Gasteizko ekonomia

Zerk 'rulatzen' du Euskadiko hiriburuan?

  • Lehenik industrializazioak eta ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatzeak Gasteiz erabat moldatu zuten. Estatus berriari erantzuna eman ahal izateko, nekazaritza eta industria hiri izatetik zerbitzuetan oinarritutako hiri izatera igaro zen. Sektore publikoak erkidegoko beste hirietan baino indar handiagoa du orain.

Martin Vicioso @martinvicioso
2014ko martxoaren 23a
Lehenik industrializazioak eta ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatzeak Gasteiz erabat moldatu zuten.
Lehenik industrializazioak eta ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatzeak Gasteiz erabat moldatu zuten.

XX. mendean, Hego Euskal Herri osoan bezala, Gasteizko egitura sozioekonomikoa nabarmen aldatu zen. 1950 bitartean, lehen sektorean eta industria tradizionalean oinarritzen zen ekonomia gasteiztarra, eta Arabatik Gipuzkoa eta Bizkairako migrazioa gero eta arruntagoa zen. Industrializazioak batetik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatzeak bestetik, egoera guztiz aldatu zuten. Kontuan hartu behar da Gasteizek, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare industrialetatik gertu egoteaz gain, eraikitzeko lur mordoa zuela. Hala, Euskal Herriko beste hiriburuek baino populazio igoera handiagoa izan zuen proportzioan. Izan ere, 30 urtetan Gasteizen bizi zen jende kopurua laukoiztu zen ia: 52.206koa zen 1950ean eta 192.773koa 1980an, Espainiako Estatuko Estatistika Institutuaren arabera.

Gerora, Eusko Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatu zuten, eta eratu berri zen Eusko Jaurlaritzaren azpiegitura mordoa Arabako hiriburuan kokatu zen. Halaber, izendapenaren ondorioz hiriaren urbanizazioa eta hedapena areagotu zituzten, eta horiekin batera hirugarren sektorearen gorakada etorri zen. Kulturarekin, hezkuntzarekin eta administrazioarekin lotutako zerbitzuak behar ziren biztanleriaren gorakadari eta EAEko kudeaketa gune nagusi bihurtzeari erantzuna eman ahal izateko. Gipuzkoan eta Bizkaian ez bezala, Arabako bilakaera sozioekonomikoa hiriburuan fokatu zen batez ere eta, hortaz, Gasteizek herrialde osorako zerbitzuak eskaini behar zituen.

Beraz, 30 urteren bueltan hiru fase igaro zituen Gasteizek: lehena, nekazaritza eta betiko industria nagusi zen garaia XX. mendeko lehen erdian, industrializazioarena gero, eta Eusko Autonomia Erkidegoko hiriburuarena azkenik. 2008ko datuen arabera, Gasteizko Balio Erantsi Gordina honakoa da: zerbitzuak %63,73, industria %26,68, eraikuntza %9,44 eta nekazaritza eta abeltzaintza %0,14. Halaber, establezimendu kopuruaren %80 zerbitzuei dagokie.

Urteotako krisialdiak industriari erasan dio batez ere. Enpresa enblematiko ugarik itxi behar izan dute 2008tik hona. Azkenekoa Cegasa. Lehendik ere arazo ugari zituen pila sortzaileak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du joan den astean.

Hiriburu izatearen ondorioak

Capital artificial de un país singular... zioen Potatoren abestiak 80ko hamarkadan. Gasteiz Eusko Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren egoitza bihurtzearen erabakiak eztabaida piztu zuen garai batean, baina noizean behin gaurkotasunera ekartzen den gaia baldin bada ere, EAEko hiriburua dela naturaltasunez onartu da. Hala ere, ukaezina da erabakiak hiriaren bilakaera moldatu zuela eta gaur egungo Gasteiz nekez uler daitekeela erkidegoko hiriburu izan gabe. Esan bezala, egitura administratibo osoari egoitza ematen dion azpiegitura osoaren eraikuntza ez ezik, hiriburuaren urbanizazioa eta zerbitzu sarearen osaera ekarri zuen.

Berrikitan, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak akordioa lortu dute “hiriburutartasun kanonaren” inguruan. Jaurlaritzak 2013 eta 2016 artean 20 milioi euro emango dizkio Udalari, hiriburuko oinarrizko hirigintza proiektuetan eta zerbitzuetan inbertitu ahal izateko. 30 urte zeramatzan udal administrazioak kanona aldarrikatzen.

Hiriburutzak turismoan ere eragina izan duela esan daiteke. Estatusa bera turismorako erakargarri izan daitekeen arren, azken hamarkadan kongresu eta jardunaldiekin lotutako turismoaren gorakada sumatu da. 2002an mota horretako 50.000 bisitari izan zituen Gasteizek, gaur egun 100.000 baino gehiago dira.

Azken urteetan Udalak bultzatutako politikak filosofia horretan sakondu du. 2012an Europako Hiriburu Berde izendatu zuten eta 2014an Espainiako Estatuko Gastronomia Hiriburu. Hiri ekologian oraindik egin daitezkeen aurrerapenak albo batera utzita, kanpora begirako errekonozimendu gisa ulertzen dira izendapen horiek. Beste modu batean esanda, balizko bisitarientzako apeu dira.

Euskal Autonomia Erkidegoak 35 urte behar dituen 2014 honetan, oraindik ez da egin Gasteiz Jaurlaritza eta Legebiltzarraren egoitza bilakatzearen eragin sozioekonomikoari buruzko taxuzko ikerketarik. Hala ere, bistan da ondorioak izan dituela eta datuetan horren zantzuak hautematen dira. Esaterako, administrazio publikoa arlo ekonomiko indartsuagoa da Gasteizen Donostian edo Bilbon baino. 2011n Arabako hiriburuan langile kopuru osoaren %7,5ek egiten zuen lan sektore publikoan. Bilbon eta Donostian, berriz, %5,95 eta %6,01 hurrenez hurren.

Erradiografia

Biztanleak: 242.147 (2013)
Sektorekako ustiapenak: Lehen sektorea: %0,4. Eraikuntza %9,44. Industria %26,68.
Zerbitzuak %63,73'6 (2008)
Langabezia tasa: %14,8 (2013)
Administrazio publikoko langileak: 7.452, kopuru osoaren %7,55 (2011)
Biztanleria dentsitatea: 873,82 perts. / km2
Udalaren osaera: Alderdi Popularra (PP): 9. Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ): 6. Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE): 6. Bildu: 6.
Euskararen ezagutza tasa: %24,32.

Iturria: Gaindegia.

Kanal honetan artxibatua: Tokian tokiko ekonomia

Tokian tokiko ekonomia kanaletik interesatuko zaizu...
Belaguako aterpea, mendizaleentzako zubi berriz ere

Pirinioetako Lan Batzordeak argi berdea eman dio 2004tik itxita dagoen Erronkariko aterpe mitikoa berreskuratzeari. Nafarroa eta Biarnoa mendizaleentzat lotuko dituzte Belarouat proiektuarekin.


2017-08-28 | Hiru Damatxo
Nola esplikatu izebari zer den Ekonomia Sozial Eraldatzailea?
MULTIMEDIA - erreportajea

KoopFabrikako ikasleek badakite nola. Hori eta gauza interesgarri gehiago kontatzen dituzte bideo honetan.


2017-04-03 | Erran .eus
Euriari aurre eginez esne sektorearen defentsan ehundaka lagun bildu ziren Elizondon

Landa eremu bizien eta nekazaritza iraunkorraren bidean, esne sektorea ere bizirik behar dugu goiburupean manifestazioa egin zen larunbatean Elizondon, Baztan-Bidasoaldeko hainbat sindikatu, gizarte eragile, elkarte eta erakundek deituta.


2016-10-02 | Andoni Mujika
Euskal ekonomia

Aspalditxoan, hainbat eragile dabil beste ekonomia baten beharraz hitz egiten. Arizmendiarrieta Kristau Fundaziokoak ere buru-belarri sumatzen ditut zeregin horretan. “Kooperazioaren ekonomiaz” dihardute eurak eta, beraiei irakurrita eta entzunda, horretaz idazteko gogoa piztu zait.

Ekonomia proposamen honen ezaugarriak ez dira berriak, lankidetzaren esperientzietan aurkituko ditugu han eta hemen. Beraiek bereizgarri hauen sintesi erabilgarri bat egin dute. Nagusiki, enpresa... [+]


2016-07-10 | Aitor Kaltzakorta
Itsasoa eskutik eskura

Itsasoa gobernatzea ezinezkoa izaki, itsasoan norbera nola gobernatu asmatzean jarri dute adimena ozeanoari begira sortu, hazi eta bizi diren herriek. Berdin egin dute Hondarribiak eta euskal itsas ondoko beste herriek. Ongi joan zaie gainera, eta mende luzez ontzigintzan trebatu ziren puntako ekoizle bihurtzeraino. Etorkizuna, baina, itsasoa bezala, laino dago.


2016-07-07 | Arabako Alea
Gertuko erosketak bultzatu nahi dituzte Arabako Lautadan

Kuadrillako merkataritza eta ostalaritza sustatzen dabilen Lautada Bizirik! elkarteak Erosketa alaiak egitasmoarekin erakutsi nahi du herrietako saltokiek "ezinbesteko zerbitzua" eskaintzen dutela.


Sortu, iraun, aldatu

Eraldaketa sozialaren inguruko eztabaida bero-bero dago Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan oro har. Hitzen gibeleko esanahia zein da? Dena ez da eraldatzaile, dena ez da sozial. Gurean kooperatibek izandako bilakaerari errepasoa egin dio Xabier Itzainak Lanki ikertegiaren Kooperatibagintza Topaketetan. Bere ustetan, gizarte ekonomia indartzen ari den fase berri batean sarturik dago.


2016-05-05 | Urumeako Kronika
Goizuetan herri-kooperatiba sortuko dute gasolindegia izateko

Kooperatiba sortzeko batzarra, maiatzaren 28an izanen da. 90 euroko ekarpena eginen du bazkide bakoitzak, eta izan nahi dutenek, batzar eratzailera azaldu beharko dute.


2016-04-07 | Erran .eus
'Zer jan, halako Baztan' ekimena aurkeztu dute

Bertako jatekoei buruz kontzientzia piztu eta tokiko ekonomia indartzeko egitasmoa abiarazi du Baztango Udalak.


Ekhi txanponaren aplikazio elektronikoa jarri dute martxan

Aplikazioaren bidez, bazkide diren saltokietan Ekhi txanpon elektronikoa erabiltzen hasiko dira. Txanponak ondo funtzionatzen duela ziurtatu nahi dute lehenengo, eta hilabete inguruko proba egingo dute Bilbo Zaharreko eta inguruko hamabi dendatan.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude