Parke teknologiko jasangarriaren bila

  • Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea Europar Batasunaren Zero Hytechpark proiektuan parte hartzen ari da. Bera bezalako guneak jasangarriak izatea da helburua. Horretarako bideetako bat izan daiteke iturri berriztagarrietatik lortutako energia soberakinak hidrogenoaren bitartez metatzea, ekoizpen txikiko uneetan baliatu ahal izateko. Zamudioko BTEK zentroan LH eta Batxilergoko ikasleei azaltzen dizkiete hidrogenoaren aukerak.

BTEK eraikinaren kanpoko aldea
BTEK eraikinaren kanpoko aldeaBTEK

Kanpotik bezainbat barrutik, itxura futurista dauka Zamudioko Zientzia eta Teknologia Parkeko BTEK eraikinak. DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleek bisitatu dezaten pentsatuta dago batez ere, eta haientzat erakargarri izan nahi du diseinuak, baina ez haientzat bakarrik. “Teknologia gizarteratu nahi dugu, gizarteak sentitu dezala teknologia bere parte dela; adituak izan gabe ere, ona da gauzek zelan funtzionatzen duten jakitea, horrela hobeto jabetuko gara-eta teknologiaz egiten dugun erabileraren ondorioez”, diosku Xabier Diaz Silvestre zentroko zuzendariak. Berak hartu gaitu, gaurkoan Argia beste bisitaririk edukiko ez duen piramide bikoitzean.

Zientzia eta teknologiaren kultura jendartean zabaldu eta, bide batez, ikasleengan bokazioa suspertzeko nahia aldarrikatzen du BTEKen webguneak. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak 2005ean egin zituen BTEK –Bizi Teknologia esan nahi du– sortzeko lehen urratsak; ondoren, 2009an, BTEK Fundazioa sortu zuten parkeak berak, Ikastolen Konfederazioak, Elhuyarrek, Tecnaliak eta SPRIk. 2010ean zabaldu zuten eraikina.

Bisita gidatuetan, teknologiaren alderdi hurbilenaz hitz egiten diete ikasle nerabeei. Egunero ukitzen dituzten gauzez, edo behintzat zeharo arrotz suertatuko ez zaizkienez. Ezin dena hemen laburtu ordea; izan ere, bisitaren amaierako lantegiari eskaini nahi diogu arreta batik bat. Hidrogeno eta Energia Berriztagarrien Tailerrari, hain zuzen.

Zero Hytechparken ardatza: hidrogenoa

Bizkaiko Teknologia Parkea Espainiako Estatuko beste parke batzuekin batera ari da EBren Zero Hytechpark proiektuan parte hartzen. Egitasmo pilotua da, azken xedea parke teknologiko jasangarriak lortzea dituena. “Esparru asko daude lantzeko, eta horietako bat hidrogenoa da”, azaldu digu Diazek. Alderdi teknikoaz, alegia ikerketaz, Fundación Hidrógeno Aragón arduratzen da guztiz. Bizkaiko Parkeari, berriz, proiektuaren dibulgazioa egitea egokitu zaio.

Bide ugari urratu daitezke jasangarritasunaren bila, Diazek dioskunez. Baina kasu honetan, esan bezala, hidrogenoa da ardatz nagusia. “Energia berriztagarrien arazoetako bat da gehienetan kanpoko baldintzen menpekoak direla: haizea, eguzkia, olatuak... Momentu batzuetan sobera ekoizten da, eta ezin da metatu. Beste momentu batzuetan, berriz, falta dago”. Helburua da soberakina gordetzea eskasia dagoenerako, baina egitea ez da esatea bezain erraza. Eta irtenbideetako bat hidrogenoa izan daiteke.

Hidrogenoa, energia bektore

BTEKera egindako bisitaren azken zatian, bideo batek hidrogenoaren aukerak azaltzen dizkie ikasleei. Hari esker jakingo dute kontsumitzen ez den elektrizitatearekin hidrogenoa sor daitekeela, elektrolisi bidez. Prozesuaren xehetasunetan alferrik ez galtzeko, esan dezagun hasieran ura dugula, eta hari korronte elektrikoa ezarriz hidrogenoa eta oxigenoa lortuko ditugula. Bada beste bide bat, eraginkorragoa: hidrokarburoetatik ateratzea. Baina sistema horrek CO2 askatzen du; ez dirudi, beraz, bilatzen ari garen jasangarritasunaren helburuarekin erraz ezkontzeko modukoa.

Modu batean zein bestean lortuta, hidrogeno hori gerora erabili ahal izango dugu energia eskuratzeko, baina arazoa da berehala gorde behar dela, bestela badoa. Kontuan hartu behar da unibertsoko elementu kimiko arinena dela; horregatik ezin da gas forman aurkitu Lurrean, airea baino askoz arinagoa izanik ihes egiten duelako.

Hidrogenoa masa unitate bakoitzeko energia gehien duen fluidoa da, eta energia lortzeko erabiltzen denean –oxigenoarekin konbinatuz– ez du hondakinik sortzen. Ez da harritzekoa, hortaz, zenbait ikerlarik egindako iragarpena: etorkizuneko ekonomia hidrogeno-ekonomia izango da. Zergatik ez da hala oraingoz? Metatzeko zailtasunengatik, batez ere.

Batez ere bi metodo erabiltzen dira hidrogenoa gordetzeko, arestian aipatutako bideoak aipatzen duenez: gas modura edo hidruro modura, hots, metal batekin konbinatuta eta beraz forma solidoan. “Gas moduan gordez gero presio handi baten pean gorde behar da”, azaldu digu Xabier Diazek, “ohiko presio eta tenperaturan hidrogenoak oso dentsitate txikia duelako”. Hori traba da, noski. Batetik, presio handi horiek lortzeko energia gastua egin behar delako; bestetik, denbora behar delako presurizatzeko. Hidrogeno-auto baten biltegia betetzeak luzeago jotzen du gasolinazkoa betetzeak baino. Hori bai, auto elektriko baten bateria kargatzea baino laburragoa da.

“Maila esperimentalean oraindik”

Hidrogenoa hidruro eran gordetzeak presurizatu beharra saihesten du, eta bide batez ez da hain arriskutsua –hidrogenoa oso gas sukoia da–, baina nekez balio lezake, adibidez, auto baterako: hidruroa lortzeko oso metal astunekin konbinatu behar da gasa, eta beraz biltegiak pisutsuegiak dira. Alternatiba ona izan litezke etxerako, hidrogenoaren teknologia garatu ahala beti ere. “Kontuan hartu behar dugu hau guztiau oraindik oso maila esperimentalean dagoela”, gogorarazi digu Diaz Silvestrek. Bizkaiko Teknologia parkearekin batera Zero Hytech proiektuan dabilen Fundación Hidrógeno Aragónen ikerketa-lerro nagusietako bat, hain zuzen, hidruroak eratzeko metalik egokiena aurkitzean datza.

BTEKeko bisitari gazteei ez zaizkie zailtasun horiek ezkutatzen. Alde on eta txarrak dituen aukera bat da hidrogenoa, horixe jakin dezatela da helburua. Edozein kasutan, ikasleak sakoneko azalpen teorikoekin gogaitzea saihesten dute gidariek. Bideoa ikusi eta energia berriztagarriei buruzko zenbait azalpen jaso eta gero, berehala ekiten diote lantegiaren alde praktikoari. Lehenik, elektrolisi erreakzio bat eragin beharko dute. Bigarrenik, ur molekula puskatu eta oxigenoa eta hidrogenoa bereizi ondoren, bigarrena baliatuko dute erregai-pila batean energia lortzeko. Prozesua lehengoaren alderantzizkoa da: oxigenoa –oraingoan zuzenean airetik hartua– eta hidrogenoa elkartzea, ura, elektrizitatea eta beroa ematen dituen erreakzioan. Elektrizitate horrekin, azkenik, auto txiki bat mugiaraziko dute. Helduak direnean benetako hidrogeno-auto bat gidatzeko aukerarik izango ote dute?


ASTEKARIA
2014ko martxoaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia berriztagarriak
Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


2024-04-15 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazioa
"Ez da trantsizioa, espekulazioa da"

Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez... [+]


2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna apirilaren 13an Azpeitian
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”

Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.


Munduan leku bat

Gutako batzuk hemen jaio ginen, zoriak erabaki zuen populazioaren %11 honen parte izango ginela. Beste batzuek erabaki genuen landatarrak izatea, eta lurraldearen %89an bizitzea. Denok onartu dugu hemen bizitzeak aparteko zailtasunak dituela, administraziotik ez dutela indar... [+]


2024-04-08 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan topaketak eta manifestazioa deitu ditu EH Bizirikek larunbata honetan Azpeitian

Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik sareak manifestazioa deitu du apirilaren 13 arratsaldeko 18:00etan Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari erasotzen dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Goizean gaiari lotutako hainbat tailer eta... [+]


Eguneraketa berriak daude