argia.eus
INPRIMATU
Pobrezia energetikoa
130.000 lagun hotzak daude etxean
  • Nafarroako etxebizitzen %5ek eta EAEko %4k ezin dute tenperatura egokia mantendu.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko apirilaren 03a

2012ko datuak eman ditu Espainiako Asociación de Ciencias Ambientales (ACA) elkarteak. Etxeko energia gastuetarako diru-sarreren %10 baino gehiago erabili behar duen etxebizitzen portzentajea %19koa zen Nafarroan (96.000 pertsona), eta %8koa EAEn (150.000 pertsona). Nafarroan, ehuneko hori biziki handitu da azken urteetan (2007an %9 ingurukoa zen), eta motelago EAEn (%5ekoa zen 2006an).

Aipatutako urtean beti ere, Nafarroako etxebizitzen %5ek ezin zuten tenperatura egokia mantendu (44.000 pertsona). EAEn, portzentaje hori %4koa zen (87.000 pertsona). Arlo horretan ere bilakabidea okerragoa izan da Nafarroan (2004an ia %0 zegoen egoera horretan). EAEn, aldiz, kopuruak berdin antzean mantendu dira denbora tarte berean.

Zer irizpide erabiltzen da?

Beste azterketa batzuen ildo beretik, ACAk %10eko gastua ezarri du pobrezia energetikoaren mugarri. Irizpide horri kritikarik ez zaio falta, dirudunek portzentaje handiagoa gastatu baitezakete buruhauste handirik gabe; nolanahi, gaia aztertzen dutenek ontzat ematen dute irizpidea.

Etxetik kanpoko energi gastuak, garraioari lotuak esaterako, ez dira kontuan hartzen pobrezia energetikoa definitzeko orduan. Areago, etxe barrukoetan ere hierarkiak daudela esan genezake, ACAk berak –hierarkia hitza erabili gabe, noski– azpimarratzen duenez: nagusiki etxea bero ezin mantentzeari esaten zaio pobrezia energetikoa, baina kontuan hartu behar dira, halaber, argiztatzea, elektrotresnak, ur beroa, elikagaien prestakuntza eta beste.

Pobrezia energetikoa, modako kontzeptua. Laburtze aldera, pobrezia ere deitu ahalko genioke.