"Gizarte ekonomiak gertukoago egin ditzae zerbitzu publikoak"

  • Ekonomian eta Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatua da Enekoitz Etxezarreta Etxarri (Donostia, 1981).  EHUko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan irakasten du Gasteizen. Gezki institutuan ikerlari dabil eta UEUko ekonomia saileko kide ere bada.

Andoni Canellada / Argazki Press
Andoni Canellada / Argazki Press

Ekonomia soziala zabalduz joan den kontzeptua da. Zein ibilbide egin du?

Kooperatiba, elkarte eta mutualitateez gain, azken urteetan bestelako enpresa batzuk barneratu dira. Enpresa horiek jarduteko moduan antzekotasunak dituzte gizarte ekonomiarekin, baina ñabardura garrantzitsuak ere badaude. Erakunde berri horietako askok gizarte funtzio eztabaidaezina betetzen duten arren, ez lukete kudeaketa demokratikoaren premisa asebeteko, esaterako.

Beraz, gizarte ekonomian denek ez dituzte esparru horretako ezaugarriak betetzen.

Azken urteetan esfortzu handia egin da gizarte ekonomia definitzeko, bai maila akademikoan eta baita legedian ere. Baina ukaezina da logika ezberdineko erakundeak barnebiltzen dituela. Horrek zerikusia du “hirugarren sektorea” deiturikoa ulertzeko moduarekin. Hau da, ekonomia publiko eta kapitalistaz gain badago hirugarren esparru bat: elkarrekikotasunarena. Eskola anglosaxoiak mozkin asmorik gabeko erakundeekin parekatzen du hirugarren sektorea eta eskola frankofonoak kudeaketa demokratikoarekin.

Gizarte ekonomiako korronte guztiek ez dute oso argi beren burua hor ikusten, zergatik?

Nagusiki, auto-identifikazio arazo hau merkatutik kanpo dauden erakundeek dute, mozkin asmorik gabeko elkarte gisa definitu izan baitira. Hemen, hurbilketa anglosaxoi/frankofonoaren afera ageri da berriz. Denborak esango du bi nozioetatik zein irtengo den garaile, baina nik uste dut atzean dagoen talka legitimitate arazo bat dela.

Espainiako Estatuan ekonomia sozialaren Legea onartu zen 2011n. Zer berritasun dakar?

Aurrekari argia suposatu du Europa mailan. Aitzindaria da gizarte ekonomia definitu eta arautzeko orduan, baina tira, orain gutxi Kanadak ere berea onartu du eta Portugalen eta Frantzian ere tramitazioa oso aurreraturik dago. Espainiakoaren kasuan, maila akademikoan jorraturiko ideia nagusiak jasotzen ditu. Adiera ireki baten alde egiten du, enpresa eta errealitate berriak sartzeaz gain –tartean fundazioak– atea zabalik uzten du bestelako erakunde batzuk ere hartzeko.

Esparrua hainbeste zabalduta, ez al da gizarte ekonomiaz dugun ideia desitxuratuko?

Arrisku nagusia desnaturalizazio batean jaustea litzateke, gizarte helburu bat duen edozein enpresa aintzat hartzea; horrek funtsezko ezaugarriak (demokrazia, autokudeaketa, elkartasuna…) lausotuko lituzke. Baina aukera bat ere bada, orain arte gehiegi landu ez diren aliantzak osatu daitezke.

Zer eragin izan du sektore publikoaren azken urteetako atzerakadak ekonomia sozialean?

Galdera horixe hartu nuen hipotesi nagusitzat doktoretza tesian. Ongizate estatuaren krisiak ba al du zerikusirik gizarte ekonomiaren kontzeptuak izan duen hedapenean? Harreman hau ez da berria, ordea. Gizarte ekonomiaren ezaugarrietako bat izan da merkatuak eta estatuek ase ez dituzten beharrei erantzutea. Adibidez, 80ko hamarkadan, lan elkarteak erabili ziren enpresa kapitalistak hondotik ateratzeko egitura moduan. Azken urteetako gizarteratze enpresak eta enplegurako zentro bereziak, merkatuak bazterturiko kolektiboak gizarteratzeko politika publikoen ezintasunaren ondorio dira. Egia da bestelako prozesuak ere gertatu direla; gizarte segurantza publikoaren hedapenak mutualitate askoren desagerpena ekarri zuen.

Dena den, gauza bat da gizarte ekonomiak ongizate estatuaren atzerakadan zein paper jokatzen duen aztertzea eta bestea zein paper jokatu beharko lukeen baloratzea. Azkeneko honek eztabaida ugari sortu ditu.

Eta zer paper jokatu beharko luke?

Intuitzen dut gizarte ekonomiak abantaila ugari ekar ditzakeela, zerbitzu publikoak parte hartzaileagoak, gertukoagoak eta demokratikoagoak egingo bailituzke. Hala ere, diskurtso hori erabili izan da ez zerbitzu publikoak hobetzeko baizik eta erantzukizun publikotik askatzeko. Pribatizazio sozial gisa ezagutu izan dira prozesu horiek. Ingalaterran oso agerikoak dira, laboralismoak proposatutako “hirugarren bidea” delako hor dago. Tentu handiz jorratu beharreko eztabaida da, zerbitzu publikoak herritarrei hurbiltzeak ez baitu esan nahi erakunde publikoen bermerik gabe eta enpresa pribatuen eskuetan utzi behar direnik.

Maiz, gizarte ekonomiarekin batera azaltzen zaigu ekonomia solidarioa. Zein da bien arteko diferentzia?

Ekonomia solidarioa, berria, mamitsua eta oso kontuan hartzekoa da. Frantzian esaterako, bi adierak –solidarioa eta soziala– etengabeko elkarrizketan daude eta batzeko ahaleginak egin dituzte. Asko laburbilduko dut: ekonomia solidarioak gizarte ekonomiaren zenbait kontraesan mahai gaineratu ditu. Gizarte ekonomiako eragile tradizionalak euren esparruko logika hegemonikoaren mendeko bilakatu direla dio: kooperatibak merkatu-logikaren mendeko eta mutualitate eta lan elkarteak estatu-logikaren mendeko. Hori, ekonomia solidarioko eragileen irudikoz hausnarketa kritiko baten faltari zor zaio. Isomorfismo horri aurre egiteko ezinbestekotzat dute berrarmatze ideologiko bat. Alternatiba ekonomiko berritu baten oinarriak proposatu dituzte eta horren aldeko lan politikoan engaiatu dira.

Herri mugimenduetako ideologiak (ekologismoa, feminismoa…) nola txertatu dira gizarte ekonomian?

Ba, hortxe dago ekonomia solidarioak gizarte ekonomiari leporatzen dion ahulguneetako bat, jendartearen oinarritik aldendu izana, merkatu globalean jardutearen ondorioz. Gizarte ekonomiak sistemaren alternatiba izateko ezaugarriak dituela sinesten badugu, alternatiba horiek eraikitzen ari diren eragileekin harremana izan behar luke. Tartean daude mugimendu feminista edo ekologista. Ekonomia solidarioan mugimendu horiek motibazio iturri garrantzitsua dira. Horregatik diot ekonomia solidarioa bidelagun egokia izan daitekeela, gizarte ekonomia itzuli dadin ahaztu xamar duen jendartearekiko konpromisora.

Zure ustez, gizarte ekonomiak nora joko du kontzeptualki? Eta errealitatean, zer bide egingo du eredu kapitalistaren oinarriak zalantzan jarri direnean?

Kontzeptualki presioa hainbat aldetatik jasoko duela iruditzen zait, bereziki eredu kapitalistaren krisiagatik. Enpresa kapitalisten gainbeherak legitimitate talka ekar dezake enpresa molde alternatiboen artean. Asko dira, azkenaldian, iraunkortasunaren bidetik, kalitatearenetik edo gizarte erantzukizunarenetik, enpresa gizatiarragoaren itxura hartu nahi dutenak. “Enpresa sozialen” izena ere zabaltzen ari da. Susmoa dut hori guztia enpresen gizarte-legitimazio faltatik datorrela.

Gizarte ekonomiak bere indar guneetan sakondu behar du. Eskarmentua eta sinesgarritasuna baduela esango nuke, egungo krisiak nahiko erasan badu ere. Arrasateko kooperatiben esparruan saio oso interesgarriak egiten ari dira gizarte ekonomiaren barruko eztabaidak berrindartzeko. Autoeraketa, elkartasuna, demokrazia, komunitatearekiko lotura… Bide horretatik baino ez du lortuko sinesgarri izaten jarraitzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


2024-04-21 | Iñaki Barcena
Mecaner ez itxi!

Euskal autogintzaren industrian gertatzen ari den adibide esanguratsu batekin natorkizue. Duela urte erditik (2023-09-01), Mecaner Urdulizko (Uribe Kosta) autogintzako trokelgintza enpresako 148 langile euren lanpostuak galtzeko zorian daude. Enpresa bideragarria da eta... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


2024-04-18 | Gedar
Lanuzteei ekin diete berriz Trapagarango Amazonen

Aste honetan egiten ari dira lanuzteak, lan-baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. Aurreko hiru hilabeteetan ere izan dituzte grebak.


Eguneraketa berriak daude