Gerra Hotza Krimean: gasa, urrea, monetak eta diplomazia

  • 2014ko martxoan berriro Gerra Hotzean aurkitu da Europa. Kapitalismoak menderaturik Sobiet Batasunaren inguruan artikulatutako bloke alternatiboa, deitu sozialismo erreala edo estatu kapitalismoa, Historia ez dela amaitu. XXI. hastean inperio kapitalistek talka egin dute Ukrainan eta asko dago jokoan Krimean.

Portal de Seguridad blogetik hartu dugun argazkian, banderarik eta ikurrik gabe doazen tropa errusiarrak Krimeako Sinferopol hiriko sarreran kontrola jarrita. Aste gutxiren buruan gertatu dira Kieveko herritarren mobilizazioak, oposizioaren matxinada, Vic
Portal de Seguridad blogetik hartu dugun argazkian, banderarik eta ikurrik gabe doazen tropa errusiarrak Krimeako Sinferopol hiriko sarreran kontrola jarrita. Aste gutxiren buruan gertatu dira Kieveko herritarren mobilizazioak, oposizioaren matxinada, Victor Yanukovitxen ihesa, Krimearen inbasioa, Krimeako erreferenduma eta Errusiak eskualde hori bereganatzea. Ondoren AEB, Europa eta beren aliatuen zigorrak eta Gerra Hotz berriaren hasiera. Irudi txikiak biltzen du M.Wuerker cartoongile amerikarrak Politico aldizkarian plazaratutako marrazkia: AEBen lurrazala osorik zulatua ageri da erregai berriak eskuratzeko eta itsasontziak partitzen ari diren portuek idatzita daukate ikatza edo gasa esportatzen dutela. Txikizioaren erdian gizonak diotso emakumeari: "Gogoan duzu nola esaten zuten zulatu, hondeatu eta apurtzeko [fracking] kontu hau dena zela gure energiazko burujabetza segurtatzeko?".

Vladimir putinek Krimea hartu zuen bere tropak banderarik gabe bidalita, ondoren eskualdeko parlamentuak erreferenduma antolatu ziztu bizian, herritarrek gehiengo oso handiz Krimea Errusiari itsastea bozkatu zuten, nazioarteak bozketa arbuiatu, AEBek eta Europak erabaki zituzten Moskuko agintarien kontrako isolamendu neurriak... Horrela hasiko ote da 2014an gertatzen ari den Gerra Hotz berriaren istorioa, Kiev eta Euromaidan “aurrekariak” atalerako utzita?

XXI. mendeko gerra hotz berria baita orain gai nagusia, aste urri batzuek lausotu dituzte Euromaidaneko eta gainerako protestaldiak, sistema politiko ustelaren salaketak, Ukrainaren Europara hurbiltzeko nahiak eta beste. Gerrak, izan hotz edo beroak, militarrek egiten dituzte, batzuetan bataila odoltsuetan, bestetan ezkutuka. Baina diruak elikatzen ditu.

“Historia ez da amaitu eta menturaz Krimea txikian ari da erabakitzen mundua ondorengo mende laurdenean zer izango den”. Bartzelonako La Vanguardian Dinero gehigarria koordinatzeaz gain igandero bere analisi ekonomikoa plazaratzen duen Jose Manuel Garayoak esana da La diplomacia del dólar frente al rublo y el yuan artikuluan.

Garayoaren iritzian Errusiak sentitu du AEBek berriro zintzurra estutu nahi diotela. Bukatu ziren Yeltsinen garaiak. AEBak merkataritza libreko eremua ari dira antolatzen Europarekin, Ukraina barne, duela gutxi askok uste zutenez. Pekin Moskurekin batera omen dago urduri Mendebaldearen jokabidearekin. Txina da Mendebaldearen fabrika, Errusia Europaren gas hornitzailea.

Monetaren inguruko politikak gauza abstraktuak dira herritarrentzako, baina Txina bezala Errusia erasotuak sentitu dira AEBetako Banku Zentralaren azken erabakiekin: AEBen zorraren %30 Txina eta Errusiaren eskuetan daude. Hauetako oligarkak hasi dira aipatzen bono yankiak era masiboan saltzeko mehatxua.

“Baina Pekin are urrunago joan da”, dio Garayoak. “Urrea erosten aritu da, probestuz 2013an bere balioaren %28 galdu zuela. 2014an %14,8 garestitu da”. Txinak erosi die urrea Frantziari eta Italiari, AEBek baino gehiago edukitzearren. Zenbait adituren ustez Txinak dolarraren ordez ezarri nahi du renminbi edo yuana urreaz lagundurik. Eta urre meategiak dauzkan Errusia bere alde leukake.

Zertarako urre erosketok? AEBetako agintariei interesatu zaie dolarra apal mantentzea, esportazioak sustatzeko. Ordainetan, renminbia hain garesti egoteak kaltetu ditu Txinaren interesak. Hazkundea moteldurik azken urteotan, gehiago zorpetzea beste biderik ez zeukan eta mugaraino iritsia zen. Maniobratzeko tarte handiagoa behar zuen. “Horregatik –dio Garayoak– Ukrainako krisiarekin dolarraren mundu mailako diplomazia ataka estuan dago, eta bitartean urrea ero moduan ari da garestitzen”.

Gas zahar eta berrien epelean

Nazionalismoek, ikuspegi geopolitiko kontrajarriek eta moneten arteko norgehiagokak adina gasak ere berotzen du XXI. mende hasierako Gerra Hotz berria.

Kontua da Ukraina sutu baino lehen... gasaren mundu mailako merkatua zegoela irakiten. Erruduna: AEB hain arrakasta handiz ustiatzen ari den fracking gasa. Iazko udan Le Monde Diplomatiquen azaldu zuen datu berri hau Regis Genték: “Le gaz schiste chambule la géopolitique” (Fracking gasak hankaz gora jarri du geopolitika).

Irakurlea oroituko da 2005etik 2009a bitartean Ukraina eta Errusiak eduki zuten disputaz, behin baino gehiagotan errusiarrek beren gas emaria eten zietelarik ukrainarrei, berdin negurik gorrienean. Ekialdeko gasa Europara ekartzeko hodi-bide berriak eraikitzen ari ziren eta diren arren, garrantzitsuenek Ukraina zeharkatzen dute oraindik. Kieveko agintariek garestiegitzat zeukaten errusiarrei beren kontsumoagatik pagatu beharreko prezioa eta eztabaidan adostasunik ez zenez, erregai trafikoa eteteko mehatxua gauzatu zuten behin edo beste, errusiarrek berriz batzuei bezala besteei iturria ixten.

Baina hori lehenago zen, fracking gasarekin AEBek bere burua hornitzea lortu aitzin. Hiru urteren buruan yankiak esportatzen hasteko punturaino heldu dira. Genték kontatu zuen nola iazko uztailean bilduak ziren gas natural konbentzionalen ekoizle nagusiak (Errusia, Iran, Qatar, Bolivia...) arbel gas berriaren aurrean estrategia adosteko. AEB gai ziren merkatu barruan gasa unitateko 4 dolarretan saltzeko, Asian 18 eta Europan 10 kostatzen zen bitartean. Bat batean, erregaien %70 atzerritik ekarri behar zuten AEB buruaski izateko puntuan aurkitu ziren.

Alde batera utz dezagun gaurkoz fracking gasaren benetako kostearena. Zeren eta, energia nuklearrarekin gertatzen den bezala, ezkutuan lagatako eta gizarteari bezala biharko jendeei lagatzen zaizkien kosteak kontabilitatetik kanpo uzten baitira. Tartean gasa lurpetik ateratzeko prozesuan eragindako kutsadura izugarria. Baina munduko aberatsenek ez baitute aberririk, orain arte Nigerian edo Ekuadorren kutsatzen zituzten bezala bazterrak petrolioa merke eskuratzeko, orain metropolia bera txirtxilatzeko gai dira, izan Ipar Dakotan edo Pennsylvanian. Baina hori, beste baterako.

Ukraina eta Krimeakoari loturik, inporta dena da gasaren hornidura eskema osoa nahaspilatu dela. Oraingoz Errusiaren kaltetan. Krisiagatik Europak kontsumoa murrizteaz gain, AEBetatik ikatza merkeago dator, hau ere gasaren kalterako, eta laster arbeletik ateratako gasa Europari eskainiko zaio.
Garraioan ere aldaketak daude. Petrolio ustiaketak goia jo duelarik, gas likidotuari eman nahi zaio haren lekua. Ondorioz, produktu berri hori garraiatzen ari dira itsasontziz, propio prestatutako portuetan lagatzeko. Jokaldia usainduz, errusiarrek gero eta gehiago Asiarantz begiratzen dute beren gas zaharra saltzeko.

Ez galdetu aldaketa guztiokin zertan geratuko diren klimaren beroketaren inguruko negoziaketa eta erabakiak. Ikatza modan baldin bada berriro... Pick Oil fenomenoa bera batzuek uste dute pare bat hamarkadaz atzeratu duela fracking gasak.

Inkognita asko dago afera honetan guztian. Baina uka ezinezkoa da Krimean egunetik egunera argitan ikusten diren mugimenduen gibelean gutxi batzuek darabilten jokoan daudela monetak, erregaiak, zor publikoak eta... beti bezala, merkatuak.


ASTEKARIA
2014ko martxoaren 30a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Krimeako krisia
Krimeako tatarerazko telebista lizentziarik gabe utzi du Errusiak

Krimeako tatareraz lan egiten duen munduko telebista kate bakarra, ATR, lizentziarik gabe utzi du Errusiak. Erabakia teknikoa izan dela adierazi diete Nationalian irakur daitekeenez, legedia betetzeko eskabideak ez dituela garaiz bete argudiatuz. Internet bidez emititzen... [+]


2015-03-26 | Ibai Trebiño
Sebastopol "hiri heroikoa"

2014ko otsailaren 28an; Sebastopolen milaka pertsonek Nakhimov almirantearen plaza hartu eta hiriaren defentsa antolatzen hasi ziren. Egun batzuk lehenago, Kieveko Maidan plazako ekintzaile europarzaleek eraikin publikoa okupatu eta botere aldaketa bortizki gauzatu zuten.


Eskoziaren independentzia onartzeko prest da Espainia, Salmondek dioenez

Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiak jada adostu du Espainiako Gobernuarekin Eskoziak independentzia lortzen badu, onartu egingo duela.


Eguneraketa berriak daude