30 urte Errenteriako uhinetan

  • 1984, Errenteria (Gipuzkoa). 30 urte pasa dira San Joan Suaren gau magiko hartan Zintzilik Irrati Libreak (zintzilik.net) bere burua aurkeztu zuenetik. Mugimendu baztertuei ahotsa eta indarra ematea zuten hasieratiko helburua. Tarte honetan irratian zein herrian gertatutakoak dokumental batean bildu dituzte orain, ahotsa gehiago zabaldu dadin.

Zintzilik irratiko estudioa eta lantaldea. Xabi Garate, Gema Mariezkurrena eta Ima Morillas Zintzilikeko kideek azaldu digutenez, feminismoak, okupazioak, sexu askapenak, komite antinuklearrek, gazte asanbladak, intsumisioak
Zintzilik irratiko estudioa eta lantaldea. Xabi Garate, Gema Mariezkurrena eta Ima Morillas Zintzilikeko kideek azaldu digutenez, feminismoak, okupazioak, sexu askapenak, komite antinuklearrek, gazte asanbladak, intsumisioak"¦ tokia dute irrati honetan.

Ez dira berdinak duela 30 urteko eta gaurko garaiak. Hamaika gertakari jazo dira ordutik: PPren gehiengo absolutua, krisi ekonomikoa eta baloreen krisia, ETAren borroka armatuaren amaiera, Bilduren legalizazioa edota ia 30 urteren ostean PSOE Errenteriako alkatetzatik at geratzea aipatu dituzte irratiko kideek, inflexio puntuan aurkitzen direla adierazteko. “Gure ikuspuntutik, garai baten amaieran eta beste baten hasieran gaude. Borrokatzeko moduak eta antolakuntza aldatzen ari dira eta baliteke orain sare sozialak izatea herri mugimenduen isla”.

Zintzilik ere aldaketa horietara ohitu eta moldatu behar izan da. Jendartea indibidualistagoa dela iritzita, kolektibo gisa lanean jarraitu nahi dutela adierazi dute Xabi Garate, Gema Mariezkurrena eta Ima Morillasek. Belaunaldi berriok ere, irratia komunikatzeko, elkartzeko eta harremanetarako gunea izatea nahi dute, euren tresna izatea, herri-botererako tresna. Hala, herritar oro animatu nahi dute hurbiltzera. Hain juxtu, autogestioan eta asanbladetan oinarritu da beti Zintziliken funtzionamendua, diru-laguntza eta propagandarik gabe, soldatarik gabe, modu herrikoian eta denon artean sortua, militantea. Finean, hasieratik “ahotsik gabekoei ahotsa ematea” izan dutelako eginkizun, mugimendu sozialen kontrainformazioa plazaratzea, alegia. Feminismoak, okupazioak, sexu askapenak, komite antinuklearrek, gazte asanbladak, intsumisioak… tokia dute irrati honetan. “Kolektiboek libreki hitz egin dezakete Zintziliken bitartez, zentsurarik gabe, askatasunez”, diote kideek. Urteek aurrera egin ahala, desberdintasun bat antzeman dute: lehen kolektiboak joaten ziren Zintzilik irratira eta orain Zintzilik da kolektiboengana joaten dena.

Interes politiko eta ekonomikoak hedabide “neutralekin” janzten direla aipatu dute Garatek, Mariezkurrenak eta Morillasek. Horregatik beharrezkotzat dute hedabide propioak sortu eta bestelako mezuak eman ahal izatea: “Komunikazioa ezinbestekoa da, informazioa duenak boterea dauka”.

27 urte ez dira ezer

27 urte ez dira ezer izenburua jarri diote atera berri duten dokumental autogestionatuari. Bizipenak, pasadizoak, iraultzak, borroka, ideologiak, atxiloketak, mugimenduak, elkarbizitza, herri baten historia… kontatzen dituzte bideoan. Irratia bizirik dagoela eta bizirik jarraituko duela transmititu nahi dutelako aukeratu dute izen hori: “Jendeak gure historia ezagutzea nahi dugu, baita bertatik pasa direnei omenalditxoa egitea ere”. Asmoa 25. urteurrenean ateratzea zen eta 27.era atzeratu zuten. Hala ere, 30 urteotan gertatu diren gauzekin borobildu dute azkenean. Hortik izenburuaren zergatia.

Norbanako zein kolektibo ugarik lagundu dute dokumentala aurrera ateratzen, edizio lanetan, materiala gehitzen… Artxiboko argazkiak, audioak eta egindako hogei elkarrizketa zituzten esku artean, eta zailena bideoak lortzea izan da, baita sailkapena egitea ere. Hainbeste oroitzapenen artean zein kontatu aukeratzea ez da erraza: “Kideak atxilotu zituzten uneak, gurekin ez daudenen oroitzapenak, Ertzaintza agindu judizialik gabe egoitzara sartu eta dena miatu zutenean… Baina batez ere pasa ditugun une on guztiak ditugu gogoan, saioak egiten, txosnetan, herriko jaietan, solasean…”.

Irratiko pasadizoez gain, 30 urteotan herriak bizi izan duen bilakabidea kontatzen du dokumentalak, “Zintzilik ez baita irrati bat soilik, hainbat mugimenduren isla eta borroka ere bada. Herri baten historia kontatu nahi izan dugu, irratiak berak hori egin duelako beti”.
Iazko abendutik, herriz herriko aurkezpenak egiten ari dira, gonbidatzen dituzten herrietan aritzeko prest. Hilaren 26an, esaterako, Groseko Kortxoenea gaztetxean ikusi ahal izango da eta 30ean berriz, Errenteriako gaztetxean. DVD formatuko 1.000 kopia argitaratzeko asmoa daukate, gehigarriz osatuak, hala nola Ynestrillasek 1998an herrira egin zuen bisita edo Ciudad sin ley dokumentala.


ASTEKARIA
2014ko martxoaren 23a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irrati libreak
2023-11-20 | ARGIA
Hala Bediren web orria martxan da berriz ere

Ikasturtearen hasieran zibereraso bat jasan eta hainbat astez webgunea berreskuratzeko lanetan jardun ondoren, bueltan da Hala Bedi irratiaren web orria. Dagoeneko hasi dira ohiko edukia argitaratzen: Arabako aktualitate albisteak, magazinen edukiak, irratsaioen podcastak,... [+]


2023-08-17 | Hala Bedi
Hala Bedi Irratiak 40 urte bete ditu

Hala Bedi Irratiak 40 urte bete dituela ospatu zuen abuztuaren 6an, lau hamarkada lehenago lehen irrati emisioa egin zuen egun berean.


Arrosa Sarearen X. Topaketak Oreretan egingo dituzte, irrati libre euskaldunen bozgorailu

Martxoaren 4an, Oreretan egingo ditu Arrosa Sareak aurtengo Topaketak, bertako Zintzilik irrati librearen eskutik. Elkarrekin egoteko parada izateaz gain, “gure presentzia aldarrikatzeko” eguna ere izango da, Aitziber Zapirain sareko kideak ARGIAri kontatu dionez.


Eguneraketa berriak daude