Abertzaletasuna transbertsalitatearen eredu

  • Abertzaleek zirt edo zart egin behar zutela adierazi genuen bigarren itzuliari begira, baita egin ere. Abstentzioaren gorakada azpimarratu genuen eta %40koa izan da berriz ere. Argazki hau utzi digute Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeek.

Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapez berria, Batera plataformako kide zentrista.
Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapez berria, Batera plataformako kide zentrista.
Zentro-eskuina nagusi BABn

Jean-Rene Etchegaray zentrista eta Baterako kidea –UMP eskuindarraren sostenguz– da hiriburuko auzapez berria, doi-doi baina. 26 bozen aldez garaitu zaio PSko Etchetori. Michel Veunac zentrista Biarritzeko auzapez berriak UMPko Max Brisson garaitu du. Borotraren legatua eta abertzaleen laguntza baliatuz. Angelun PSko Jean Espilondoren porrota eta UMPko Claude Olive auzapez berriaren izendapena baieztatu da. Zentro-eskuina nagusi da Baiona, Angelu eta Biarritzen (BAB).
Donibane Lohizune, Hendaia...
Donibane Lohizunek UMPkoen plaza izaten jarraitzen du, baita Urruña, Ziburu eta oro bat Lapurdiko hainbat herrik ere. Sozialistek Hendaiako Herriko Etxea berreskuratu dute Kotte Ezenarroren eskutik, abertzaleen sostenguarekin. Hendaiakoa da PSko garaipen bakarra Iparraldean. Paueko kontseilari Ezenarro indartua jalgi da. Abertzaleek zirt edo zart egin behar zuten lehen itzuliaren ondoren, baita aliatu izan dituzten indar ekologisten eta ezkertiarren ildoan egin ere. Emaitzak ez dira nahi edo espero zutenak, hain ziur, baina koherentziaz jardun dute. Uztaritzen Bruno Carrere abertzalea da auzapez, abertzaleen aurrerakadaren lekuko –Baigorrirekin batera Uztaritze ezkerreko abertzaleen plaza eta indargunea da–. Senperen izan da ustekabea, abertzaleek auzapezgoa galdu baitute UMPren mesederako.

Baxenabarre

Baigorri ezkerreko abertzalearen plaza eta indargune dela baieztatu da, Donibane Garazi –auzapez Alphonse Idiart eskuindarra duela– eta Donapaleu herri nagusien aldean, UMPko Jean-Jacques Loustaudaudinek jarraituko du karguan honetan. Edonola ere, Baxenabarren EH Bairen indarra eta kolorea begi-bistakoak dira.

Zuberoa

Mixel Etxebestek auzapez jarraitzen du Maulen. Ezkertiarrek estutu dute, alta. Louis Labadot komunistak indartsu segitzen du oposizioan. Ezker abertzaleko Beñat Elkegarai ere sendo sartu da plazan.

Iparraldea eta Estatua

Herri Elkargoetako hautetsiak ere hautatu dira. Artean, emaitza zehatzik gabe, hautetsi abertzalek –ezkerreko nahiz EAJ-PNBren zentristen ildokoek– zenbait aulki bereganatu dutela aurreratu dezakegu. Argazkia osatzeko bi zertzelada: abertzaleena ekimen transbertsalaren eredua da. Estatuan milaka zinegotzi eta hamalau hiriko udalbatza lortu dituen –Marine Le Penek gidatutako– eskuin muturreko FNk tokirik ez duela Iparraldean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri bozak 2014
2016-05-29 | Mikel Asurmendi
Jean-Michel Coscarat, Baigorriko auzapeza
"Herritarren harremanak aldatzen ari dira, euskara orain ez da politika afera"

Baigorri, 1958. Bi urte auzapeza dela, Aintzina Baigorri hautagaitzaren izenean. Ez dago ezein alderdi politikori atxikia. Sukaldaritza Eskolako irakaslea da Donibane Garazin. Baigorri –herria eta eskualdea– ezaguna da, eta aurten are gehiago ezagutzera eman da: [+]


Eguneraketa berriak daude