Artikutzako nagusi muturluzea

  • Ez gara Donostiaz ari... Artikutzaren lurjabeaz alegia; muturluze edo ur-sator izenez ezagutzen den animalia urtar txikia da bertako nagusia. Inguruko erreketako uraren kalitate onaren seinale, bera da ekosistemaren termometrorik zehatzena. Espezie preziatu bezain delikatua, oso baldintza jakinak behar ditu bizitzeko, eta hori erraztu asmoz Donostiako Udalak eta Nafarroako Gobernuak kudeaketa plana jarri dute martxan.

Artikutzako ur ekosistemaren parte garrantzitsuenetakoa da muturluzea, bera bizi den bitartean sistema hidrikoa ondo mantentzen den seinale baita.
Artikutzako ur ekosistemaren parte garrantzitsuenetakoa da muturluzea, bera bizi den bitartean sistema hidrikoa ondo mantentzen den seinale baita.

Artikutzako ur ekosistema hobetzeko, aipatu bi erakundeek zenbait puntu zehaztu berri dituzte. 1919tik Donostiaren esku dagoen lur eremu honetan Euskal Herriko altxor natural garrantzitsuenetakoa dago, baina kontserbazio lanak beharrezkoak dira horrela izaten jarrai dezan. Ingurua aberatsa da zentzu askotan, eta ura du berezitasun nagusi; hortaz, puntu horri heldu nahi izan diote.

Añarbeko urtegia ondoan duela, lau erreka gurutzatzen dira Artikutzan, eta horien ur-emaria ahalik eta naturalena izatea dute helburu, ekosistemak bere lekua berreskura dezan. 2014rako prestatutako lanen artean, gaur geldirik dauden hiru presa kentzeko asmoa du Donostiako Udalak, bere garaian ur horniketarako Herriko Etxeak berak eraikiak. Halaber, kanal bat ere badago Artikutzan, zeinak ura kentzen baitio ibaiari, udan uretako habitatari kalte handiak eraginez. Ibaia non desbideratzen den oraindik justu ez badakite ere, hori detektatu eta kanala kenduz bide naturalera itzularaztea ere badute helburu. Donostiak lurjabe bezala dituen eskumenen barruan sartzen dira ekintza hauek, beti ere Goizuetako Udalarekin harremana mantenduz, bera baita herri bezala administrazio konpetentea, eta aurtengo urterako 23.000 euroko aurrekontua prestatu dute lan horietarako.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren esku geratzen diren gestio administratiboak daude. Ingurumenerako eta kontserbaziorako kudeaketa planak bideratzeko eskumena, esaterako, berak du. Artikutzaren kasuan, gainera, betebeharra dute horrelako egitasmoa prestatzea, 2004an Europak Garrantzizko Leku izendatu baitzuen zonaldea, Natura 2000 sarearen baitan. Proiektu horretan sartu eta zazpi urtera arteko epea ematen dute kudeaketa plana martxan jartzeko. 2011rako prest behar zuen, beraz. Donostiako azken udal gobernuak, Ingurumen zinegotzi Asier Jaka duela, kudeaketaren nondik norakoak galdegin zizkion Nafarroako Gobernuari. Eta tartean azpikontratatutako enpresa bat zegoela eta baso ordenazio batean oinarritutako kudeaketa plana ikusirik, egitasmoa birbideratzeko asmoa aurkeztu zioten.

Aurreko udal gobernuek eduki dituzte lehenagotik gestio modeloak, baina ez kontserbazioari eta ingurumenari zuzenduak. Udal gobernuak pauso bat harago joan nahi izan du, dagoen natur aberastasuna babestuz. Artikutzaren kasua berezia da, gainera, normalean lurjabea baita horrelako planak mugatzen dituena (ingurumena zaintzeak esan nahi baitu bestelako ekintzarik, eraikuntzarik adibidez, ez egitea). Oraingoan baina, Donostiako Udala bera izan da plana eskatu eta bultzatu duena.

Akordioa lortzeko, Donostiako Udalak “sedukzio” plan bat prestatu beharra zeukan, Nafarroako Gobernua bide horretara eraman nahi bazuen. Hori horrela, ingurumen ikerketetan aditua den DESMA enpresak EHUrekin elkarlanean Artikutzako ur ekosistemaren azterketa burutu zuen hilabete batzuen bueltan, eta Nafarroako Gobernuari bideratu zioten. Kudeaketa plana Natura 2000 sarearen irizpideen arabera egin zen. Azterketa iragan urtarrilean aurkeztu zuten donostiarrek, eta Artikutzarekin harremana duten herri eta enpresak gonbidatu zituzten (hala nola Goizueta, Oiartzun eta Errenteriako udalak, Gipuzkoako Diputazioa eta Añarbeko Urak), baita Nafarroako Gobernua ere. Horrela bada, ingurumenaren kontserbaziorako plan berria diseinatzen hasi dira zonaldean eskumena duten bi erakundeak.

Proposamena prest izanda, aipatutako udal, erakunde eta enpresekin parte-hartze prozesu bati hasiera emango diote, puntuz puntu plana guztien artean definitu ondoren, foru dekretu bidez onartu ahal izateko. Behin egitasmoa onartuta, Artikutza Kontserbazio Bereziko Eremu izatera pasako da.

Baina itxaron, plan guzti horren barruan non kokatzen da muturluze txikia? Bada Galemys pyrenaicus-arentzat kontserbazio plan berezia egiteko eskatu dio Gipuzkoako hiriburuak gobernu nafarrari. Oso espezie berezia da, eta Artikutzako ur ekosistemaren parte garrantzitsuenetakoa, bera bizi den bitartean sistema hidrikoa ondo mantentzen den seinale baita. Beraz, muturluzeagatik Artikutza interesgune izendatzeko eskatu da, Gipuzkoak hegoaldeko zuhaitz igela espeziearekin egin bezala.

Donostiako Udalak, bestalde, ikerketa eta ezagutza lantzeko asmoa dauka, diotenez, badagoelako zer aurkitu eta ikertu oraindik ere. Horretarako, bada, 20.000 euroko diru partida prestatu dute udazkenean ikerketa beka bat ateratzeko. Unibertsitatearen laguntzarekin zabalduko dute diru-laguntza, eta lizentziatutako edo lizentziatzear dauden gazteei bideratuta egongo da. Horrez gain, beste lan lerro bat ere irekiko dute Artikutzarekin harremana duten erakundeekin, ingurumenaren kontserbaziora bidean hitzarmenak sinatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Natura
Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


Prozesionaria jalea

Esaera asko sortu ditu hegazti honek. Ikusteko zaila den arren, denok ezagutzen dugu. Nola? Kantuagatik. Bere izena kantu egiteko erak eman diola pentsa dezakegu. Urtero kantatzen du udaberrian eta uda partera aldiz, isildu egiten da. Esaerak dioenez, “maiatzean kuku, San... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude