Birjinaren fruituak

Anana (Ananas comosus), hazirik gabeko fruitu ugarietako bat.
Anana (Ananas comosus), hazirik gabeko fruitu ugarietako bat.

Hazirik gabe hazten diren fruituen sokari heldu nion lehengo astean, soka luzea. Sexu trukerik gabe sortutako fruituak dira. Paradoxa baten emaitza dira, fruituaren abortua izan behar bailuke ernaldu gabeko loreen ondorioak... Paradoxak paradoxa, hazirik ez duten fruitu antzuak ere badira. Fruitua beti emeak dakarrenez, birjinak eta amak dira. Izen hori eman zaio landareen gertakari horri: “partenokarpia”, grekoz, “birjinaren fruituak”.

Landare batek berez erabaki dezake fruitu antzuak garatzea. Adibidez, bere ugaltze bidean, fruitua jan eta haziak hedatzen animalia bat du lankide nagusi. Urte batean, bata dela edo bestea dela, ezin badu lorerik ernaldu, animalia hori fruituaren sasoian zer janik gabe geratuko da. Bere lankidea ez galtzeko (gosez hilda, emigratuta...), sexurik gabeko fruituak ekar ditzake, ez ugalketarako, baina bai lankidetzan ari denari eusteko.

Gero fruitu antzu gehiago sorrarazten dugu. Landare batzuek zailtasun handiak dituzte sexuen arteko trukea burutu eta ernaltzeko: tomateak (Solanum lycopersicum–), zenbait kuiak eta kurkubik... Ernaldu gabeko lore horiek fruituak ekartzera makurtzeko, hormonak edo tankerako produktu sintetikoak erabiltzen dira.

Errazkeriagatik sortzen ditugu horrelako fruitu batzuk. Espezie dioikoetan adibidez. Horietan sexu arra eta emea landare bereizietan daude, erabat banatuta. Zer egin? Polena soilik emateko leudekeen ale arrak ez jarri eta denak eme, denak emaile; gero geuk egin behar arraren lana. Horietakoak dira kiwia (Actinidia sp) eta kakia (Dyospiros kaki).

Antzuzale gara, baita ere, fruitua jatean haziak traba gogaikarria direlako: begiratu bananari (Musa sp), barruan dituen puntutxo beltx horietako bakoitzak hazia izan behar luke; inork ez luke jango antzua jaten duen erraztasunarekin...

Mahaspasatarako mahatsondoa bezala (Vitis vinifera Sultanina), anana (Ananas comosus), laranja (Citrus x sinensis), pikua (Ficus carica) eta indipikua (Opuntia ficus-indica), luzokerra (Cucumis sativus), pomeloa (Citrus x paradisi), angurria (Citrullus lanatus), ogiaren arbola (Artocarpus altilis), alberjinia (Solanum melongena), udarea (Pyrus communis)... Zenbat fruitu antzu! Hazirik ez duen fruiturik eskuratzen baduzu, gogoratu: ez da sexurik izan tartean, baina baten batek esku hartu du. Hartu eta sartu...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bestelakoak
2023-09-04 | Jakoba Errekondo
Ahuakateondoa eta xenofobia

Ahuakateondoak ondo emango al du hemen? Ezin konta ahala alditan luzatu didate galdera hori azken urte hauetan. Gure etxean ahuakate arbola (Persea americana) ederki bizi dela erantzuten diet eta Mutrikuko kaian hantxe dago arbola bikaina, eta urte asko da aleak ematen dituela... [+]


2023-05-29 | Garazi Zabaleta
Errota
Hur-olioa eta beste hainbat produktu, Senpereko lurretan sortuak

Vincent Trebessesek sortutako ekimena da Errota, Senperen hurrak ekoizten eta eraldatzen dituen proiektu berezia. 2008an jarri zuen martxan hur-olioa egiteko errota, hasiera hartan Ziburuko bere etxean. Hurrak kanpotik erosten zituen, baina pixkanaka proiektuan sakontzen joan... [+]


2022-10-13 | Jakoba Errekondo
Jan udazkenetik

Udazkena fruituen sasoi nagusia da. Negua elikagaiz osatzeko fruituak eta horien aleak jasotzen ditugu. Fruituak ez direnak ere pilatzen ditugu, patataren tuberkulua (Solanum tuberosum) adibidez, baina haiek dira gehienak: altxasagarrak edo gordesagarrak (Malus domestica),... [+]


2022-09-27 | ARGIA
Ahuakate ekologikoa ekoiztuko dute Nafarroan

Nafarroan ahuakate ekologikoa landatzen duen lehen pertsona bihurtu da Xixo Ayestaran: Lesakako bere baserrian 700 ahuakate zuhaitz landatu ditu eta 2024an merkaturatzea espero du.


2018-03-04 | Ane Irazabal
Urre berdea

Modako fruitua da. Mendebaldeko herritar urbanoek produktu onuragarrien “erregina” esaten diote, haren koipeak gizentzen ez duelako. Baina ahuakatearen produkzioa odolez zikinduta dago. Mexikoko Michoacan estatua da adibiderik esanguratsuena.


Eguneraketa berriak daude