Denbora-pasako kontra-izanak

Aurrena, objektu bat hautatu, edozein, izan fisikoa (aulkia, elefantea, ortzadarra…) zein moral edo metafisikoa (tristura, justizia, maitemina...). Aurkezpen honetarako, arrazoi metodologiko-didaktikoak tarteko, zirkulua aukeratuko dugu, abiapuntuan behintzat denok gauza bera izan dezagun buruan.

Hurrena, objektu horren kontrakoa zein den erabaki. Zirkuluaren kasuan, karratua datorkiguke gehienoi burura, eta ezin ukatu ezaugarri kontrajarriak dituztela bi objektu horiek.

Zirkulua eta karratua, ordea, gogo-ardatz berekoak dira: ardatz horretan dira kontrajarriak, eta ardatz horretara mugatzen da haien arteko kontra-izana. Elkarrengandik nahi bezain urrun daudeke, baina, funtsean, elkarren ispilu dira. Eta, ispilu-joko horren ika-mikan, ardatza dute sendotzen.

Egokiago litzateke, beraz, lerroa (zuzena zein bestelakoa) edo piramidea hartzea zirkuluaren kontraizantzat, dimentsio biko ardatza ukatzen baitute horiek biek.

Baina, lerroa eta piramidea ez dira zirkuluarekin kontraizanik handiena duten objektuak. Jolasa eternalki luza daiteke, nekez aurkituko baitugu zirkuluarekin nola edo halako loturarik ez duen ezer. George Lakoffek zioen bezala, elefantea ukatzean elefantea ekartzen dugu hizpidera (edo gogobidera, behintzat).

Horra fikzio-zientziazko filmek duten arazoa. Etorkizuna asmatzen hasita, gure garaikoa ez bezalako mundu bat irudikatu nahi izaten dugu, oraingoaren ahalik eta kontraizantsuena. Gure eskema eta pentsamoldeetatik urruntzen ari garelakoan, ordea, gaurko gure eskema eta pentsamoldeok proiektatzen ditugu, ezinbestean, etorkizun horretan.

Ikusi berri dut, zineman, Her filma. Zehaztu gabeko etorkizunean garatzen da kontakizuna. Hari nagusia, sistema operatibo berri batekin maitemintzen den idazle baten jiran bilbatzen da: idazle horren eta sistema operatibo berriaren ahotsaren arteko maitasun ipuina da filma.

Etorkizuneko xehetasun batzuk aise iragartzeko modukoak dira (konputagailuek tekladurik ez izatea, esaterako); beste batzuk, berriz, ez hainbeste. Idazlearen sakelekoa, adibidez, txikia da oso filmean, baina oraingoen tankera-tankerakoa. Eta, nork daki, grafenoari eta nano-zerei esker XXI. mende amaierako konputagailuak gaur egungo musuzapien antzeko izango dira beharbada, sakelean zimurtuta eramateko modukoak.

Historian zehar egin izan diren profezia askok hankasartze barregarri dirudite gaur egun: “Airea baino pisuagoa den ezer ez da inoiz airean hegan ibiliko” (AEBetako armada buru –ez oso argi– batek, duela mende bat pasatxo).

Hobekien irauten duten iragarpenak, maila sinbolikoan geratzen direnak dira, Kubricken 2001 Espazio Odisea bat, adibidez. Zaila baita, xehetasunetan batez ere, eskema zaharrak astindu eta geroari begi garbiz begiratzen ikastea. Eta ez bakarrik zientzian.

Hain zuzen ere, nago politika alorrean ez ote den beharrezkoen begi-garbiketa (edo begirada-lifting) hori: denontzat bizigarri izango den etorkizuna adostekotan, hobe genuke proposamen itxiegiak baztertzea, bestela barregarri (edo negargarri) geratzeko arrisku latza daukagu eta.

Airea baino trinkoagoko makinak egunero ikusten ditugu hegan. Zergatik ez dira, ba, gaur egun estatu propiorik ez duten nazioak ere halako batean hegan libre hasiko? Eta, batez ere, nork daki gerora desagertu beharrekoa ez ote den estatua, eta ez nazioa?
Zirkuluaren kontraizanik petoena, oraingoz eta nik dakidala, esperantza da.


ASTEKARIA
2014ko apirilaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Iruñean familia bat etxegabetuko dutela salatu dute Harituk eta Jaki Tokik

Bilatu dituzten beste etxeetako jabeek ez diete etxerik alokatu nahi izan familia ugaria, soldata bakarra eta atzerritar jatorrikoak izateagatik.


2024-02-13 | ARGIA
Hamabi familia etxetik bota nahi dituzte Pasaian, trenbide zati bat egiteko

Pasaiako portuko langileen familiak bizi diren Trintxerpeko etxebizitza bloke bat bota nahi dute Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, 400 metro inguruko trenbide zati bat egiteko. Lau hilabetetan etxea utzi behar dutela ohartarazi diete.


Bilboko etxegabetzearen aurka protestan ari direnen kontra oldartu da Ertzaintza

Ostiral goizerako zegoen ezarrita etxegabetzea eta horren kontrako protestara dei egin du Bilboko Etxebizitza Sindikatuak. Protestan ari direnen aurka oldartu da birritan Ertzaintza, eta dagoeneko pertsona bat atxilotu du, Gedar-ek jaso duenez. Etxegabetzea burutu dute.


Eguneraketa berriak daude