argia.eus
INPRIMATU
Klima aldaketari buruzko NBEren txostena: argi gorriak piztuta

Joxerra Aizpurua Sarasola 2014ko apirilaren 10
Uholdeek kaltetutako errefuxiatuak Bangla Deshen.
Uholdeek kaltetutako errefuxiatuak Bangla Deshen.

NBEko IPCC erakundeak (Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak) bere bosgarren txostenaren bigarren zatia aurkeztu zuen martxoaren 31n, Japonian –gutxi gorabehera sei urtero argitaratzen dute txosten bat–. Adituek esandakoak kezka eragiteko modukoak izan dira. Hona hemen laburpen bat:

Sistema hidrikoenganako eragina

Eskualde askotako euri-joerak aldatu egin dira, eta glaziar ugari urtu dira; ondorioz, sistema hidriko naturalak aldatu dira. Elikagaien ekoizpenean eragin negatiboa izan du horrek; bestalde, animali espezie askoren ale kopurua gutxitu egin da, edota migrazio ohiturak aldatu dituzte.

Ur edangarri gutxiago

Herrialde txiroetan lurrazpiko ura gero eta urriagoa da. Hala ere, kontinente guztietan dago arriskua ur edangarria nahikoa izan ez dadin.

Txirotasunaren hazkundea

Klima aldaketak hazkunde ekonomikoa motelduko du, eta horren ondorioz pobrezia areagotu egingo da hiri handietan.

Gero eta gatazka gehiago

Txirotasunaren eraginez populazio multzo handiak mugituko dira batetik bestera, eta estatuen artean gero eta gatazka gehiago eta latzagoak izango dira baliabide naturalak eskuratzearren.

Uholdeak eta higadura

Itsas mailaren igoerak lehorreko eremu asko urperatuko ditu, eta jende multzo handiak beharko ditu migratzera.

Itxaropen bakarra, egokitzapena

Eragin horien guztien neurria txikiagoa izan daiteke bitartekoak jartzen baditugu. IPCCko adituek azpimarratu dute egokitzeko beharrezkoa izango dela, klima aldaketaren ondorioak leuntzeko neurriak hartzearekin batera, herrialdeen arteko desberdintasunak laburtzea, pobreenen garapena sustatuz.