argia.eus
INPRIMATU
Galiarrak, Asterixez harago
  • Galiarren aroan.

    Zesar aurreko Akitania

    Erakusketa. Non: San Telmo Museoa, Donostia.

    Noiz: maiatzaren 25a arte.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2014ko apirilaren 30

“Egun Asterixek eta Obelixek galiarrak sinbolizatzen dituzte erabat, komikiek hainbat akats izan arren. Eta ideia oker horiek eskola liburuetaraino iritsi dira”, Matthieu Poux Lyongo Unibertsitateko arkeologia katedradunak 2011n Le Figaro egunkariari esandako hitzak dira. Orain, San Telmo Museoan, 1.000 metro koadroko eta 1.600 objektu inguruko erakusketan, ia ofizial bihurtu den Goscinny eta Uderzoren bertsioa egiaztatzeko edo gezurtatzeko aukera dago.

Lehen froga atarian bertan topatuko du bisitariak; erakusketaren afixan kasko bat ageri da, eta bertan Asterix eta lagunen kaskoetan marraztutako hegoen arrastorik ez. Garaiko objektu andanaz gain, erakusketa biribiltzeko, herri galiar bat erreproduzitu dute. Aretoan atentzioa ematen duten lehenengo elementuak eraikinen egitura karratuak dira; galiarrak ez ziren oinplano biribileko etxeetan bizi Asterix eta Obelix bezala. Eta aldea nabarmenagoa, sakonagoa da, aldamenean aletegiaren erreprodukzioa ikusita. Galiarrak nekazariak eta abeltzainak ziren. Eta metala ere lantzen zuten, brontzea lantzeko tailer bat ere jarri baitute erakusketan.

Galiarrak ez ziren basoan eta basotik bizi. Baina ideia oker hori ezin zaio soilik Asterixi egotzi. 1789ko Iraultzan eta, ondoren, Napoleonen garaian erromatar zibilizazioaren aurka naturari lotutako antzinako bizimoduari eusteko borrokatzen ziren galiarren mitoa hedatu zen: le bon sauvage.

Erakusketako ehunka objektuek garbi uzten dute galiarrek gutxi zutela “basatitik”. Ehungailuetako pisuak daude, depilatzeko pintzak, giltzak, eskumuturrekoak, txanponak… Objektuok, eguneroko bizimoduaz gain, Akitaniako galiarrek inguruko herriekin zituzten harremanak ere agerian uzten dituzte. Ibaietan barrena Mediterraneoko produktuak iristen ziren, baita Atlantikoko kostaldeko gatza ere. Luxuzko baxerek adierazten dute greziar, etruriar eta erromatar jatorriko produktuak ere iristen zirela.

Baina horrek ez du esan nahi galiarrak gerlari onak ez zirenik. Druidak prestatutako edabe magikorik ezean, ziurrenik metalen eta armen ezagutza onak eragina izango zuen horretan. Ezpatek, geziek, kaskoek eta lantzek erakusten dute errementari eta brontzelari trebeak zirela. Hau da, galiarrak Metal Aroan sartuta zeuden bete-betean, Neolitoa atzean utzia zuten. Beraz, Obelixek bizkarrean eraman ohi duen menhirrak ez du logika historikorik.

Horren guztiaren erakusle da Lacoste aztarnategiari eskainitako atala, arkeologiaren zaleentzat harribitxia. Bertan aurkitutako objektuek aditzera ematen dute Burdin Aroko merkataritza eta artisautza gunea zela, besteak beste, zeltekin eta akitaniarrekin harremanetan zegoena. Asterixek ezin du lehiatu arkeologiaren froga zientifikoekin, ezta beharrik ere. Badirudi arrakastak historian hezteko erantzukizuna eman diola Asterixi, baina, finean, komikia da eta, beraz, fantasia eta exajerazioa, kaskoetako hegoak eta bizkar gaineko menhirrak zilegi zaizkio.

Eta hala ere ezin eutsi azken zuzenketa bat egiteko tentazioari. Azpitituluak ederki adierazten duenez (“Zesar aurreko Akitania”), erakusketaren kronologia erromanizazioan amaitzen da. Julio Zesar “enperadorea” Asterixen komikien pertsonaia nagusietakoa da. Baina Julio Zesarrek ez zuen sekula titulu hura izan; haren ondorengo Augusto izan zen Erromako lehen enperadorea.