argia.eus
INPRIMATU
Erkituta
Jakoba Errekondo 2014ko apirilaren 29a
Bi zimitz berde kaputxinaren lorean.
Bi zimitz berde kaputxinaren lorean.

Animaliak jaten dituzten animaliak baratzearen lagun izan daitezke: jandakoa kaltegarria izan edota, areago, izurrite bihurtzeko erraztasuna badu. Horien jale direnak gure baratzearen ingurura erakarri eta bertan ezartzera gonbidatu behar ditugu. Haien gustuko giroa sortuko duten zuhaixka eta belarrak jartzeko nioen lehengoan.

Hura nioen Elkar jan artikulutxoaren bueltan, Facebookeko lagun batek Ambrose Bierce handiaren Deabruaren Hiztegia liburu ezin handiagoa ekarri dit gogora. Mila esker, Edorta. Hiztegi hori bikain ekarri zuen euskarara Xabier Olarrak; hona “jangarri” hitzaren ordaina: “Jateko eta, oro har, digeritzeko ona, hala nola harra apoarentzat, apoa sugearentzat, sugea zerriarentzat, zerria gizonarentzat, eta gizona harrarentzat”.

Animalia animaliajaleen zain izan gabe, animaliak jaten dituzten landareak ere badira. Euskal Herrian baditugu batzuk: muki belarrak (Pinguicula lusitanica eta Pinguicula grandiflora), Utricularia vulgaris, eguzki ihintza (Drosera rotundifolia) eta haren bestengusinak (Drosera anglica eta Drosera intermedia). Horiek berez dira hemengoak. Aspaldian, mundu guztiko landare intsektujale ugari ikusten da saltokietan.

Landare horiek lur elkorretan bizitzera ohitu dira. Elikagai eskasia intsektuak harrapatu eta janez erremediatzen dute. Barruak urtu eta hustu eta azal gogorra besterik ez dute uzten. Intsektuak ehizatzeko teknika ugari garatu dute landareok: kakoak, amuak, lakioak eta lazoak, zepoak, sarrera bai baina irteerarik gabeko ontziak, trabakatze guneak, nasak, kola itsasgarriak... “Landare haragijale” deitzen zaie, baina “intsektujale” deitu beharko genieke. Benetan haragia jaten duen landarerik ba ote den, aspaldiko eztabaida da. Jan, guk jatea eta irenstea ulertzen dugun eran, ez, noski; baina animalion haragia baliatzen duten landareak, bai.

Hau txiletarra da: Puya chilensis. Lur agorretan bizi da. Lore tzar luze bat ematen du, hiru metro eta erdi arterainokoa, dena arantza beldurgarriz josia. Arantza horiek loretxoak babesten dituzte, belarjaleek jan ez ditzaten. Baina, oharkabean gehiegi hurbilduta edo haize kolpe batekin, arantzetan trabatu daiteke, hegazti bat bezala arkazte bat. Bertan gosez hil eta erkitutako landarearen lurra aberastuko dute.