Herriei bizirik eusteko, elkarlana

  • Pirinioetako herritarrek diote bizirik jarraitzeko bizirik daudela sinetsi eta sinetsarazi behar dutela, eta bailara guztiek elkarlanean egin behar dutela aurrerantz, despopulazioaren mamuak malko eta lantuei entzungor egiten dielako, entzungor agintariek mendialdeko biztanleen eskaera eta proposamenei.

Orotara 3 eta 16 urte bitarteko 350 bat ikasle daude Garralda, Otsagabia eta Erronkariko ikastetxeetan eta Auritz, Erro eta Luzaideko eskola unitarioetan. Argazkian, Garraldako haurrak atseden-orduan; 100 ikasle ditu D ereduko zentroak.
Orotara 3 eta 16 urte bitarteko 350 bat ikasle daude Garralda, Otsagabia eta Erronkariko ikastetxeetan eta Auritz, Erro eta Luzaideko eskola unitarioetan. Argazkian, Garraldako haurrak atseden-orduan; 100 ikasle ditu D ereduko zentroak.Dani Blanco

Amparo Viñualesek 18 urte daramatza erizain Izabako osasun zentroan, eta 2011ko azarotik zinegotzi da Erronkariko Udalean. Bailarako eta inguruko zonaldeetako gabeziak ongi ezagutzen ditu. Martxoaren 14an Nafarroako Parlamentuan izan zen. Hizlarien tribunara igo eta landa-eremuetan gutxieneko osasun zerbitzua bermatu beharraz aritu zen, alderdi politikoen artean gaiari buruzko eztabaida piztu aldera. Ekimena babestu duten 170 udalen izenean mintzatu zen Viñuales. Alferrik. Lege-egitasmoa ez zen tramitera onartu, UPNk eta PPk aurka bozkatu eta PSN abstenitu egin zelako.

Gertatutakoak agerian utzi ditu mendialdeko argi-ilunak: behar gorrien aurrean elkar hartu eta aitzina egiteko herritarren borondatea batetik, eta hiri-zilborrari so bizi diren agintarien “axolagabekeria” eta “mespretxua” bestetik, ekimenaren sustatzaileek salatu dutenez. Hitz leun edo gogorragoekin, gauza bera adierazi digute solaskide guztiek: Erronkarin ari da lanean Viñuales; Aezkoa ibarrean, Garraldako eskolako irakasle Mikel Aoiz eta Ainhoa Mendiarekin bildu gara, baita Abaurregainko alkate eta abeltzain Patxi Encajerekin ere; eta Zaraitzun, Otsagabiako interpretazio zentroko Gustavo Goienarekin eta Bizirik Gaude elkarteko kide Jezabel Orozekin.

Politikarien jokabide mingarria

Amparo Viñuales erizaina Nafarroako Parlamentuan, gutxieneko zerbitzuen egoeraz hizketan. Jaramon gutxi egin zioten parlamentariek.

Kalitatezko osasun zerbitzua bermatzea xede duen egitasmoa Nafarroa Garaiko Pirinioetako biztanleek abiatu zuten, UPNren Gobernuak maiatzaren 5ean lehen arreta eta larrialdi zerbitzuan egingo dituen aldaketa polemikoen beldur. “Ez dugu eskatzen zonaldean ospitale bat eraikitzeko, gutxienekoak bete daitezela baizik; lekuan lekuko beharren azterketa egin eta baliabideak gure errealitatera egokitzea”, esan digu Viñualesek [argazkian], osasun-sarearen paisaia malkartsua hizpide: “Badakigu hiriburutik urrun gaudela eta orografia berezia daukagula; horregatik eskatzen dugu gurean protokolo bereziak ezartzeko, berdin bailarako Uztarrozen zein Erriberako Corellan. Beharrak bertsuak dira, eta hala islatzen du gure proposamena Nafarroako kolore orotariko 170 udalek babestu izanak”. Jarrera hotzagoa azaldu dute, ostera, gaiari buruz eztabaidatzeari ere uko egin dioten talde parlamentarioek.

“Lotsagarria da”, dio Izabako erizainak: “Politikari batzuek non gauden ere ez zekiten, ez zeukaten argumenturik… PSNren jarrera bereziki mingarria iruditu zaigu”. Nabarmendu digu bitarteko gehiago baino, daudenak zuzen baliatzeko eskatzen dutela: ibilgailuak egokitu, anbulantzia zerbitzuak mantendu, irisgarritasuna –garraio publikoaren sarea– hobetu, larrialdietan helikopteroak erabili eta profesional kualifikatuak izatea, besteren artean. “Tamainako muturrekoak jasota ere borrokan jarraituko dugu. Bailaretakoak ‘oso gureak gara’, baina errealitatea egoskorragoa da eta erakutsi digu elkarlanak fruituak eman ditzakeela”.

Ezkortasuna zokoratu

“Guri dagokigu gurearen alde mugitzea”, esan digu Jezabel Orozek (ezkerreko argazkian), Zaraitzu bailarako postari eta Bizirik Gaude elkarteko kideak. “Borroka egin dugu Iratiko Etxeen aurka, gasbidearen aurka, hezkuntza-sistema duinaren alde… Ez dugu egoera kolpetik aldatuko, baina hemen geratu nahi badugu beharturik gaude bailara guztietako herritarrak elkarlanean aritzera, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkarikoak, baita almadia zonaldeetakoak eta Ipar Euskal Herrikoak ere. Arazoak igualak dira”.

Iritzi berekoa da Gustavo Goiena, Otsagabiako turismo bulego eta interpretazio zentroko teknikaria [beheko argazkian]: “Parean jarri diguten hormatzarra gainditzeko funtsezkoa da bakoitzak bereari soilik begiratzeari laga eta eman beharreko urratsak denon artean adostea”. Bailaretako azpiegitura batzuei darien “megalomania” jarri digu etsenplu bezala: “Ezin gara gurean instalazio handiak eraikitzen hasi albokoek hala egin dutelako, kultur aretoak adibidez, kasu hipotetiko bat aipatzearren. Errua ez da soilik Gobernuarena”.

Biktimismo mezuak alboratu eta etorkizunari itxaropenez begiratu nahi dio Bizirik Gaude elkarteak, Pirinioetan bizi eta lan egiteak merezi duela aldarrikatu, “alarma egoeran” daudela jakitun izanik. Otsagabiatik 10 kilometrora dagoen Sartze herriko elkarte-tabernan hartu gaitu Orozek, garai batean eskola izandako etxean. “3-15 urte bitarteko ikasleak biltzen ginen hemen; egoera horretara ez iristea espero dut”, diosku, populazio gainbeheraz mintzo, garai zailagoak ezagutu dituela, duela bospasei urte baino gazte gehiago dagoela, eta horrek akuilu izan behar duela borrokan jarraitzeko.

Gakoetako bat bertakoak eurak kontzientziatzea dela dio. “Seme-alabei etengabe errepikatzen badiegu gogor ikasteko, hirian lana bilatzeko beharrezkoa dela… Edo Iruñean ikasketak amaitu eta hona itzultzen den gazteari ‘Zer demontre ari zara hemen? Nik uste nuen ministro izatera helduko zinela!’ esaten badiogu… Aurkakoa egin behar dugu, poztasuna agertu eta jendea animatu, gurea baloratzen ikasi eta irakatsi: hurbileko harremanak, ingurumena eta abar”.

“Abeltzain bezala lan egitera datorren gaztea erotzat hartzen dute”, ihardetsi du Goienak. “Lehen agian gehiago, krisiak hiria ere kolpatu du-eta. ‘Utzi ardiak eta hoa Volkswagenera!’, entzuten zenuen maiz”. Viñualesek uste du krisiak bultzatuta gazte gehiagok jo dezakeela landa-eremuetara, politika egokiak garatuz gero bederen: “Kontua da agintariek hiriaren alde egin dutela nabarmen; guri, ezta entzun ere”.

Turismo-ereduari heldu dio Otsagabiako interpretazio zentroko kideak: “Nafarroako Gobernuaren leloa hauxe da: ‘Hartu ostatu Iruñean; joan egun-pasa Iratira, Bardeetara edo beste lekuren batera, ikusi zein ederrak diren, baina lotara itzuli berriro hona”. Pirinioetako eragileek helburu dute bisitariek gaua bertan igaro dezaten lortzea. “Basozain eta mantentze lanak ordaintzeko apenas dugu dirurik; horregatik hasi gara oihan atarian aparkatzeagatik kobratzen”.

Iruñea patu

Hiriburutik urrun bizi eta lan egiteak sortzen dituen arazoak euren larruan sufritzen dituzte Garraldako eskolako irakasle Ainhoa Mendiak eta Mikel Aoizek [beheko argazkian]: “Duela gutxira arte, nekez geratzen zen irakasle bat ikasturte osoa gurean, Iruñean bizi nahi dutelako gehientsuenek. Zenbait neurri proposatu genituen eta Gobernuak onartu zituen batzuk. Esaterako, hemen lana lortzen duen irakasleak aukera –lehentasuna– du hiru urte bertan emateko. Beste ikastetxe batzuetan ez bezalako ziurtasuna dakarkie horrek”.

Nafarroa osoan, derrigorrezko zikloen osteko ikasketak herrian bertan edo hurbileko ikastetxeetan egiteko aukera dago, Pirinioetan izan ezik. 15-16 urteko gazteek Iruñera joan behar dute –Eunateko institutu publikoa da haien zuzeneko erreferentzia–, eta horrek etxekoentzat kostua du. “Agian, gazteak denbora luzeagoz atxikitzea lortuko litzateke ingurura egokitutako ikasketak bultzatuko balira”, esan digu Bizirik Gaude elkarteko kide Jezabel Orozek. “Irunberrin egurrarekin lotutako karrerak baleude, gero sektore horretan lanean hasi ahal izateko… Apurka-apurka ari dira gauzak sortzen, baina hutsune handiak daude oraindik”. Ikasketak amaitzean gazteen %10 besterik ez da geratzen herrian, nekazaritzan edo turismoan lanean; bata gogorra da ordea, eta bigarrenak hilabete batzuetan baino ez du funtzionatzen.

Bestalde, eraikinaren mantentze gastuei (berogailua, ura, argia…) aurre egiteko udalak estu dabiltzala esan digu Orotz-Beteluko alkate ere baden Ainhoa Mendiak, eta kexu da Gobernuak haur kopuruaren araberako laguntzak bideratzen dituelako: “Esaterako, Agoizko zentroan ikasle kopurua hirukoitza da. Bada, gure eraikina berotzea bi bider garestiagoa izanik, jasotzen dugun diru kopurua herena da”.

Diskriminazio positiboa, euroetatik harago

Biztanleen araberako laguntzak dira, hain justu, arazo iturrietako bat, izan hezkuntzan zein beste edozein sektoretan. Azken 40-50 urteetan biztanle kopurua laurdenera jaitsi bada, laguntzak ere ikaragarri murriztu dira, eta beharrak handitu.

“Dena den, diskriminazio positiboa eskatzen dugunean, diruaz baino, legeak aldatzeaz ari gara sarri, besteren artean, abereak izan edo produktu bat merkaturatzen hasi nahi duen ekintzaile gazteak bidea samurrago izan dezan”, azaldu digu Goienak.

Nafarroako Gobernuak 2006an aurkeztu zuen Pirinioen Garapenerako Plan Estrategikoak itxaropen apur bat piztu zuen orduan, baina hutsean gelditu dela salatu dute solaskideek. “Azpiegituren aldeko apustua egin zuten, eta Pirinioetako Autobidea eraiki”, diosku Garraldako irakasle Aoizek. “Errepidea han behetik pasatzen da, gu ezta ukitu ere!”.

"Zangoza, Irunberri eta Agoitz guretzat ez dira Pirinioak”, argitu digu Goienak. “Agintariek diotenean ez dakit zenbat euroko inbertsioa egin dutela mendialdean… Errealitate aunitz desberdinak ditugu. Irunberrin 1.400 biztanle dira, Zaraitzu bailaran baino gehiago”.

Patxi Encaje Abaurregainko alkate eta abeltzaina ere mintzatu zaigu estatistiken interpretazio maltzurraz [beheko argazkian]: “Garestiak garela esaten digute, bi Nafarroa sortu nahi ditugula, haiek direnean horretan dabiltzanak: Iruñea eta agian Tutera batetik, eta gainerako guztia bestetik”. Lau urtean behin berritzen den Landa Garapen Iraunkorrerako Programa aipatu digu berak: “Ehuneko zabalena Nafarroako Kanala egiteko baliatu dute, halako azpiegiturarik Erriberan ere nahi ez dutenean!”.

Laborantza jasangarriaren alde

Encajek 32 urte ditu. Duela hamar joan zen Burlatatik mendialdera, bikotekidearekin bertan geratzeko intentzioz. Haien alaba iaz Aezkoan jaio ziren bi umeetako bat da [argazkian].

Kontatu digu 30-40 urteko lauzpabost abeltzain gehiago daudela inguruan, eta berak esnetarako 500 ardi dituela: “Gehiegi dira, baina Nafarroako Gobernuaren laguntzak esplotazio handietara bideratuta daudenez… Ipar Euskal Herrian etxalde txiki jasangarriagoak sustatzen dituzte. Hemen abeltzaintza hilzorian dago: abelburu mordoa izan behar dira, azpiegitura handiak eraiki, hiltegirik jartzeko lizentziarik ez daukagu, zuzeneko salmenta mugatzen da… Industria Departamentuko legedia aplikatzen da; arauak berdinak dira Erronkariko Enaquesa bezalako enpresa batentzat zein gaztagile txikiarentzat”.

Halaber, Pirinioez bestaldean desberdin kudeatzen dituzte Europatik datozen diru-laguntzak: “Parte bat erkidegoek maneiatzen dute hemen, eta Iparraldean Euskal Herriko Laborantza Ganbarak zuzenean kudeatzen ditu, kontrolpean bada ere. Espekulazio ereduari aurre egiteko aukera handiagoa dute han, arazoak izan badituzten arren”. Etxalde askotan bikote gazteak lanean aritzeak erakusten du abeltzaintza biziago dagoela, Encajeren hitzetan. “Legedia aldatu eta produkzio-salmenta zikloa osatzen utziko baligute, subentzio beharrik ez genuke izango”, esan digu.

Hamabost hilabete barru eginen diren hauteskundeetan jarriak ditu esperantzak Encajek, baina nafar Pirinioetako eragileen arten nagusi den iritzia bere egiten du: Ezer aldatzekotan, bertan bizi nahi dutenek egin beharko dute bultz, elkarlana oinarri.
 

Biomasa erregai

Lanpostu gabeziari aurre egiteko enpresa txiki gehiago sortu beharko liratekeela uste dute solaskideek, jasangarriak izateko Pirinioetako errealitatea aintzat hartu beharko luketela argi izanik. Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzarekin lotutako proiektuak dituzte buruan, baita turismo sektorea ere.

Gustavo Goienaren hitzetan enpresa handiek “parametro ekonomikoetan” funtzionatzen dute. “Irabazirik jaso ezean badoaz, ikusi izan dugun moduan paper-fabrika edo harrobiren batekin. Industria falta baino, industriaren dibertsifikazio eza aipatuko nuke. Badira gauza batzuk gutxi ustiatu direnak. Turismoari dagokionez, esaterako, Irati marka saldu beharra dago, Europako Mendietan egiten duten bezala”. Helburuetako bat da parke natural izenda dezaten lortzea, Bertiz, Urbasa-Andia edo Bardeak kasu.

Basogintzaren sektorean lan aukera berriak eskainiko lituzkeen zerbait sortuko dela uste dute, biomasarekin lotura izango duena, oihana ustiatzen dutenek zuhaitzak moztu eta egur guztia zuzenean kanpora eramatea ekidingo lukeen proiektua. “Iratin egur asko dago gaixo, eta lekua kentzen diete onik haziko liratekeen arbolei”, dio Orozek. “Egur horren parte bat pellet edo ezpal bihurtu eta biomasarako baliatuko balitz…”.

Demografia

Datu ofizialek populazioaren beheranzko joera erakusten dute nafar Pirinioetako bailara guztietan. Zenbakiak engainagarriak dira, gainera, solaskideek diotenez. Otsagabian, esaterako, 640 lagun daude zentsuan, baina 400 inguruk ematen du urte osoa bertan.

Emakumeak

Emakume gutxik dute enplegua zonaldean. “Eta emakumerik ez badago, gizonek alde egiten dute”, esan digu Amparo Viñualesek. “Halaber, Erronkariko 1.000 biztanleen %38 65 urtetik gorakoa da, eta jendeak adin bereko lagunak behar ditu inguruan...”

Segurtasun pribatua

Populazio galera larria dela esan digu Jezabel Orozek: “Oso izorratuta gaude. Umerik ez da jaiotzen, gazte gutxi dator eta aitona-amonak Iruñeko senideengana doaz. Despopulazioa arazo larria da; aurki ‘seguratak’ jarri beharko dituzte herriak zaintzeko. Aragoiko Abraza la Tierra kolektiboko kideekin harremanetan gaude, egoerari nola aurre egin jakiteko”.


ASTEKARIA
2014ko apirilaren 13a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude