 
            Doinua: Habanera
	Haitz batean jaio nintzen
	zurrunetan zurrunena
	mugak eta oinarriak
	finkatuak dituena
	bizitza baten ildoa
	bihurtu nahirik eskema
	batzuentzako patua
	besteentzako kondena...
	Baina hain kaotikoa
	da gehiegizko ordena,
	non arauturiko hori
	bilakatzen den problema.
	Hala, zirrikitutxo bat
	edo haitzaren etena
	deskubritzen dugunean
	aldatu daiteke dena.
	“Noiz ekarriko diguzu
	mutil-laguna etxera?
	Zenbat seme ta alaba
	izan nahi duzu denera?”
	Horrelakoak entzuten
	joaten garen arabera
	guk sentitzen dugun hori
	joan daiteke gainbehera.
	Zeren, non daude desira,
	askatasuna, aukera?
	Non diseinatu gabeko
	mila bizitzeko era?
	Zergatik ezin ditugu
	zirrikitutik atera
	erantzun huts bakoitzetik
	bertze hainbertze galdera?
	Galdera berri bakoitza
	da guretzat Arrakala:
	Zer den heteroaraua
	zer sexu ta zer normala,
	zer familia nuklear,
	zer heterosexuala,
	zer guzi hortatik kanpo
	dagoen zelai zabala...
	Nahiz eta ez dugun hartu
	bat’e erronka makala
	guztiok jarri dezagun
	gure nahia, eginahala.
	Haitzak mila pitzaduraz
	eztanda egin dezala,
	bakoitza bizi gaitezen
	guk nahi genukeen bezala.