Zigor ezazue pozoirik nahi ez duen ardogile intsumitu hori

  • Joan den otsailaren 24an epaitu dute Emmanuel Giboulot mahastizain eta ardogilea Frantziako Dijonen, uko egin diolako bere lurretan zabaltzeari agintariek derrigorrezkotzat jo duten intsektizida. Prokuradoreak hasierako eskaria  –sei hilabete espetxean eta 30.000 euroko isuna– 1.000 euroraino jaitsi duen arren, arazoa ez da sendatu.

Dijongo epaileak apirilean jakinaraziko duen erabakiaren zain bizi den Emmanuel Giboulot
Dijongo epaileak apirilean jakinaraziko duen erabakiaren zain bizi den Emmanuel Giboulot "“Rue89tik hartutako argazkian ageri da Beaune hiri inguruan dauzkan mahastietako batean"“ ez da bazterreko nekazari ezezagun bat. Bere 51 urteekin Borgoinako mahastizain ezagunenetakoa da, eskualdeko ardo onenen ordezkariekin batera eramana dute munduan zehar. 1985etik ari da ekologikoan, 1996tik zehazkiago. Ola  Bergman kazetariari 2008an aitortu zion bere mugez jabetzen zela: "Inor ez dago osoki babesturik. Inguruan beste mahastizainik ez banu ere, haizeak edo euriak dakarrenetik ezin nau inork babestu. Baina norberak ere asko hobetu ditzake gauzak, lurzorua hobetuz eta mahatsondoak xomorroen aurrean sendotuz". Giboulot hasi zenean bakarra omen zen ekologikoan; gaur Beaune eskualdean hamarretik bat omen dira. Esan gabe doa asko arriskatu duela agintariei aurre eginda.

Mahastizain egoskorra ez da bakarrik gelditu justiziaren atzaparretan. Sostengua eman diote Confederation Paysanne sindikatuak –gure ELB horren barne da–, Greenpeacek, Attacek, Slow Food mugimenduak, Europe-Ecologie eta NPA partiduek... Baina epaileen aurrera iritsi bada izan da Cote d’Or departamenduan bakarra izan delako bere mahastsondoak Pyrivert insektizidaz igurzteari uko egiten.

Frantziako laborantzan eta oro har ingurumenaz kezka duten herritarren artean burrunba puska bat eragin du Emmanuel Gibouloten auziak. Gurean, ELBren Laborari astekariak azaldu du ondoen. Giboulotek deklaratu du Laborarin: “Ingurumena zaintzeak ez luke egon behar epaileen errepresioaren mende”.

Dena hasi da frantsesez Flavescence Dorée deitzen duten eritasunagatik. Ingelesez ere frantsesezko izena darabilte, espainolez Flavescencia Dorada deitzen diote. Itzali samarra zirudien arren gaixotasuna berriro piztu da, antza, Frantziako hegoaldean: mahatsondoak gorritu edo horitu egiten dira, enborra ahultzen zaie, lorea galtzen dute, mahats aleak ihartzen... Eritasuna Cicadelle (Scaphoideus titanus) izeneko matxinsalto berezi batek hedatzen du.

2013ko ekainean Cote d’Orreko prefetak delibero gogorra hartu zuen: departamenduko mahastizain guztiek zabaldu beharko zuten intsektizida Cicadelle xomorroen arrasto oro desegiteko. Agindua ez zuen bete Giboulotek.

“Arazoa da –deklaratu dio Laborariri– xomorro horren kontrako botiketan gutxien kutsatzen duenak ere erleak eta bestelako fauna akabatzen dituela. Bizkarroietatik defenditzeko mahastiari laguntzen dioten xomorro guztiak suntsitzen ditu. Nik hogeita hamar urte baino gehiago daramat gure mahastien oreka biologikoa zaintzen, emaitza oso onekin eta kimikorik usatu gabe”. Matxinsaltoari aurre egitea erabaki zuen nekazaritza biodinamikoaren arma naturalez.

Kontua da uztailaren 30ean Laborantza saileko ikuskariaren kontrola izan zuela Giboulotek. Hark eskatu zizkion Pyrivertaren fakturak. Ez zeuzkan: eta ardogileak argi adierazi zion ez zituela mahastiak derrigorrezko botika horrekin tratatu. Ikuskatzaileak prokuradorearen –fiskalaren– aurrean salatu zuen laboraria. Justiziaren gurpila abiatua zen.

Ardogile batek zerbait behar ez badu epaileekin arazoak dauzkala zabaltzea da. Are gutxiago osasun publiko afera batengatik. Giboulotek aitortu du lur jota geratu zela epaileen deia jasota.

Baina albistea zabaltzearekin beste gurpil bat ere abiatu zen, solidaritatearena. Protection de la Sante Naturelle (Osasun Naturalaren Babesa) elkarteak sustengatzeko dei eginik, aste gutxiren bueltan 480.000 sinadura bildu ziren. Berpizturik, biodinamikoan ari den mahastizainak ekin zion bere mezua zabaltzeari.

“Agintariei bezala herritarrei erakutsi behar zaie nekazaritza arduratsu batek ezin duela bere ingurumena suntsitu. Xomorroak kalitzea, batik bat erleak eta polinizatzaileak, berez hauskorrak diren ekosistemak suntsitzea da, natura hondatzea, bizia bera, tartean gizakiarena”.

Kimikaren inkisidore berriak

Ez dira Gibouloten iritzi berekoak gainerako mahastizain gehienak. Borgoinako ardogileen elkarteak prentsaurrean argi utzi nahi izan zuen ez dutela onartzen Gibouloten hautua, bereari soilik begiratuz eta gainerakoena ahaztuz oso modu berekoian jokatu duela, Pyrivert usatzen dutenak ez direla kutsatzaileak eta premiazkoa dela eskualdeko mahastiak arriskuan ezartzen dituen eritasunari atea ixtea.

Emmanuel Gibouloten kasua epaiaren zain dago. Ziurrenik ez da hiru astetan argituko, epaiari helegitea ezartzea ere posible delako.

Baina gauza da ongarri eta botika kimikoetan ari den nekazaritza maioritarioari uko egiten dioten laborarien auziak ugaritzen ari direla.

Batzuetan nekazari kritikoak berak dira epaitegira jo dutenak, esaterako labore transgenikoen kontra. Izan ere, gero eta garbiago dago genetikoki eraldatutako organismoak baimentzen diren eremuen inguruetan OGMrik gabeko laborantza egiten dutenen jarduera kasik ezinezko bihurtzen dela, batak bestea kutsatzen duelako.

Baina gero eta gehiagotan nekazaritza industrialaren defentsan agintariek hartutako neurriak bete nahi izan ez dituztenak dira arazoak nozitzen dituztenak. Adibideak mila dira, nahi gabe OGMz kutsatutako haziak ereiteagatik auziperatuetatik hasi eta derrigorrezko botikak erabiltzeari uko egiten diotenetara. Sarri agintariez gain ofizioko kideak ere oldartzen zaizkie.

Auzitara iritsi gabe ere, edozein erlezain amateurri iritsi zaizkio osasun agintarien eta beste erlezainen presioak mundu osoan pandemia bihurtu den Varroaren kontrako botikak erabili ditzan, “hik ez erabiltzeagatik ingurukoen erleak kutsatzen dituk-eta” argudiopean.

Ulertzekoak dira laboreak edo aziendak epe laburrean bizirik nahi dituenaren arrangurak. Baina, aldi berean, derrigortu nahi den terapia bakoitzeko ia beti dago ekosistemen ikuspegi zabalagotik alderantzizkoa proposatzen duenik. Erlearen eta Varroaren kasuan, azkenean ostalariak eta bizkarroiak –erleak eta zorriak– elkarbizitzen ikasi beharko dutenez, era kontrolatuan elkarrekin bizitzen laga behar zaiela dioten adituak.

Orobat gertatzen da txertoekin. Ez da erraz tenkatzeko gaia, jokabide bat defenditzen dutenek bezala bestearen aldekoek dauzkate beren kontraesanak.

Laborari astekarian bertan kontraesanok xumeki aitortu ditu Maritxu Castillon Biharko Lurraren Elkartearen (BLE) lehendakari eskiulatarrak: “70 ardi galdu ginituen. Xertatzera bortxatuak izan ginen galtze horien ondotik. Ez ginuen gogo onez egin bena beldurra sartua zen gure baitan, galtzeak inportantak ziren. Behietan ere, xertoaren ondorioz haatik, 10 bat xahal eta sei behi galdu ginituen. Xahalak data beno lehenago sortzen ziren, edo ez finituak, drolezia batekin. Behi zonbaitek zezena ez zuten hartzen edo berantarekin. Xertoaren gain eman ditugu gauza horiek, geroztik ez baitira berriz gertatu”.

Gibouloten aldeko aldarrikapenean ELBk gogorarazi du derrigorrezko botika eta txertook funtsean loturik daudela laborarien betiko ezagutzak garatzeko ordez nekazaritza osorik beren mende nahi duten multinazionalen interesekiko. Agintariek laguntzen diete disidente eta intsumituak pertsegituz, izan asun-zukua erabili nahi dutenak edo botika sintetikoei uko egiten dietenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza ekologikoa
Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


2024-02-19 | Garazi Zabaleta
Garroko Etxaldea
Herriko etxeak bultzatutako proiektua, laborantza biologikoan erreferente

2011n abiatu zuten Lekorneko Garroko Etxaldean laborantza biologikoko proiektua: “Lurrak Herriko Etxearenak ziren, eta bertako eta Herri Elkargoko hautetsiek sortu zuten proiektua”, azaldu du Argitxu Ithourria kideak. Laborantza biologikoa bultzatzeko helburuz abiatu... [+]


Agroekologiaren alde egiteko dei egin du Egurra ta Kandela baserritar ekintza kolektiboak

Nekazaritza eta abeltzaintza “errotik” aldatzeko trantsizio agroekologikoaren aldeko elkarretaratzea eginen dute, hilaren 16an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.


2024-02-05 | Garazi Zabaleta
Soronea
“Barazkiak prezio duinean saltzeko bidea dendan topatu zuen osabak”

Miriam eta Igone Saldias ahizpek baserriari eta familiako proiektuari eusteko apustua egin dute. Berrobiko Soronea baserrian barazkiak ekoizten dituzte eredu ekologikoan, eta Tolosako Soronea dendan saltzen, modu zuzenean.


Eguneraketa berriak daude