Sustraiko musika: ikuspegi berritzailetik mundura

  • Korrontzi::Tradition 2.1

    Baga-biga, 2013

Tradition 2.1, Korrontziren disko berria.

NAZIOARTEKO jaialdi eta txapelketan parte hartzeko aukera eskaini zion Getxo lanak (2008) Korrontzi taldeari. Urte hauetan, trikitiaren esparrua oinarri hartu eta Agus Barandiaran eta bere taldekideek Euskal Herriko musika tradizionalari gaur egungo ikuspuntua emanez, munduko hainbat herrialdetako artistekin oholtza partekatzeko zortea izan dute. Ibilbide honetan egindako lagun horietako asko topatuko ditugu Tradition 2.1 diskoan: Justin Val, Tenores di Neonelli, Phil Cunningham, Jesús Cifuentes (Celtas Cortos)… Hirurogei musikaritik gora izan dira euren artea erakutsi dutenak ezohiko lan kosmopolita honetan, eta gure artean ezagunak diren hainbat artista ere aritu dira zerrenda luze horretan: Mikel Markez, Alex Sardui, Mikel Urdangarin, Garikoitz Mendizabal…

Baga-Biga etxeak 3 urte behar izan ditu proiektu hau argitaratzeko, koordinaketa lana ez baita nolanahikoa izan. Kontuan izan behar da 26 grabazio estudio erabili direla diskoaren grabaketarako (Vigo, Madril, Manchester, Ramallah, Zimbabwe….) eta ahalegin handia egin dutela munduko hizkuntza eta soinuen ekarpenean. Lan honi eskainitako orduek ere inbertsio ekonomiko handia izan da ekoizleentzat, luxuzko edizioa kaleratu baitute. Hamasei kantuz osatutako lana disko-liburuxka formatuan aurkeztu zaigu eta musikarien zerrenda, kanten azalpenak edota instrumentuak ezagutu ahal izateko hiztegia ere kontsulta dezakegu. Guztia, lau hizkuntzatan: euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez.

Honen guztiaren osagarri, bi klip erakusten dituen DVDa: Sardos, 2013an Huarteko (Nafarroa) Arte Garaikideko Zentroan Oinkari dantza taldearekin batera grabatutakoa, eta Aupa Maurizia, 2012ko Bilboko Aste Nagusian Ygor Yedra & Oksana Kucheruk dantzariekin zuzenean grabaturiko emanaldia.

Hamasei abesti. Hamasei istorio, azken finean. Bakoitzak du bere iturria, bere sorrera eta bere garapena. Isukitzeko aldian da disko honetan aurki dezakegun abestirik bitxienetakoa. Arreta ematen du trikitilariari eta, bide batez, trikitiari eskainitako kantu honetan soinu txikirik ez entzuteak. Trikitiaren doinuaren alaitasunetik urruntzea izan da egilearen nahia, eta melankolia ukitua emango zion soinua Israelgo Liron Man-ek jotzen duen Handpans-en topatu du. Tomas Arrizabalaga (Tomas Sitzes) Euskal Herriko trikitilari onenetakoari eskainitako kanta da. Trikitilari zaharrak 1975ean Bilboko Herri Irratian egindako bere azken elkarrizketa hartzen du oinarri, eta bere ahotsa da gidari. Elkarrizketa honetan trikitiaren etorkizunari buruzko kezkak agertzen zituen, bere ezaguerak oinordekorik ez izatearen zalantza. Zorionez ez da horrela izan. Beste hainbat artistak bezala, tradizio hori bizirik mantendu ahal izateko ahaleginak egin ditu Agus Barandiaranek.

Munduko soinuak hauspo txikiarekin uztartuz, kultur ugaritako musikarien topaketa liluragarria lortu du Korrontzi taldeak. Zenbait estilo fusionatzean nahasketa bitxiak sortu dira: Portugaleko Fadoa porrusaldarekin, italiar musika arin-arinarekin, galiziako soinuak biribilketarekin edota flamenkoa fandangoarekin, esaterako. Aipaturiko azken estilo honetako bi kantetan –La Foule eta Flamendango– sari mordoa (horien artean hiru Grammy) jaso duen Javier Limonek jotzen du gitarra. Artista, konpositore eta ekoizle honek Agus Barandiaranen abesti guziak ekoitzi ditu eta koordinazio teknikoaz ere arduratu da.

Udaberrian Madril, Bartzelona eta Galizian aurkeztuko dute Tradition 2.1 diskoa, eta, euren musika ahalik eta gehien zabaltzeko saiakeran, aurten ARC Music (Munduko Musikak) Erresuma Batuko etxearekin ekoizteko asmoa dutela adierazi dute.

Trikitiak etorkizunik izango ez zuela penaturik agertu zen Tomas trikitilaria harro azalduko zatekeen bere oinordetza eta, era berean, gure kultura erakutsiz munduan barrena dabilela ikusi izan balu.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude