argia.eus
INPRIMATU
Ezagutzak 14,5 puntu egin du gora, etxeko erabilerak berriz puntu bat behera

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2014ko apirilaren 16a
2011ko datuen arabera, euskararen arrastorik ez dutenak populazioaren %44,3 dira. Aldiz, etxeko erabilerari dagokionez, %77,1ek egiten du gaztelaniaz
2011ko datuen arabera, euskararen arrastorik ez dutenak populazioaren %44,3 dira. Aldiz, etxeko erabilerari dagokionez, %77,1ek egiten du gaztelaniaz

V. Mapa Soziolinguistikoak hala dio. 2011ko Biztanleria eta Etxebizitzen Zentsuan bildutako datuek ez dute ezustekorik eman; bagenekien euskararen ezagutza etengabe gora egiten ari dela, eta eremu informaletan, erabilerak aurrera baino atzera egiteari ekin diola.

Alderatzen hasita, ezagutzan emandako urratsak esanguratsuak dira. Gaur egun herritarren %36,4k badaki ongi euskaraz, eta duela 30 urte %22k. Egun, euskaraz batere ez dakiena %44,3 da eta duela 30 urte %65,9 inguru. 20 urtez azpikoak kontuan hartuta, %70 baino gehiago dira euskaldunak. Duela 30 urte ez ziren %20ra iristen. Adin guztietakoak aintzat hartuta, ezagutza igoera 14,5 puntukoa izan da.

Puntu bat behera egin duena erabilera da, ez erabilera orokorra, etxekoa baizik. Duela 20 urte gaur egun baino etxe gehiago ziren kide guztiak erdaldunak zituztenak. Hala ere, orduan etxeko euskararen erabilera %21,8koa zen eta gaur egun %20,8koa da. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egindako balorazioaren arabera, bi gauza adierazten ditu horrek: batetik, gaitasunean izandako hazkunde jarraituak ez duela etxeko erabileran hazkunderik ekarri, eta bestetik, gaurko euskaldunek ez dutela duela 20 urtekoek adina euskara erabiltzen etxean.

Erabilerak orokorrean ez du behera egin, 7 puntu gora baizik. Azken urteotako joera nabari da: eremu informaletan mantendu ezinik dabil erabilera, eta aldiz, eremu formalean (udaletxeetan, osasun zerbitzuetan, lan munduan...) egin du gora.