argia.eus
INPRIMATU
Soldatak eta enplegua

Juan Mari Arregi 2014ko apirilaren 09a

Sindikalgintza abertzaleak mezua zabaldu du, soldatak igo eta enpleguaren sorrera hobetu dadin. ELAk eta LABek, nork bere aldetik, kanpaina bat iragarri dute eztabaida zabaldu eta mobilizazioak eginez negoziazio kolektiboan KPIaren gainetik legokeen soldata igoera lortu ahal izateko. Bi sindikatuek nabarmendu dute azken urteetan Euskal Herrian soldatak bortizki murriztu direla. Patronala salatu dute, NDFren aginduei jarraiki –lan kostuak %10 debaluatu nahi ditu– soldatak murriztearen alde segitzen duelako. Soldaten murrizketarekin enplegua sortzen dela dioen patronalaren mezua arbuiatu dute sindikatuok; enpresa-etekin handiagoak baino ez dira lortzen haien esanetan. Enpresariak langabezia eta prekarietate tasa handia baliatzen ari direla diote, modu horretan langileak beldurtu eta soldata baxuagoak onartzen dituztelako.

Soldatak igota enplegu gehiago sortzeko aukera gehiago dago; prestazio sozialak hobetuko lirateke eta diru-sarrera publikoa handitu. Erosteko ahalmen handiagoa balego, kontsumoa berriz aktibatuko litzateke, hazkundearen etsai den deflazio arriskua desagertuko litzateke, eta aberastasuna sortu. Beraz, soldatak KPIaren gainetik igotzeak esan nahiko luke, kontsumoa handituz aktibitate ekonomiko gehiago beharko litzatekeela, lan esku gehiago, langabezia gutxiago. Gizarte segurantzara kotizatzen eta zergak ordaintzen dituzten pertsona gehiago leudeke, horiekin laguntza sozialak bermatuko lirateke eta baita hobetu ere. Testuinguru horretan, garrantzitsua da gizon eta emakumeen arteko soldata ezberdintasuna ere eztabaida horretan sartzea. Zenbait kalkuluren arabera, Hego Euskal Herriko gizonen soldata gordina emakumeena baino 7.217 euro handiagoa da; %33 gehiago kobratzen dute gizonek.

Bi sindikatuek ideia berak edukita, komeniko litzateke bat egitea eztabaida hori enpresetara eta jendartera eramateko, baita mobilizazio sozialak deitzeko ere.