MUNDUAN gehienek goraipatu ohi dute Ipar Irlandako bake prozesua, bai han bertan eta baita atzerrian ere. Mundu errepublikarrean eta unionistan badira harekin desadostasunak dituzten taldeak, baina oso txikiak eta bazterrekoak dira. Oro har, alabaina, Stormonten elkarrekin gobernatzen duten DUP eta Sinn Feinetik hasi eta gizarteko gainerako talde politiko eta sozial gehienetara, prozesua hobesten dute. Herritar arruntentzat iraganeko kontua da ia, eta gazteenentzat historia. Nazioarteko gatazka konponbidearen esparruan prozesu eredugarritzat saltzen da. Euskal Herritik ere asko hurbildu dira hara azken 15 urteetan, abertzale eta ez abertzale, eta laudorioak ekarri dira beti besapean, hori bai, hura eta hau desberdinak direla argi azpimarratuta.

Hala da, jakina, eta beste ezaugarri desberdin askoren artean, han bake prozesua etsaien artean adostuta egin zen eta hemen aldebakarrekoa da. Baina balore eta kontzeptu antzerakoen gainean egin behar da dantzan han eta hemen: memoria jorratu behar da eta bizikidetza ere bai, esaterako.

Etengabe ikusten da memoria Ipar Irlandako kaleetako txangoetan, auzo unionista edo errepublikar bateko paretetan, Belfasteko udaletxeko kuadro eta oroigarrietan edo Derryko Bloody Sunday Museoan, besteak beste. Aste Santuan Irlandako iparraldean egindako egonaldian, Sinn Feinek Derryn antolatutako Pazko Altxamenduaren martxa ikusteko aukera ere izan nuen –Irlandako askatasunaren bidean hildako guztiak omentzen dituzte–, duela 19 urte bezala. Oroimena eta borrokaren diskurtsoa izan zen 1995eko hura, oroimena eta elkarbizitzaren diskurtsoa oraingoa. 1920an independentzia gerran hildakoak omentzen zituzten, baina hilerrira zeramatzaten argazkien artean IRAko dozenaka hildako ere baziren. Ez zen segurtasun indarren presentzia agerikorik martxaren inguruan, hurrengo egunean Erresuma Batuko Gobernuaren ordezkariak ez zuen salaketarik jarri inoren aurka, hedabideetan albisteak bere espazioa zuen –ez handi ez txiki– eta listo.

Pazko Altxamenduko egunari begira, Sinn Feineko bozeramaile Declan Kearney-k argi adierazi zuen memoria egiten ari zirela, baina onartzen zuela hainbat memoria zirela eta elkarren arteko bizikidetza jorratu behar dela. Besteak beste, hori bideratzera joan ziren apirilaren 8an Martin MacGuinness Stormonteko lehen ministro-ordea eta Mairtin O’Muilleor Belfasteko alkatea –biak Sinn Feinekoak– Windsorreko Jauregira, Isabel II.a erreginak gonbidatutako estatu afari ospetsura. Irlandako Errepublikako lehendakari batek Erresuma Batura egiten zuen lehen bisita ofizialaren ohorez egindako afaria zen. Sona handiko afaria, diplomaziak bereziki zaindu behar duen horietakoa.

Komunikabide askok argi azpimarratu zuten MacGuinness han izan zela; 1979an IRAk Isabel II. erreginaren osaba hil zuenean erakunde hartako buruzagitzakoa zen MacGuinness hura han egon zela. Eta erreginak eta hark eskua luzatu ziotela elkarri.

Afariaren harira, Sinn Feineko lehendakari Gerry Adamsek azaldu zuen Irlanda eta Erresuma Batuko harreman berrien testuinguruan kokatzen dela MacGuinnessen bisitaldia. Eta, beste hainbat ideien artean, zera azpimarratu zuen: “Orain bada Batasunaren amaiera eta zatiketaren aurka borrokatzeko modu baketsua”.

Ez dakit errepublikar eta unionisten arteko, edo irlandar eta britainiarren arteko memoria konpartiturik ba ote dagoen, baina oro har, alde bakoitzak berea egiten du eta, kasurik onenean, jorratze horretan zer errepikatu beharko ez litzatekeen azpimarratzen dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irlanda iparraldea
Udal hauteskundeak aise irabazi ondoren, Sinn Feinek Stormont desblokeatzea eskatzen du

Sinn Feinek lehen aldiz irabazi ditu Ipar Irlandako udal hauteskundeak, eta 462 zinegotzietatik 144 eskuratu ditu, duela lau urte baino 39 gehiago. Alderdi errepublikarraren ustez, horrek balio beharko luke unionismoak blokeatzen duen Stormonteko Legebiltzarra berriz... [+]


2023-04-23 | Axier Lopez
Justizia bidean?

Mende laurdena bete du Ipar Irlandako Ostiral Santuko Hitzarmenak, gatazka armatuen konponbiderako erreferenteetako bat bilakatu dena munduan. 1998ko akordioaren helburu nagusia biolentziari amaiera jartzea zen. Indarkeria izugarri apaldu da, baina ez da desagertu. Berbarako,... [+]


2023-03-01 | Leire Artola Arin
Londres eta Bruselaren arteko akordioa
Ipar Irlandako Parlamentua desblokeatuko al dute unionistek ia urtebeteren ondoren?

Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak... [+]


Irlandera, hizkuntza ofiziala estreinakoz Ipar Irlandan

2022ko abenduaren 6an Ipar Irlandako mugimendu errepublikanoaren aldarrikapen historikoetako bat gauzatu zen: data horretatik aurrera, Irlandako berezko hizkuntza ofiziala da, lehenbizikoz, Ipar Irlandako sei konderrietan.


Eguneraketa berriak daude