argia.eus
INPRIMATU
Atzerapenak

Aitor Zabaleta 2014ko martxoaren 26a

Bilboko metroaren kontra egon zirenek geltoki berriak eskatzen dituzte orain. “Peajerik ez” ziotenek, bidesariz bete nahi dituzte errepideak. Leitzarango autobidea errefusatu zutenek ahaztu dute Azpirozko bide zaharra. Bere garaian Ibarretxeren erabakitzeko eskubidea gutxietsi zutenek, mantra moduan darabilte orain. Trantsizio denboran Konstituzioaren zein autonomien aurka zeudenak, horien defendatzaile sutsuenak dira gaur egun. Eta bada, zoritxarrez, sufrimendu justifika ezina sortu duen atzerapen larriagorik.

Denok ibili gara atzeratuta noizbait, baina batzuek, muturrekoek batez ere, abilezia berezia daukate horretarako, eta berandu helduta ere, lehenengoak bailiran dabiltza harro asko.

Duela gutxira arte ez abertzaleekin akordioa traiziotzat hartzen zutenak, lehenak dira orain hori berori aldarrikatzen, eta asko pozten dira gainera lortuz gero. Madrilgo Kongresura joatea Espainiaren aurrean belaunikatzea litzatekeena, aukera ona da orain. Euskal Herrian politika ez zen 2011ko urrian hasi, batzuek horixe sinetsita diharduten arren.

1990eko otsailaren 15ean Gasteizko Eusko Legebiltzarrak onartutako autodeterminazio aldarrikapena “deskubritu” berri dute zenbaitzuek. Eusko Alderdi Jeltzaleak, Eusko Alkartasunak eta Euskadiko Ezkerrak bat egin zuten proposamena aurrera ateratzeko, Herri Batasunaren oposizio bortitzarekin. Legebiltzarrean azaldu ziren une bakanetakoa izan zen hura, zer eta autodeterminazioaren inguruko akordioari ezetz esateko. Entzutekoak dira Iñigo Iruinek tribunara igota bota zituenak.

24 urteren ostean, Legebiltzarrak akordioa berretsi dezala nahi du ezker abertzaleak. Azkenak lehenak izango dira berriz ere.
Denbora askoz gutxiago pasa da Ibarretxe lehendakariak erabakitzeko eskubidea hezurmamitu zuenetik. Kasu honetan ere, atzerapena nabari da. Mespretxuz tratatu zutenak, lehenengo ilaran daude orain horren defentsan, ez daukate beste konturik.
Zein ez da aldatu urteen eta egoeren poderioz. Baina aspaldi asmatuta zegoenaz orain ohartu denak ez dago inori leziorik emateko moduan.

Partekatutako subiranotasuna da etorkizunari begira izan dezakegun aukerarik errealistena, baita onena ere, seguruenik. Adostutako autogobernua. Gero eta pluralagoak eta konplexuagoak diren gizarteetan bukatu da jabetasun osoa, erabateko agintaritza. Akordio zabalik gabe, nekez egin daiteke bide luzerik. Zentzugabea da krisian dauden egitura berdinak eraiki nahi izatea. Baina horretara ere norbaitzuk berandu helduko diren apustua egingo nuke, nahiz eta gero lehenak direla uste izan.