Ardien larru pean kukuso elektronikorik jarri nahi ez duten artzainak gaztigatzen ditu, beraien bai-baizaletasunaren truke, baserritarrei diru laguntzak ematen dizkien laborantza egiturak. Hobekuntza genetikoa aipatzen da eta ernalketa artifiziala soilik baimenduko dute datorren urtetik goiti. Kukusoak halatan, nekazal munduaren –aspaldian hasia da alabaina...– informatizatzearen eta hiperkontrolatzearen sintomak dira.
Bizi-kordel osoaren numerizatzea da helburua. Aitzakia falaziosez, segurtasuna, osasuna, trazabilitatea, jendeak eta abereak kukusoz hornitzen dabil sistema itsua.
Harrapariaren atzamarretan gaude bederazka ala taldean, NSAren so larderiatsuak ttattit eta mutu atxikitzen gaituen bitartean. Ardien antzera urratsak oro zelatatzen dizkigute, neurtzen, ikertzen, beharrean erasiatzen gaituztela. Panurgioren ardiak gara, sakrifikatuak izateko zorian, etengabe gaizki tratatuak.
Baionako Libertate Plazako kamera ezkelak gure musu sakonen lehen lekukoak dira. Googleko Vint Cerfek behin erran zuen bizitza pribatua anomalia bilakatuko zela etorkizun hurbilean.
Ardientzat ere, baiki.