Bazkaldu al dezake sagardotegian begetarianoak?

  • Haragijaleen munduan menu begetarianoa dastatzeko aukera, horixe da Iparragirre sagardotegiak Hernaniko Osinaga auzoan (Gipuzkoa) eskaintzen duena. Beno, hori eta sagastien ondo-ondotik AHTko obren bisitatxoa, zulo sakonez eta hormigoizko pareta sendoz edertutako paisaia. Baina itxaron, zer zen menu begetarianoaren kontu hori?

Menua osatzeko, bertako produktuekin ahalegintzen dira Iparragirre sagardotegian, euren baratzekoekin,
inguruko baserritarrek eskaintzen dutenarekin
Menua osatzeko, bertako produktuekin ahalegintzen dira Iparragirre sagardotegian, euren baratzekoekin, inguruko baserritarrek eskaintzen dutenarekin

Sagardotegiak badoaz pixkanaka nor bere izaera hartzen, dauzkaten baliabideen arabera desberdintasunak markatzen. Batzuek ingurua darabilte, beste batzuek irisgarritasuna, eta badago bestelako aukerak eskaintzeko ahaleginean menu zabalagoa daukanik ere. Horixe izan da Iparragirre sagardotegira gerturatzeko aitzakia: otordua. Betiko bakailao tortilla, bakailao frijitu eta txuletaren menutik aterata –eta aukera hori kendu gabe, noski–, begetarianoak ere sagardoa probatzera gerturatzeko arazorik izan ez dezaten, eurentzat menu berezia eskaintzen dute orain hiru-lau urtez geroztik. Sagardo ekologikoarekin eta Labelarekin hasi ziren garai horretan, eta edarian ez ezik elikagaietan ere kalitatezko produktua zaindu nahi zutela azaldu du Arantxa Eguzkitza sagardogileak.

Badira urte batzuk, otorduetako eskaintza zabalagoak ezagun direla sagardotegietan. Hainbatek arraina saltsan jartzeko aukera ematen du, beste hainbatek haragi desberdinak, tortillan ere barietatea egoten da leku batzuetan eskatuz gero… Sagardo denboralditik kanpo urtean zehar irekitzen dutenek ere aprobetxatzen dute eskaintza zabaltzeko, otordu ekonomikoagoak eta abar. Iparragirreko menu begetarianoa sagardo denboraldirako sortu zuten, ohiko menuaren prezioan: pate begetala, etxean egindako berdura purea edo potajea, entsalada epela txanpinoiekin, hanburgesa begetala eta postrea berdina, gazta, intxaur eta menbrilloa. Aurtengoan berritasun batekin datoz, Aste Santutik aurrera ere asteburuetan irekitzeko apustua egingo baitute. Kasu honetan, sagardoa botilaratua izango dute mahaian bezeroek, eta agian txotxerako kupelen bat-edo zabalik. Bezero kopurua garai horretan gutxitu egiten denez, bertako produktu ekologikoak eskaintzeko apustu sendoagoa egiteko asmotan dabiltzala azpimarratu dute etxekoek. Momentuz, janariarekin ez dira produktu ekologiko ziurtatuetan sartzen, nahiz eta horra bideratzeko asmoa duten.

Bertako produktuekin ahalegintzen dira, euren baratzekoekin, inguruko baserritarrek eskaintzen dutenarekin. Sagardo ekologikoaren eta bertakoaren bidetik joko dutela argi du Arantxa Eguzkitzak. Sagardo ekologikoa egiteko etxeko sagastietako sagarrak erabiltzen dituzte –Abiadura Handiko Trenak txikitu dizkien sagastiek jada ez dute fruiturik ematen, baina bizirik diraute beste batzuek– eta ez dute logiko ikusten Euskal Herritik 1.000 kilometrora dagoen beste herrialde batetik sagarrak ekartzea ekologikoaren izenean, ez behintzat iraunkortasunaren ikuspegitik. Hortaz, elikagaiekin ere bide bera jorratzen ari dira, bertako produktuak eta ekoizle txikiak bultzatuz.

Dastaketa saioak

Iparragirrekoek ez dute ahazten eurak sagardogileak direla, euren produktua sagardoa dela eta beste aspektu batzuetan egiten ari diren hobekuntzak beharrezkoak badituzte ere, edariari etengabe begira egotea nahitaezkoa dutela. Bezeroari sagardoa probatzera hurbil dadin aukerak erraztu behar zaizkiola garbi daukate, eta horretarako lehendik ere buruan zerabilten proposamena zabaldu diote publikoari: probaketa. Azken batean horixe da behar dutena, sagardoa gustatzen zaion jendeak eurena probatu eta ahal izanez gero erostea. Beraz, asteazkenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara sagardoa dastatzeko aukera dago Iparragirren, nahi izanez gero pintxo eta guzti, edo gustukoago bada etxetik bokadilotxoren bat eramanda.

Gainera, orain gutxi etxea berritu behar izan dute eraikinak zeuzkan pitzadura eta desplazamendu batzuk medio –eta badirudi ez ziotela mesede egin egunero etxetik pare bat metrora pasatzen diren 50 bat kamioiren pisu eta mugimenduak–. Sagardotegia berritzen hasita, sagardogintzari zuzendutako espazioa prestatzen ari dira. Lehen jangelan kristal baten atzean erakusketa moduan jarrita zeukaten tolare zaharra lekuz aldatu eta publikoari irekita martxan jartzekotan dira, garai bateko ekoizpena nolakoa zen ikusi ahal izateko. Horrekin batera, azalpen taulatxo batzuekin eta argazkiak tartekatuz sagardogintzaren historia eta prozesua ezagutzeko aukera edukiko du gerturatzen denak, eta kata gune bat ere jartzekotan dira, sagardoa, bertako produktuak eta ekologikoak ardatz hartuta. Ez dago guztiz bukatuta, eta apirila-maiatzerako irekitzeko asmotan dabiltza.

Aipatu berri ditugun beste hainbat eskaintzaren artean menuarena nahiko ohikoa izatera iristen ari da sagardo munduan. Horren barruan baina, ez da hain ezaguna menu begetarianoarena. Haragia eta arraina datozkigu burura sagardotegiez pentsatzean, batzuk horixe jateko gogoz eta beste batzuk urteroko zalantzan, ezin badut jan zertarako joan? Bada, menu begetarianoa izan liteke aukera bat.


ASTEKARIA
2014ko martxoaren 30a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagardo denboraldia
"Ez da sagardoa, zu zara" kanpaina jarri du abian Hernanik, eraso matxista eta arrazisten aurka

Herriko zenbait eragilerekin batera, "ez da sagardoa, zu zara" lelopean aurkeztu du kanpaina asteartean Hernaniko Udalak.


2023-01-11 | ARGIA
Abian da txotx denboraldia

“Inflazio eta igoeren gainetik ilusioa eta pasioa elkartuta” aurkeztu du Euskal Sagardoak txotx denboraldia. Sektoreak “pozik” hasiko du sagardotegi garaia, bi urteren ondoren txotxetik dastatu ahal izango delako sagardo berria.


2021-01-20 | Usurbilgo Noaua
Sagardoa txotxetik mahaira, otsailean hasiko den denboraldi berrian

Urte garai honetarako dagoeneko sagardotegiek zaletuez gainezka behar zuten honez gero. Ilara luzeak edari berria dastatzeko irrikan. Jendetza mahaien bueltan, kupeletan. Pandemian gaude ordea eta halako irudirik ez da errepikatuko aurtengoan. Txotx denboraldi berria izan izango... [+]


Sagardo denboraldiaren irekiera

Hernaniarra naiz. Sagardozalea. Eskubaloira jokatu dudan hogei urteetan ezagutu ditudan emakume gehienek, nazioarte mailan jokatutako kirolari handiak barne, nik bezain beste gozatzen zuten sagardotegian garaipenak ospatzen genituenean, edo talde sentimendua kupel artean... [+]


Eguneraketa berriak daude