Apirileko feria eusko-katalana

Sevillako feria (1856) azokako irudirik zaharrenetakoa, Andrés Corté y Aguilarrek egina. Obraren hiru bertsio daude: bata Sevillako udaletxean, bigarrena Bilboko Arte Eder Museoan eta azkena Hijos de Ybarra S.A. enpresaren eskuetan.
Sevillako feria (1856) azokako irudirik zaharrenetakoa, Andrés Corté y Aguilarrek egina. Obraren hiru bertsio daude: bata Sevillako udaletxean, bigarrena Bilboko Arte Eder Museoan eta azkena Hijos de Ybarra S.A. enpresaren eskuetan.

Sevilla, 1846ko abuztuaren 25a. Hiriko bi enpresa-gizonek proposamen bat bidali zioten udalbatzari, urtero, apirilean, hiru eguneko ganadu azoka bat antolatzeko. Alejandro Aguado, Montelirioseko kondea zen orduan Sevillako alkatea, eta proposamena atzera bota zuen hasieran, hiritik hurbil beste bi ganadu azoka garrantzitsu bazeudela argudiatuta: Mairena de Alcorrekoa eta San Lucar la Mayorrekoa, jatorria Erdi Aroan zutenak biak. Hala ere, 1847ko martxoaren 5ean Elisabet II.a Espainiako erreginak feria pribilegioa eman zion Sevillari. Orduan, udalbatzak aurreko urtean jasotako proposamena egokia zela erabaki zuen, besteak beste, proiektuak tokiko abeltzain eta nekazari askoren babesa zuelako, bultzatzaileak bertakoak ez ziren arren; enpresa-gizonetako bat, Narciso Bonaplata (1807-1869), katalana zen, eta bestea, Jose María de Ybarra (1816-1878), Euskal Herrikoa.

Bartzelonan jaioa, Bonaplata ehungintzan hasi zen lanean. Desamortizatutako komentu zaharrak merke erosi eta fabrikak Kataluniatik kanpo zabaldu zituen 1830eko hamarkadan. 1840an iritsi zen Sevillara, burdina eta kobre fabrika berri bat aitzakia, eta han bizi izan zen hil artean.

José María de Ybarra, aldiz, bilbotarra zen, José Antonio Ybarra Bizkaiko Labe Garaien eta Banco de Bilbaoren sortzailearen hirugarren semea. Aitak, semea Bilbo inguruan bor-borrean zeuden mugimendu politikoetatik aldendu nahian, José María kanpora bidali zuen 1841ean: Baionara, Bartzelonara, Valentziara, Cádizera... 1843an Sevillara iritsi zen eta han geratzea erabaki zuen. Itsasontzi enpresa bat sortu zuen lehenik, Sevilla eta Bilbo arteko merkataritza bidea egingo zuena. Ondoren, oraindik martxan dagoen Ybarra elikagai enpresa sortu zuen.

Bonaplata eta Ybarraren ekimena erreginaren baimena jaso eta hurrengo hilabetean gauzatu zen: ganadu azoka 1847ko apirilaren 18an inauguratu zuten. Apirileko lehen feria hartan hemeretzi etxola jarri zituzten jan-edanetarako. Baina dibertsio-gunearen arrakastak eraginda, 1850ean azoka bitan banatu zuten: ganadua batetik, festa bestetik. Gaur egun ganadu askorik ez, eta jantzi flamenkoak, sevillanak, manzanilla.... dira nagusi. Andaluziar esentziaren paradigmatzat iragartzen den Sevillako feria, katalan batek eta euskal herritar batek sortu zuten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude