"Opusek diktaduretan baino ez du izan indarra"

  • Opus Dei erakundea utzi eta bere testigantza ematen lehena izan zen Alberto Moncada soziologoa (1931, Valentzia, Espainia). José María Escrivá de Balaguer-ek Piurako unibertsitatea sortzera bidali zuen Perura, 60ko hamarkadan, eta han zela Opus barruan izandako bizipenak aletu zituen El Opus Dei: Una interpretación liburuan (1972). Lanik ezagunena, dena den, Historia Oral del Opus Dei du (1987): erakundea uztea erabaki zuten bost pertsona ezagun elkarrizketatu zituen liburu horretan.

Opus gidatzeko lanetan José María de Escriváren ondorengoa izan zen gotzaina, Álvaro del Portillo, Madrilen beatifikatuko dute heldu den irailaren 27an. Ez al zebiltzan haize berriak Vatikanoan?

Oso pragmatikoak dira Vatikanoan, eta badakite Opus Dei korronte indartsua dela. Egia da Opuseko jendeak ez duela botererik han, arestian ez bezala, baina beatifikazioa Aita Saindu berria izendatu baino lehen aurreikusia zegoen. Gainera, Vatikanoaren ohitura da erakundearen sortzailea eta bere bigarrena kanonizatzea; argi zegoen gertatuko zela.

Galdu al du Opusek Joan Paulo II.arekin zeukan boterea?

Noski baietz. Besteak beste, Aita Saindu berria jesuita zaharra delako, Opusen kontrako jesuiten tradiziokoa. Opusekoei ezin die zuzenean kontrako keinurik egin, eskandalagarria izanen litzatekeelako, baina ez aipatzearekin aski da, eta hori da hain zuzen egiten duena: ez ditu ezertarako aipatzen.

Eta Espainiako Estatuko politikagintzan?

Francorekin boterea zuen, baina orain ez du batere. Santa Teresaren inguruko txorakeriak esaten dituen ministro supernumerario hori kenduta, ez dago beste inor. Opusek diktaduretan baino ez du izan indarra, Francorenean, Txilekoan, Argentinakoan. Egun, Alderdi Popularraren barruan ez dauka inolako pisurik.

Abortuaren lege erreforman ez du eraginik izan?

Nik ez nioke “meritu” hori Opusi egotziko. Rajoy eta Gallardón eskuin muturreko boto-emaileak berreskuratzeko borrokan ari dira, eta Elizaren hierarkia lausengatu nahian. Baina ez zaie ongi atera, kontrako erantzun zabala izan dutelako, baita popularren artean ere.

Escrivá beatifikatu eta kanonizatu zutenean, Opus Deiren sekta izaerari buruzko eztabaida piztu zen. Zu zeu lehenetarikoa izan zinen salaketa hori egiten.

Bai, Opus Dei barrutik bizi izan nuelako. Baina onartu beharra dago asko aldatu dela. Hasierako garaietan, numerario laikoek (ingeniari, abokatu edo medikuek) etsenplu eman behar zuten, eguneroko lanaren santifikazioa egin behar zuten, oraindik ongi konprenitzen ez dudan zera hori bete behar zuten. Denborak aurrera egin ahala, klerikalizazioak gora egin du: Opuseko agintari guztiak apaizak dira orain, ez dago laikorik agintarien artean. Bidenabar, ikastetxeak sortzen joan dira, hasierako tradizioari uko eginez, Escrivák ez baitzuen ikastetxerik nahi, eta hori da orain duten bakarra. Izan ere, Opusek jesuitak ordezkatu ditu klase ertain eta ertain-altuko ikasleen hezkuntzan. Espainia eta Latinoamerikako hiri nagusi bakoitzean ikastetxeak dituzte eta horrexegatik Opuseko kide gehienak irakasleak dira. Eskoletan sartuta bizi dira, eta barruko burokrazia horretan denbora eta energia guztiak agortzen dituzte. Hor ikus daiteke, hain zuzen ere, erakunde honen sekta izaera, besteak beste, kideen gaineko kontrola ikaragarria delako. Ideologikoki ere erabat ortodoxoak dira, eskuinekoak, Kristoren Legionarioen edo Kikoen pare.

Mugimendu horiek, Kikoek kasu, egundoko gorakada ezagutu dute Joan Paulo II.arekin.

Bai, hori egia da. Hego Amerikan batik bat, bertan hartzen baitu babes erlijio katolikoak. Europan, erlijio katolikoak ez dauka inolako pisurik: jendea ez da mezara joaten, ez dute aitortza egiten, ez dira elizetan ezkontzen eta ia-ia ez dago apaizik. Espainiako Estatuan, apaizen batez besteko adina 64 urtekoa da. Hego Amerikan ostera, protestante eta katolikoen arteko lehia bizia da, Brasilen bereziki.

Opusdeilibros webgunean, depresioak jotako eta beren buruaz beste egindako pertsonen kasu mordoa aipatzen da. Ez al dira esajeratzen ari?

Ez. Opusen bakardadeak eta bizi izan duen aldaketak bi berritasun ekarri ditu: batetik, kide ugarik arrapaladan egin du ihes, intelektualenek hanka egin dute. Bestetik, arazo psikologikoak daude; oso latza da Opuseko kide izatea eta jende asko erotu egiten da. Uneoro pilulak hartzen aritu behar dute. Opuseko emakume zahar gehienek depresioaren edo antsietatearen kontrako pilulak hartzen dituztela aitortu zidan erakundeko emakume batek.

Horri lotuta, Iruñeko ospitale unibertsitarioaren laugarren solairuan gertatzen dena salatu izan duzu.

Erotzear daudenak artatzeko egitura prestatu dute solairu horretan. Gaiaz artikulua idatzi nuenean, 50 lagun zeuden hor bizitzen. Orain, ziur aski, gehiago egonen dira.

Nola hartzen ditu Opuseko jendeak Opuslibros bezalako webguneak?

Itxi egin nahiko lukete eta botere aski izanen balute itxia egonen litzateke. Hain giro hertsian bizi direnez, euren kideei ez diete ahots kritikoak entzuten uzten. Baina webguneko zuzendariak aitortu dit jasotzen dituzten bisiten artean asko Opusen barruan dauden kideei zor zaizkiela.

Konplikatua al da Opusetik ateratzea?

Kontu ekonomikoa oso garrantzitsua da. Opusekoek beren diru guztia erakundeari eman behar izaten diotenez, kide ugari ez dira ateratzen dirurik ez dutelako. Nik, uztea erabaki nuenean, bi abantaila nituen: lanbide bat neukan eta nire familiak ez zuen diru premiarik. Hortaz, ez nuen arazorik izan. Perun, Piurako unibertsitateko errektorea nintzenean, hartu nuen erabakia.

Escrivák Opus erakundea sortu zuenean, Errepublikaren kontra zeuden gazteak erreklutatu zituen. Orain, eskoletan lortzen dituzte beren jarraitzaileak…

Opus 30eko hamarkadan sortu zen, eta Escrivá, gizon argia zenez, Madril eta Valentziako ikasle katolikoen erresidentzietan ibili zen, han lortu zituen lehenengo hamar-hamaika jarraitzaileak. Gerra Zibila amaituta, erlijiotasuna ikaragarri hazi zen; frankismoa nazional-katolikoa zen eta giro horretan, jende askok Opusekin bat egin zuen. Orain, dena aldatu da, haurrak erreklutatzeari ekin diote, bi bidetatik: euren eskoletan eta supernumerarioen familietan. Zuzenbide Kanonikoak debekatzen badu ere, 13-14 urteko haurrak erreklutatzen dituzte, Batxilergoa finituta gehienek erakundea uzten duten arren. Opus Dei ez da askatasunarekin bateragarria eta gazte horiek karrikara irteten direnean, unibertsitatera joaten direnean, erakundea uzten dute. Gainera, sexuaren gaia dago. Apaiz edo fraide ez den norbait, gizartean integratuta dagoen norbait, harreman sexualak ez izatera behartzea ikaragarria da. Asko eta asko erotu egin dira horrengatik.

Sexuagatik bereizten duten ikastetxeak diruz laguntzeak polemika piztu du duela ez hainbeste.

Alderdi Popularrak Konstituzioaren doktrinaren aurka egiten du, neska-mutilak bereizten dituzten eskolak diruz laguntzea baimentzen duenean. Ziur naiz bokazioak lortzeko egiten dutela bereizketa hori. Ez dago arrazoi pedagogikorik, errazagoa zaie sexu bakarreko eskoletan propaganda egitea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Opus Dei
Ikastetxe segregatzaile bat sortzeko lanean ari dira Nafarroako Opus Deiko familia batzuk

Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxetako ikasleen guraso talde batek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarekin hitz egin du ikastetxe pribatua sortzeko prozedura ezagutzeko.


Segregazioa baztertu eta misto bihurtuko dira Nafarroako Opus Deiko bi eskola, laguntza publikoa jaso aldera

Nafarroako Auzitegi Nagusiak azaroaren 3an emandako ebazpenak eragin du aldaketa. Segregazioa amaitu ezean bi eskolek ezingo baitute diru publikorik jaso 2025-26 ikasturtetik aurrera.


Opuseko ikastetxe batzuek sexu segregazioarekin jarraitzen dute Iruñean

Hasi da ikasturtea eta milaka ikasle itzuli dira ikastetxeetara. Iruñean bazegoen jakin mina ea nola itzuliko ziren ikasleak sexu banaketa egiten duten El Redín edo Miravalles ikastetxeetara, edota Irabia-Izagara, guztiak Opus Dei erakundeari lotutako ikastetxeak.


Unibertsitateak eta hezkuntza sistemak eragindako arrakalak agerian

Unibertsitatera sartzeko proba egitear da milaka ikasle. Gure gizarte desorekatuan, azken helduleku eta esperantza beti da hezkuntza: aukera berdintasunaren ikur, igogailu sozialerako amets. Errealitatean, baina, pribilegiatuak pribilegiatu eta zapalduak zapaldu mantentzen... [+]


Opuseko Irabiak eta El Redinek Batxilergoko notak puzten dituztela salatu du Nafarroako Arartekoak

Iruñeko ikastetxe kontzertatu ezagunak dira biak, eta Batxilergoko ikasleen notak puzten dituztela sumatuta, Arartekoak bi eskola horien jarduna azter dezala eskatu dio Nafarroako Hezkuntza Departamentuari.


Eguneraketa berriak daude