Krisiarekin estatuei xantaia egiten dieten abokatu horiek

  • Europaren eta AEBen arteko TTIP merkataritza libreko ituna negoziatzen ari diren honetan, Transnational Institute eta Corporate Europe Observatory erakundeek Profiting for Crisis (Krisia probestuz) dosierrean azaldu dute nola hartu dieten gaina estatuei eta herritarrei korporazio handiek eta hauen esku-makil diren abokatu bufeteek.

El Polvorín blogak plazaratu argazkian, Occidental Petroleum Corporation (OXI da bere izen komertziala) multinazionalaren kontra egindako protesta ekintza.
El Polvorín blogak plazaratu argazkian, Occidental Petroleum Corporation (OXI da bere izen komertziala) multinazionalaren kontra egindako protesta ekintza. "Aitortu egia toxikoak akziodunei" dio afixa batek, "Garbi ezazu Amazonian utzi duzun zabor toxikoa" beste batek. Ekuadorrek galdu egin zuen OXIren kontrako eztabaida. Ezin deitu "auzi" Munduko Bankuak behatzez izendatutako abokatuek osatzen duten International Centre for Settlement of Investemenn Disputes (ICSID) horren jarduerei. Ekuadorrek, Boliviak eta Venezuelak dagoenekoz ez dute onartzen. Aldiz, Proffiting from Crisis liburuan altermundialistek salatzen dutenez, batzorde horrek eta beste arbitro pribatuek gero eta gehiago sartzen dute eskua Mendebaldeko estatuen kontra. Multinazionalek ondo pagatutako lege-armada darabilte, abokatu merkantilista ospetsuz osatua.

Edonor makurrarazteko gai dira korporazio multinazionalak garai neoliberal hauetan. Alemaniako Estatua bera ere bai. 2011ko maiatzean Alemaniako Gobernuak erabaki zuenean 2022an itxiko zutela azken zentral nuklearra, ez parlamentuko gehiengoak eta are gutxiago karrikan Fukushima zela-eta haserre mobilizatu ziren herritarrek pentsatuko zuten erabaki horrengatik isunak pagatu beharko zituztenik.

Baina egun gutxi behar izan zuen Vattenfall energi konpainia suediarrak nuklearren itzalketagatik 3.700 milioi euroko kalteordainak eskatzeko. Kontua jada ez da bakarrik datozen 100 edo 200 urte sortuko diren alemanek irentsi beharko dituztela azken urteotan konpainia elektrikoak aberasteko balio izan duten erregai erradioaktiboen hondarrak; orain gainera energia mota bati uko egiteko erabaki burujabea hartzeagatik kalteordainak behar dituzte pagatu.

Vattenfalleko exekutiboek badakite auzia irabazteko aukera handiak dauzkatela. Aurretik auzitara eraman zituzten Alemaniak ezarritako ingurumenaren aldeko arau berriak, eta lortu arauok “ahanztea” ikatzezko zentral elektriko baten baimena lortzerakoan.

Kasu hau eta gehiago kontatu ditu berrikitan John Hilaryk Red Pepper aldizkari britainiar ezkertiarrean “Capital courts: how corporations can hold governments to ranson” (Kapitalaren auzitegiak: nola lortzen duten korporazioek xantaia egitea gobernuei) artikuluan. Hilaryk The  Poverty of Capitalism liburuan aztertu ditu gisa bereko gehiago.

Legezko estortsio zuri mota hau indartuz etorri da azken 30 urteotan. Bilateral Investment Treaty (Alde biko Inbertsio Ituna, ABI) deitzen zaie kapitalak estaturik sendoenen ingurumen edo gizarte politikak desegiteko darabiltzan tresna horiei. Hilaryk lehenbizikoen artean nabarmendu du 1959an Pakistanek eta Alemaniak sinatu zutena. Geroztik, eta batik bat 1990eko hamarkadatik ugaritu direlako, 3.200 baino gehiago omen dira.

Ezaguna da konpainia handiek leku batean negozioa eginez etekinak beste edonora eraman ditzaketela. Baina, gainera, ABI hauek beren hizki txipietan dakartenaren ondorioz, multinazionalen eta estatu baten artean eztabaida egonez gero ez dira herrialde horretako auzitegiak disputa ebatziko dutenak, bestelako sasi-auzitegi internazional batzuk baizik.

“Arbitrajezko auzitegiok –dio Hilaryk– ez dira sasi-epaitegiak baino [kangaroo courts]. Arbitroek ez daramate aginte publikorik, herrialdeetako auzitegietan daramatena bezalakoa, aitzitik, merkataritza zuzenbidean berezitutako abokatuak dira, ad hoc izendatuak eta enpresen alde egin dezaten ipini dituztenak. Auzitegiok ezkutuan biltzen dira eta arbitrook hainbeste jokabide okerretan harrapatu dituztenez, auzitegiok aldeko indarrek ere aitortzen dute sinesgarritasuna galdu dutela”.

Lege berrien kontrola

1997an Kanadako Gobernuak debekatu zuen gasolinak MMT gehigarria eramatea, osasuna kaltetzen zuelakoan. Ordurako indarrean zegoen Kanada, AEBak eta Mexikoren arteko merkataritza arautzen duen NAFTA itun famatua. AEBetako Ethyl Companyk erreklamazioa sarturik, bakeagatik Kanadak 13 milioi dolar pagatu behar izan zizkion, MMTren debekuan atzera egiteaz gain.

Hilaryren kontabilitatean, itunon orain arteko biktima nagusiak Amerikan egon dira. Argentinak 105 milioi dolar pagatu behar izan zizkion Frantziako Vivendi multinazionalari Tucuman eskualdeko ur zerbitzu pribatizatua berriro publiko egiteagatik. Arbitroei bost axola zitzaien tucumandarren %80 konpainiaren zerbitzu txarra salatu izana.

Ekuadorrek pagatu du orain arteko kalteordainik handiena: 1.700 milioi dolar Occidental Petroleum multinazionalari, nahiz eta arbitroek onartu legea urratu zuela.

Alderantzizkoa, alegia multinazionalak pagatu behar izatea, gutxitan gertatzen da. Ekuadorrek 19.000 milioi dolarreko kalteordanainak erreklamatu zizkion Chrevron yankiari, baina alferrik, arbitroek atzera bota zuten.

Orain Europa eta AEBak negoziatzen ari baitira beren TTIP propioa, bien arteko merkataritza are gehiago liberalizatzeko, Transnational Institute eta Corporate Europe Obsevatory erakundeek Profitting for Crisis liburuxka plazaratu dute. Izan ere, TTIP berria baino lehendik ere Europako estatuek sinaturik dauzkaten itunen ondorioak azaldu baitira. Krisia dela eta, orain arte Mendebaldeko korporazio handiek herrialde ahulagoei egiten zietena dagigute europarroi.

Zehazki Espainiak, Greziak eta Ziprek jasandako erasoak nabarmentzen dira Proffiting for Crisisen. Grezia Postova Banka eslovakiarrak pertsegitu du, ordurako zabor-bonotzat jota zeudenak erosiz negozioa egin eta gero, kalteordain bila. Gauza bera egin du Ziprerekin Marfin Investment Group inbertsio funtsak, hondoa jo zuen Laiki Bank nazionalizatzeagatik.

Espainian aurkitu dute adibide hurbila. 22 inbertsio funtsek nazioarteko sasi-auzitegiotara eraman dute Madrilgo gobernua energi berriztagarrietan egindako murrizketengatik. “Murrizketok ekonolgistek ere kritikatu dituzte, baina inbertitzaile atzerritarrak dira auzitegietara jotzeko indarra duten bakarrak. Irabazten badute, lehendik krisiak kolpatuak diren Espainiako herritarrek pagatuko dute”.

Gerta liteke herrialde batzuek beren bankuak erreskatatu ostean orain atzerriko inbertsio funts espekulatzaileak ere erreskatatu behar izatea, Alde Biko Itunak direla eta.

Abokatu kabinete ospetsuek defenditzen dituzte korporazioen erreklamazioak: Allen & Overy, Herbert Smith Freehills, K&L Gates, Clayde & Co... eztabaidaren ondoren, hiru abokatuz osatutako auzitegi pribatu batek ebazteko.

Europako Batzordearen konplizitatea daukate, zorren berregituraketak eta bankuak salbatzea berak sustatzen ditu, Alde Biko Itun berriak sustatzen jakinik aurrekoek zer nolako kalteak ekarri dituzten.

“Europan bezala AEBetan –diote Proffiting for Crisisen– bankuen erreskateak jendearen haserrea eragin du, eta ulertzekoa da. Orain premiazkoa da jendeari jakinaraztea inbertsio funtsen erreskatea ari direla prestatzen eta nazioarteko merkataritzaren arauak aldatu behar direla”.

Hori altermundialisten asmoa. Bitartean AEBetako eta Europako agintariek prestatzen dute TTIP itun berria, korporazioek eta kabinete ospetsuetako abokatuek herritarren zintzurrak hobeto estutu ahal ditzaten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Enpresak
2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


2024-03-17 | Roser Espelt Alba
Desjabetze bidezko metaketa berriztagarria

Zertara dator gure herria zentral eolikoz eta eguzki-plakaz betetzeko urgentzia hau? Bistan da, arrazoi agerikoena klima aldaketari erantzuteko premia dela, erregai fosilak iturri berriztagarriekin ordezkatzekoa. Hain zuzen, hori omen da Europako funtsen zein estatu eta... [+]


2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Riderren lan eskubideak bermatzen dituen direktibaren alde egin du Europar Batasunak

Frantziako Estatua eta Alemania izan dira aurka kokatu diren estatu bakarrak. Direktibaren lanketa 2021eko abenduan abiatu zuen Europak, baina trabak eta presioak tarteko, hiru urte baino gehiago behar izan ditu onespenak. Europako Parlamentuak bozketa berrestea falta da.


Iberdrolak 4.803 milioiko irabazi garbia izan zuen 2023an

% 10,7ko igoera izan du aurreko ekitaldiaren aldean; iaz, 4.339 milioiko errekorra lortu zuen. Hala ere, Ignacio Sanchez Galan presidenteak irabazi elektrikoen kargaren aurka egin du.


Eguneraketa berriak daude