Agur marjinazioari

Uztaritze bilakatu da abertzaleen aurrerakadaren sinbolo Ipar Euskal Herriko iragan udal hauteskundeetan. Eta abertzale eta ezkerreko bestelako indarren aliantzaren lekuko. Batuketa eraginkorra izan da toki askotan eta aurrera begira ildo interesgarria finkatzen du Ipar Euskal Herriko politikan. Duela 25 urte Herria Bizi Dadin hautagaitza abertzalea Uztaritzen aurkeztu zenean zinegotzi bat lortu zuen, 2001ean abertzaleak hirura iritsi ziren botoen %26rekin eta 2014an alkatetza lortu dute bigarren itzulian botoen %45,6rekin.

Lehenbizikoz, 6.000 pertsonatik gorako herri batean alkatetza lortu dute abertzaleek Lapurdin. Ez da txantxetako sinboloa. Eta sinboloa da, abertzaleek erakutsi dutelako haien sustraitzea gero eta sendoagoa dela Ipar Euskal Herri osoan. Uztaritze, Baigorri, Ziburu, Urrugna, Ahetze, Arbona, Hendaia, Baiona eta beste hainbat herritan, emaitza esanguratsuak lortu dituzte eta bigarren itzulian hainba alkatetza lehiatu dituzte edo giltzarri izan dira hainbat udaletan alkatetza erabakitzeko.

Abertzaletasunaren indar politikoa gutxiengoa da oraindik Ipar Euskal Herrian, eta BAB moduko esparru nagusietan luzerako kontua dirudi gainera, baina jadanik ez da marjinala, azken hamarkadetan izan den gisan. Badirudi esparru politiko esanguratsu moduan finkatu dela eta herritarrak alternatiba balioa ere eman diola hainbat lekutan. Uztaritzeko alkate berri Bruno Carrerek aldeko zein kontrako milaka begi izango ditu bera eta bere lan taldeari begira, eta orain du aukera frogatzeko beste udal gehienak gobernatzen dituzten zentro-eskuineko eta PSko agintariek baino hobeto egin dezakeela, besteak beste bere taldeak ideia desberdinak dituelako eta alderdi dinosauroen zamarik ez duelako.

Frantzian

Zentro-eskuinak aise irabazi du ia lau puntu gora eginez 2008arekiko (%42,5 / %46). PS hondoratu egin da ia 10 puntu galduz 2008arekiko (44,63% / 36,41%). Tolosa, Bastia, Ajaccio, Paue, Tours, Angers, Reims, Kemper, Saint-Ettiene eta beste hiri garrantzitsu asko galdu ditu. Eta 10.000 biztanletik gorako 151 herri ere bai. François Hollande Errepublikako lehendakariak jasotako danbatekoa itzela izan da, eta gainera, inkestek adierazten dutenagatik, gainbehera oso lotua dago Hollandek bere agintaldi laburrean egindako ibilbide eskasarekin. Zentro-ezkerreko bozka emaile askok nahiago izan du etxean geratu edo baliogabe bozkatu. Haringarri gisa, Anne Hidalgo PSko hautagaia izango da Pariseko lehen alkate emakumezkoa.

Guztiz bestaldean, eskuin-muturreko FNk inoizko emaitzarik onenak lortu ditu udal hauteskunde batzuetan. Eskuin muturrak –gehiengo handia FNren bozka da– botoen %1,5 lortu zuen 2008an eta 2014an %8,9.

Yolanda Barcina

Lehendakariak ez ditu hauteskundeak aurreratu eta, beraz, 2014ko maiatzeko bozek erabakiko dute gobernu berria. PSNren galera, CANeko afera, zuzendari garrantzitsuen dimisioa, Idoia Nievesen dimisio-lehergailua eta ikerketa batzordea, bi zentsura mozio, UPNren barne zatiketa... guztiari egin dio aurre Barcinak, bere indar pertsonala eta, Espainiako Justiziaren eta PSOEren estimaezineko laguntzarekin. Bere ahuldadearen erakusgarri dira aurrekontuak: 2014an hirugarrenez luzatu beharko ditu seguruenik. Inguruan bederen, ez da ezagutzen halakorik egin duen gobernurik. Baina, jakina, ezta ere 80 kilometroko abiadura handiko tren ibilbidea egin nahi duen gobernurik. Orain UPNk urtebete du ikusteko nor izango den lehendakarigai, edo Barcina bera edo beste norbait, Alberto Catalanek eta Miguel Sanzen sektoreak nahi duten bezala.

Oposizioak ere urtebete du. Boterea hartzeko bere ezintasuna hor dago, baina oposizioa egiteko sendotasuna ere bai. PSNk nahiko lan izango du zauriak miazkatzen eta, printzipioz, hauteskundeak oso aldapa goran datozkio. Gainerako alderdi eta koalizioek –Bildu, Aralar-NaBai, Geroa Bai eta Ezkerra– posizio onean dira: batetik, oraindik urte osoa dute Barcinaren Gobernuaren ahuldadea erakusteko; eta bestetik, azken hamarkadatan Nafarroa ofizial eta faktikoak izan duen oposiziorik sendoena osatu dute. Ikusita azken hiru hamarkadatan Nafarroan oposizioa zer izan den, ez da txantxetakoa. Maiatzean lehen termometroa: Europako hauteskundeak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri bozak 2014
2016-05-29 | Mikel Asurmendi
Jean-Michel Coscarat, Baigorriko auzapeza
"Herritarren harremanak aldatzen ari dira, euskara orain ez da politika afera"

Baigorri, 1958. Bi urte auzapeza dela, Aintzina Baigorri hautagaitzaren izenean. Ez dago ezein alderdi politikori atxikia. Sukaldaritza Eskolako irakaslea da Donibane Garazin. Baigorri –herria eta eskualdea– ezaguna da, eta aurten are gehiago ezagutzera eman da: [+]


2014-04-06 | Mikel Asurmendi
Herri bozak iparraldean
Abertzaletasuna transbertsalitatearen eredu

Abertzaleek zirt edo zart egin behar zutela adierazi genuen bigarren itzuliari begira, baita egin ere. Abstentzioaren gorakada azpimarratu genuen eta %40koa izan da berriz ere. Argazki hau utzi digute Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeek.


Eguneraketa berriak daude