argia.eus
INPRIMATU
Erreforma antisozial gehiago

Juan Mari Arregi 2014ko martxoaren 26a

Azken egunotan asko hitz egin da Espainiako Gobernuak inposatu nahi duen –eta EAEko eta Nafarroako gobernuek ezarri beharko luketen– beste erreforma batez. Orain erreforma fiskala da. Aditu talde baten proiektua dago eta aditu horiek ez dira sektore herrikoien aldeko izatearen batere susmagarriak. Lehen lan erreforma eta bankuen berregituraketa izan ziren; langileen kontrako erreforma antisozialak. Denak kapitalaren, enpresarien eta bankarien zerbitzura.

Hala, Espainiako Gobernuak erreforma fiskalaz zer erabakiko duen zain gaude. Proposamenak PFEZa jaistea aurreikusten du; batez ere gehien irabazten dutenei eragiten die neurri horrek. Aberastasun handiek ordaintzen duten ondare zerga ezabatzea ere ekarriko luke. Enpresariek ordaindu behar duten elkarteen zerga jaitsiko litzateke, baita inbertsiorako finantza produktuak dituztenei interes-tasak murriztu ere. Aldiz, BEZa igotzearen aldekoa da; kontsumitzaileari eta herritar xeheari eragingo lioke horrek. Paradisu fiskalak eta ezkutuko ekonomia ezabatzeko apusturik ez dago ordea, Espainiako Estatuko BPGaren %15 eta %20 artekoa dela uste den arren. SICAV edo inbertsio kolektiboko elkarteak babestea da asmoa, Espainiako Estatuko aberastasunaren zati handi bat hor ezkutatuta dagoela jakinda ere.

Ez gaitu harritu berriz ere bankari, enpresari eta dirudunen mesederako erreformak inposatzea. Hori da kapitalismoaren logika, eta gobernuak bere kudeatzaileak baino ez dira, etekina pilatzen segitzeko tresnak. Hargatik, kapitalak ez die utziko gobernuei bere terrenoan sartzen, bere kobazuloetan, hantxe baititu altxorrak. Paradisu fiskalak deitu ohi zaie zulo horiei. Ez die bere ondarea ukitzen utziko, alderantziz, haren gaineko zerga ezabaraziko du. Enpresetan ere ez dira sartuko gobernuak, baina zergak gutxituko dizkiete. Egoera hau aldatzeko beste eredu sozio-ekonomiko-politikoa behar da, Euskal Herriko subiranotasun ekonomiko eta politikoa ekarriko duena. Eta batez ere, langileen eta herritarren zerbitzura egongo dena.