Aurrekoan kalean nindoala andre batek “barkatu mutiko” esan zidan. Galdera bat egin zidan eta erantzuten hastearekin batera, ohartu nintzen ohartu berri zela ni neu ere ez nintzela “hain mutiko”. Prim kalea non zen azaldu ostean eskerrak eman zizkidan, baina amaiera lapidarioa izan zuen, “eta barkatu mutiko esateagatik” batekin hasi zen esaldi sorta deserosoa.
Txikitan, kontraesanez beteriko umea izan nintzen urte askoan. Mutikoa izan nahi zuena (kontzeptu gisa), baina besteek mutiko gisa identifikatzen zutenean “neska naiz!” oihukatzen zuena. Mutikoa eman nahi zuena, baina besteen filtroetatik pasatu gabe, inork ezer esan gabe, baimenik gabe. Angel Erroren poema hark dioen bezala, Neska mutilatua.
Eta aurrekoan andre hark barkamena behin eta berriz eskatzen zidan artean, sentitu nuen txikitako sentsazio kontraesankor hori. Neska mutilatuaren sentsazio umezurtz hori, besteak lotsatzerainoko genero okerrean bizi zaren sentsazio triste hori. Segundo bakar bat izan zen oraingoan ordea, eskaparate batean nire isla ikustearekin bat desagertu zena, neska mutilatu osaberritu bat antzematearekin batera.