 
            
	Ludi hontako izaki oro
	nahi bada erne ta errotu,
	amarengandik izan behar du
	bestela ez ezinda lortu.
	Gailu denetan gailurra dela
	beharko zaio aitortu.
	Esne zipriztin bat jaso eta
	handik izakia sortu.
	Amaren barru sakratu hori
	ulertzen ez da erraza,
	bertan baikinen ezerezetik
	zerbait izatera pasa.
	Berdin landare, arrain, hegazti
	ta hainbat abere arraza.
	Zalantzik gabe ama da beti
	izadiaren arnasa.
	Bide hortatik egin genuen
	ludi hontara jauzia,
	baina haseran hain zen deuseza
	gure gorputz biluzia.
	Zilbor hestea eten da gero
	behar genuen guzia
	amaren bihotz xamurra beti
	gure beharrei josia.
	
	Saiatuko zen bere haurrari
	zuen on dena ezartzen,
	aparta gendun garbitu eta
	seaskan goxoki jartzen.
	Gauean ere ongi zekien
	uneoro zer behar zen.
	Begiak ixten zituen baina
	senak ez zion lo hartzen.
	Bazuen hainbat baliabide
	gu sentitzeko eroso,
	bihotz handi bat izateaz gain
	bi bular eta bi beso.
	Gose baginen elikatu ta
	erortzen baginen jaso,
	aita ezin da ahaztu baina
	ama da egizko guraso.
Doinua: Haizak nik hiri bota behar diat.