Oinetako minak ez zaitzala geldiarazi

Oinetako mina arrazoi batek baino gehiagok sor dezake.
Oinetako mina arrazoi batek baino gehiagok sor dezake.

Oinek sarritan jasaten dute urte-sasoiaren aldaketa. Izan ere, udan txankletak edo sandaliak erabili ohi dira normalean, eta udazkenarekin askoz ere gehiago babesten duten oinetakoak janzten hasiko garenez, gure oinek mugikortasun asko galtzen dute. Horrek mina ekar dezake, hasieran arina izan arren denborarekin normal ibiltzea eragotzi eta bizkarreko edo sorbaldako mina eragitera irits daitezkeena.

Non duzu mina?

Mina arrazoi batek baino gehiagok sor dezake, eta zaila da kasu guztietarako balio duten argibide orokorrak ematea. Dena den, tokiaren araberako minaren sailkapena egitea baliagarria gerta daiteke.

Oin-zolan. Arrazoiak bi izaten dira normalean. Batetik, Mortonen neuroma esaten zaiona: zapata estuak edo punta zorrotzegidunak erabiltzearen ondorioz nerbio bat zanpatu eta inflamazioa sortzea. Bestetik, oin-zolako faszitisa, oin-zola azpialdetik estali eta babesten duen mintza handitzea. Lehen kasuan masaje batek mina arindu dezake –kirurgia azken irtenbidea da–; faszitisa izanez gero, aldiz, min zorrotza nabarituko duzu zutik zauden bitartean, baita ibiltzen hasterakoan ere, goizean ohetik jaikitzerakoan batik bat. Medikuak hanturaren kontrako botikak agintzen ditu normalean, baina kasu batzuetan korronte elektriko txikiak ere erabilgarriak izaten dira.

Behatzetan. Mina izan daiteke metatartsoa zabalegia edo handiegia izateagatik. Baina min ematen duena bereziki behatz potoloa denean, eta gorritua agertzen denean, agian ureazko kristalak pilatu dira bertan eta hezueriaren susmoa baztertu beharko da. Azken kasu horretan, jan-neurria zaindu beharko duzu: kontuz janari koipetsuekin, mariskoarekin eta alkoholarekin.

Oin-gainean. Oin-gangaren sindromea izaten da kausarik usuena; lotailuaren gain-tenkatze batengatik sortzen da gehienetan. Konponbiderik onena egunean hiruzpalau aldiz izotza jartzea izan daiteke.

Orpoan. Zapata desegokiak eramateagatik muskuluak eta lotailuak behin eta berriz behartzen direnean, ezproi izeneko luzapen modukoak sortzen dira oineko hezurretan. Eta oso mingarriak izatera irits daitezke. Gain-pisuak edo desoreka biomekaniko batek ere sor ditzake.

Beste gaitz arrunt batzuk

Juanikoteak. Kasuen %40 hereditarioak izaten dira, Harvardeko Unibertsitateko ikerketa baten arabera. Juanikoteek eragindako mina arintzeko belaki batzuk jartzen dira behatz potoloaren eta ondokoaren artean. Batzuetan, hala ere, operatzea beste erremediorik ez da egongo.

Kailuak, maskurrak. Halakoak biguntzeko ona izaten da ur epeletan bainu hartzea. Zenbait kasutan beharrezkoa gerta daiteke aurrez apar-harriarekin leuntzea.

Eguneroko oinarrizko zainketak

Gure oinen azala lodia eta zakar samarra da, baina osasun egoera onean mantendu nahi badugu tratu berezia eman beharko diogu, hidratazio estrarekin batera.

Esfoliazioa. Soberan dauden azalak ezabatzeko, oinak apar-harriarekin, lima batekin edo gel berezi batekin igurztea komeni da, egunean bitan gutxienez.

Hidratazioa. Erabil itzazu mentolez, aloe veraz (belarminaz) eta glizerinaz prestatutako krema bereziak oinak freskatu eta leuntzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


"Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du"

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


Irati Unamunzaga eta Jon Arriaga. Dolu perinatala
"Mina ez da tapatu behar; bizi egin behar da, aurrera egiteko"

Iaz, irailaren 9an, jaio eta egun gutxira zendu zen Irati Unamunzagaren eta Jon Arriagaren umea, Nare. Haurdunalditik beretik, bidearen gazi-gozoak konpartitu dituzte ingurukoekin, naturaltasunez, eta dolu perinatalaren prozesuarekin beste pauso bat egitea erabaki dute:... [+]


Eguneraketa berriak daude