Vitorio Luzuriaga enpresa zenaren eraikina birrokupatu dute antxotarrek. Auzolanean garbitu eta herrian faltan sumatu duten eskaintza soziokulturalerako gunea sortuko dute bertan. Astero bitan elkartzen dira, eta gero eta herritar gehiago ari da lanean.
Pasai Antxo eta Donostia arteko mugan dago garai batean Vitorio Luzuriaga galdategiaren egoitza izan zen eraikina. 3.000 langile ingururekin, Antxoko enpresa garrantzitsuena zen; hortaz, eragile sozioekonomiko esanguratsua. Birmoldaketa industrialak Luzuriaga eta beste lantegi askoren gainbehera ekarri zuen Euskal Herrian, eta 1990ean itxi zituen ateak behin betiko. Ordutik utzita egon da. Sal zitekeen guztia saldu eta gero, hondakinak besterik ez dira geratu.
Jabeen utzikeriarekin, halere, ez dira inoiz ados egon Antxon, eta eraikinari beste erabilera bat emateko erabakia hartu dute. Hala sortu da Luzuriaga Martxan taldea. Komunikazio taldeko Iñaki Ruizen arabera, herriko eskaintza kultural eta soziala eskasa da eta eragile askok espazio oso murritzean egin behar izaten dute lan. Horregatik, herritarrek euren ekintza soziokulturalak garatu ditzaten, galdategi ohia birrokupatu dute. Lehen urratsa eraikinaren egoera aztertzea izan da. Esan bezala, zaborrez josia dago, eta beharrezko elementu asko falta dira; leihoak kasu. Hala ere, arkitekto baten laguntzaz ondorioztatu dute estruktura egokia dela eta ez dela eroriko.
Orain, eraikina garbitzeko garaia da. Astean behin Antxoko plazan elkartzen dira asanblada irekian asteko plangintza antolatzeko, eta asteazken arratsaldeetan eta larunbat goizetan auzolanerako deia luzatzen dute. Eskema hori jarraituko dute, behintzat, lehen pisuko laborategia zena garbitu arte. Bertan kokatuko dute Luzuriaga Martxan ekimeneko egoitza. Ruizek balio sinbolikoa azpimarratu du. Izan ere, antzeko funtzioa emango diote, gaur egungo proiektura egokituta. Momentuz, oso pozik agertu dira jasotako erantzunarekin. Hasieran 10-15 lagun elkartzen ziren, baina kopurua pixkanaka gora ari da. Laugarren deialdian 40 herritar inguru gerturatu ziren, eta gero eta jende gehiago animatzea espero dute. Halaber, deitutako egunetan egon ezin izan diren batzuk haien denbora librean lagundu dute garbiketan. Gehienbat gazteek hartu dute parte orain arte, baina adin guztietako pertsonei zuzendutako proiektua da.
Askotariko ekintzak garatzeko aukera ematen du Luzuriagak. Beheko solairuan areto erraldoi antzekoa moldatzea gustatuko litzaieke, bertan kontzertuak, antzezlanak edo hitzaldiak egin ahal izateko. Lehen eta bigarren solairuan lekua soberan dago herriko eragileek haien gunea izan dezaten. Baten batek sabaian dagoen biltegian igerilekua ipintzeko proposamena ere luzatu du. Kontuak kontu, garbi dute eraikina txukuntzea dela lehen egitekoa.
Iraganean bezala, Luzuriaga Antxoko eragile sozial nagusia izatea dute helburu. Oraingoan, ordea, herritik eta herrirako sortutako ekimen batez bitartez. Neurri batean Gernika-Lumoko Astra ekartzen du gogora, fabrika garrantzitsu hura antzeko helburuarekin moldatu baitzuten. Luzuriaga Martxan taldekoek aitortzen dutenez, Astra edo Kukutza bezalako guneak badira erreferente, baina azpimarratu dute bakoitzak bere bereizitasunak dituela.