• Bilbotarra, kazetaria ofizioz, sei urte daramatza EKAn, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolakundean (berez EAE dute jardun eremua), komunikazio arduradun. Merkataritzan eta zerbitzu enpresa handietan kontsumitzaileoi emandako arretan euskarak duen lekuaz jardun dugu harekin. EKAk jasotzen duen kexa oldearen barruan hizkuntzarekikoak hutsaren hurrengoa dira, baina badute kezkarik gaiaz. Baita EAEk arlo horretan duen legedi antzuaz ere.

"1985ean NBEk kontsumitzaileen zerrenda ofiziala ezarri zuen, baina zerrenda horretan ez dira hizkuntz eskubideak aipatzen".

Kontsumitzaileen kexak jasotzea da zuen lanetako bat. Asko iristen zaizkizue, baina arreta euskaraz ez jasotzeagatik oso gutxi...

Hutsaren hurrengoa. Gure ustez, euskaldun batentzat saltoki batean arreta euskaraz ez jasotzea, kontsumitzailea izateagatik dituen eskubideen aurkako erasoa baino, hizkuntz eskubideen aurkako erasoa da. Beraz, kexa horiek Behatokiari edo Kontseiluari heltzen zaizkie. Nik ez dut daturik, baina badakit urtero salaketa asko jasotzen dutela.

[Elkarrizketa hau egin ostean, hizkuntz eskubideak bermatzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren Elebide zerbitzuak 2013an jasotako erreklamazioen berri eman zuen. 304 kexa jaso zituzten; ia laurden bat interes orokorreko zerbitzuetan, merkataritza-guneetan eta aseguru-etxeetan euskara erabili ezinagatik].

Oso kontziente gara kontsumitzaile modura dauzkagun eskubideez, baina askotan badirudi hizkuntz eskubideak ez daudela horien barruan.

John Fitzgerald Kennedy izan zen kontsumitzaileen eskubideez mintzatu zen lehena. Oso esaldi famatua bota zuen 1962an, AEBetako Kongresuaren aurrean: “Kontsumitzaile kontzeptuak guztiok hartzen gaitu, kontsumitzaileok merkatuko talde ekonomikorik garrantzitsuena gara, erabaki ekonomiko publiko zein pribatu guztiek eragina dute guregan eta guk ere eragina dugu ekonomian. Hala izanda ere, kontsumitzaileen ikuspuntuak, eskaerak... ez dira kontuan hartzen”. Eta oinarrizko lauzpabost eskubide aipatu zituen. Geroago, 1985ean, NBEren Batzar Orokorrak kontsumitzaileen zerrenda ofiziala ezarri zuen. Baina zerrenda horretan ez dira hizkuntza eskubideak aipatzen.

Handik eratorri diren legedietan ere ez, hortaz?

EAEn Euskal Kontsumitzaileen Estatutua daukagu, 1981ean onartua, eta 1984ko espainiar legea. Baina merkataritzan euskararen erabilpena bultzatzeko lehenengo saiakera serioa Ibarretxeren Jaurlaritzak egin zuen 2008an, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntz Eskubideei buruzko Dekretua promulgatu zuenean. Dekretuak behar batzuk ezartzen zituen zerbitzu enpresentzat eta saltokientzat, eta isun atala ere bazeukan.

Sekula indarrean jartzera iritsi ez zena, ondo jakina denez.

2010ean jarri zen indarrean dekretua, baina isun atalak urtebeteko luzamendua zeukan, enpresek egokitzeko denbora eduki zezaten. Bitarte horretan Patxi Lopez heldu zen Ajuria Enera, eta haren gobernuak isun atala dekretutik kentzea erabaki zuen. 2012ko otsailean kendu zuten atal hori, eta guk euskararen normalizaziorako prozesuan atzerapauso handitzat jo genuen neurria. Zigor atalik gabe, ezartzen dituzten beharrak betetzea borondatearen menpe utzita, legeak ez dira lege, gomendio hutsak baino.

Dekretua indarrean dago oraindik.

Bai, baina letra hila da. Guk esan genuen, isun atala kendu zutenean, aurrerantzean oso gutxi hitz egingo zela dekretuaz. Eta hala izan da.

Isun eta guzti ere, dekretuaren jatorrizko bertsioa ahul samarra zela esan zenuten, ezta?

Izan ere, euskararen normalizazioan abiadura biziagoa nahi zuten euskal gizarteko sektore batzuentzat dekretua motz geratzen zen. Merkataritzan, publikoaren arretan hamabost langiletik gora edo 400 metro koadrotik gora zuten saltokiei soilik eragiten zien. Momentu hartan EAEko saltoki guztien %6,5 besterik ez ziren. Gainera, dekretuaren ezarpena EAEko hiru hiriburuetara eta biztanle elebidun portzentajea %33tik gorakoa zuten udaletara mugatzen zen. Eta etiketatzeaz ez zuen ezer ere esaten.

Jaurlaritza berriz aldatu zen orain urte eta erdi inguru. Badakizue oraingo gobernuak zer asmo duen dekretuarekiko?

Nik elkarrizketa egin nion Belen Greavesi, Kontsumobideko zuzendari izendatu eta gutxira [Jaurlaritzaren menpeko erakundea da Kontsumobide]. Dekretuaz galdetu nion besteak beste, ea isunen atala berreskuratuko ote zuten edo beste dekretu bat egingo zuten, eta ez zen batere busti erantzunean. Hizkuntza Politikarako Sailordetzak eta Kontsumobidek dekretu horrek ezarritakoa betetzen ari ote zen ikertuko zutela esan zidan, baina ez zuen ezer zehaztu. Azkenik, Greavesek iazko ekainean dimititu zuen, haren ordez beste bat sartu zen, eta ordutik ez dakit askorik gaiaz. Irakurri dut zerbait egin nahi dutela, baina nik dakidala ez da ezer egin. Horraino dekretuaren historia.

Lehen esan duzu merkataritzan euskaraz arreta ez jasotzeagatiko kexak ez zaizkizuela zuei iristen, euskalgintzako elkarteei baizik. Iaz emandako hitzaldi batean kexa kopuru urriaren balizko beste arrazoi bat aipatu zenuen: euskaldunok kemena galdu omen dugu geure hizkuntz eskubideen defentsan.

Bai, hala uste dut. Herritar soil modura diot hori, ez EKAko bozeramaile modura. Euskaldunok orain dela pare bat hamarkada geneukan kemen hori ahuldu da, kalean sumatu egiten da, niri behintzat hala iruditzen zait. Bestetik, badirudi euskaldun askok, batez ere gaztelania nagusi den herrietan daudenean, ez dutela sentitzen gizarteko arlo guztietan euskaraz mintzatzeko eskubidea dutenik. Niri hala esan didate Ondarroako lagun batzuek, Bilbora etorrita.

Zer proposatzen duzue merkataritzan euskararen erabilpena sustatzeko?

Batetik, administrazioek ahalegina egitea euskararen alde. Jaurlaritzari eskatu genion dekretuaren isun atala berreskuratzeko, edo dekretu hobea egiteko, indarrean dagoena honezkero nahiko ahulduta dagoelako, “ukituta”. Bestetik, merkatariei eta enpresei ere ahalegintxoa eskatu behar zaie. Baina lan nagusia, neketsuena, eragingarriena, kontsumitzaile euskaldunoi dagokigu. Nire ustez, euskararen arazo nagusietako bat da erabilera ezagutza baino askoz baxuagoa dela. Hori da gakoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude