XXI. mendeko inperialismoak demokrazia eta giza eskubideak erabiltzen ditu aitzakia moduan, garai batean kristautasuna eta modernizazioa erabili ziren bezala. Aitzakiak aldatu dira, baina ez metodoa. Lehenengo hegemonia politiko-kulturala lortzeko misiolariak bidaltzen dira (garai batean elizarentzako egiten zuten lan, gaur GKEetarako), beranduago merkatariak eta “enpresariak” doaz ekonomia kolonizatzera eta, azkenik, zuzeneko kontrol politikoa dator (militarrekin eta gobernu txotxongiloekin).
Misiolari gehienek itsuan sinesten dute beraien lanean; aspaldikoek pentsatzen zuten kristautasuna zabalduz arimak salbatzen zituztela, oraingoek aldiz, sinetsita daude balore mendebaldar zaleak barreiatuz giza eskubideen eta demokraziaren defentsa egiten dutela. Kontua da Ukrainan demokrazia liberal bat zegoela, praktikan herrialdea mendebaldetik gertuago zegoen Errusiatik baino eta NATOko indar armatuekin kolaboratzen zuen. Baina, EBk eskainitako akordio komertziala kolonizazio ekonomiko hutsa baino ez zenez, Janukovitx ez zen igo tren horretara Errusia ekonomikoki laguntzeko prest agertu zelako.
Une horretatik aurrera GKEetako misiolariak atsekabe soziala mobilizatzen hasi ziren gobernuaren kontra. Victoria Nuland, AEB kanpo harremanetarako idazkariordeak berriki esan du 1991tik AEBk 5.000.000.000 dolar inbertitu dituela misiolari eta GKEetan Ukrainan. Berak ere argi adierazi zion AEBetako enbaxadoreari Kieven bere hautagaia Ukrainako boterea hartzeko Jatseniuk zela. Aste batzuk beranduago estatu kolpea gauzatu eta hau izendatu zuten lehen ministro.
Ez zen erraza izan estatu kolpea ematea. Hasierako misiolarien manifestaldi baketsuak azkar bilakatu ziren biolentoak. Poliziek eskautak ziruditen eta horri esker, eskuin muturreko sektoreek eraikin publiko ugari hartu zituzten. Gabonetako barealdiaren ostean, urtarrilean shock doktrina aplikatu zuten Ukrainan. Manifestari batzuk pistolak eta fusilak erabiltzen hasi ziren poliziaren aurka egiteko, baina baita ere erreakzio bortitz bat sortzeko. Ez zen iritsi. Ondoren, frankotiradore batzuek ehun manifestari eta polizia inguru erail zituzten. Orduan bai, estatu kolpe bortitz bat gauzatzeko shocka sortu zen. Mendebaldeko hedabideek behin eta berriro Janukovitx seinalatzen zuten arduradun gisa. Iturri informatibo alternatiboek kontrakoa zioten, ez zeukan logikarik gobernuak hori egitea bere amaiera suposatuko lukeelako.
Edonola ere, mendebaldeko propaganda makinek egina zuten beraien epaiketa. Europar Batasunak zigorrak iragarri zituen Ukrainaren aurka. Azkenean, presio internazional handi baten erdian Janukovitx akordio batera iritsi zen oposizioarekin, Alemania, Polonia eta Frantziako bitartekaritzarekin. Berak bere partea bete zuenean, polizia erretiratuz, oposizioko indar faxistek ordu gutxitan boterea hartu zuten. Estatu kolpea gauzatu egin zen: presidenteak eta diputatuen ganbera erdiak ihes egin zuten eta gelditu ziren diputatuek neurri ilegalak, neofaxistak eta neoliberalak bozkatu zituzten paramilitarren “zaintza” pean.
Beranduago jakin dugu Catherine Ashton eta Estoniako kanpo harremanetarako ministroaren arteko elkarrizketaren berri. Azken honek Kiev bisitatu ostean garbi esan zuen zantzu guztien arabera frankotiratzaileak oposizioko kideak zirela eta gobernu kolpista berriak ez zituela gertakariak ikertu nahi. Hala ere, hedabide gehienek paso egin dute berriaz, izan ere, ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago.