiako esperientziak ere entzungai izango dira. 16an, Eusko Jaurlaritzaren Erabilera Planaren V. Plangintzaldia zertan den entzuteko aukera izango da.