Askegunetik urtebetera

“Gure erantzuna desobedientzia da. Ez diegu utziko gazteak eramaten, herri honekin posible da. Gora euskal gazteria!”. Hitzok orain urtebete esan ziren Donostiako Boulevardeko kioskotik. Parean, kartzelara eraman nahi zituzten gazteak babestera bildutako jendetza. Herri harresi forma hartu zuen elkartasunak.

Gaia aurretik zetorren arren, Segiko kide izan zirela egotzita kartzelara bidali nahi zituzten Donostiako zortzi gazteen kasuak eskemak hautsi zituen. Hedabide nagusiek isilean pasatzeko ahalegina egin bazuten ere, aktualitatearen erdigunean kokatu zen AskeGunea. Zer faktorek eragin zuten ekimena inflexio puntu izan zedin eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokan? Honatx batzuk:

Batetik, garai berrietara egokitutako borroka moldeak. Injustizien aurrean, desobedientzia zibil masiborako deia, bortxarik erabili gabe eustea zen asmoa. Eleak mugimenduak lagunduta, irizpideak zehatz markatu zituzten antolatzaileek. Gainera, elkartasuna adierazteko modu anitzak eman eta eskertu zituzten: janaria eramatea, egitarau kulturala betetzen laguntzea, bideoak atzerrian zabaltzeko itzulpenak egitea, bertan herri harresia osatzea...

Bigarrenik, komunikazio estrategia eraginkorra. Boulevardeko ekimena nazioarteko hedabideetan kokatzea lortu zuten bolondresek. Ordura arte herri mugimenduek gutxitan lortu izan duten zabalkundea izan zuen gaiak. Egun, Googlek Askegunea bilatuta 101.000 emaitza aurkitzen ditu, hizkuntza askotan.

Hirugarrenik, indar metaketatik eta jarrera positiboetatik eraikitako plantoa izan zen. Gobernuaren immobilismoaren aurrean zerbait egin beharra sentitzen zuten, herritarrekin konektatu, eta ordura arte halako gaiak urrun sentitu zituen jende bat erakartzea lortu zuen. Madrili desafio egin zioten gazteek babesa eskatu eta jaso zuten. Egunez egun, talde lana ahuldu ordez hura handitzen asmatu zuten.

Hala, bertan zeudenek ahaztuko ez duten apirilaren 19ko goizaldean amaitu zen epaiketa politikoen aurkako borrokaren kapitulu gazi-gozoa. Jaurlaritzak 300 ertzain bidali zituen Legebiltzarrak berak ere arbuiatu izan duen Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzitako epaia betetzera. Hainbat ordu eta hamaika kolperen ondoren, “auziperatuak maite zaituztegu” oihu artean eraman zituzten espetxera.

Ukaezina da ordea, puxika laranja sinbolo hartuta indartzen doan herri harresiak geroz eta zailago jartzen dituela atxiloketa politikoak. Hauek baldintzatzera ere iritsi da: operazioaren tempoak, dimentsioak, kosteak eta oihartzuna. Gogoratu ondoren zer gertatu zen Lander Fernandezekin Erroman, Urtza Alkortarekin Ondarroan eta Luis Goñirekin Iruñean.

Oraindik 200 pertsona daude arrazoi politikoak medio kartzelara joateko arriskuan. Zaila da epaiketa hauekin amaitzea, gatazka eskematik mugitu nahi ez duen Gobernuarentzat bazka baitira. Desobedientzia baino bide sinesgarriagorik ez du inork mahai gainean jarri, ordea. Kolektiboki planteatuta indarra du, hori eta gehiago lortzeko. Herri gisa eragitea, horra gako nagusia. Bitartean, Donostia, Ondarroa eta Iruñeko argazkiak historia liburuetarako geratu dira. Ikusiko dugu datozenekin zer gertatuko den.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AskeGunea Donostia
2017-07-07 | Xalba Ramirez
Donostiako Aske Guneko gazteek zigorra osorik bete beharko dute

Donostiako Herri Harresian atxilotutako gazteen abokatuek Espainiako Zigor Kode berriaren arabera gradua jaisteko eskatu zuten, baina Auzitegi Gorenak ukatu egin du eta beraz, sei urteko kondena osotasunean bete beharko dute, espetxean jarraitzen duten bost gazteek.


Aske Guneko gazteen askatasuna eta Mozal Legea indargabetzea aldarrikatuko dituzte IV Libre Topaketan

IV Libre Topaketak egingo dituzte ostiralean eta larunbatean, Donostian, Eleak-Libre mugimenduak antolatuta, Mozal Legea salatu eta Aske Gunean atxilotutako gazteen askatasuna aldarrikatzeko.


2017-04-26 | ARGIA
Oier Lorente preso donostiarra askatu dute

Donostiako Askegunean atxilotu zuten Oier Lorente eta lau urteren ostean atera da kartzelatik; Segiko kide izateagatik 6 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak.


Ongietorri beroa Donostiako Askegunean atxilotu zuten Aitor Olaizola preso ohiari

Donostiako Askegunean atxilotu zuten Aitor Olaizola eta lau urteren ostean atera da kartzelatik, orotara sei urteko espetxe zigorrarekin ordainduta Segiko kide izatea egotzi izana. Ehunka lagun izan ditu zain Donostiako Alde Zaharrean, ongietorria emateko.


Eguneraketa berriak daude