Nola bizi hala kanta

  • Egunsentiaren kantak
    Kontzertua: Pier Paul Berzaitz, Joxan Goikoetxea. Erramun Martikorena, Txema Garces,Estitxu Pinatxo, Magali Zubillaga, Oriol Flores, Josune Marin eta Alan Griffin
    Non: Quintaou auditoriuma; Angelu (Lapurdi).
    Noiz: otsailaren 28a.
     

Egunsentiaren kantak kontzertuaren musikariak eta kantariak.
Egunsentiaren kantak kontzertuaren musikariak eta kantariak.

Angelu zoko arrotza da euskaraz bizi garenontzat. Joxean Arbelaitz kultur eragile oiartzuarrarentzat baina, Euskal Herrian ez dago zoko baztergarririk. Angeluko Quintaou auditorium paregabea mukuru bete zuten Egunsentiaren kantak kontzertuaren emaileek. Gure Ipar eta Hego aldeak batzen dituzten musikariak dira, badira haratagotik jinak hala ere: Oriol Flores katalana eta Alan Griffin irlandarra, kasu. Honezkero, biak ontsa Euskal Herriratuak.

Kontzertua bi musikari zailduen gainean funtsatzen da. Pier Paul Berzaitz muskildiarraren eta Joxan Goikoetxea hernaniarraren arimen uztartze kolektiboa da, eta euren inguruan bildu musikariek eta kantariek emanaldia maila duinera igotzen dute. Alta, Egunsentiaren kantak ez da musikari horien emanaldia soilik. Errepertorioa euskal kanta eta letra egile ospetsuen agerraldia da.

Berzaitzek zabaldu zuen kantaldia, Zuberoko kanta tradizionalaren ekarle. Estitxu Pinatxo eta Magali Zubillagaren ahotsak izan zituen lagun segidan. Entzuleon magalera heldu ziren lehen nota eztiak, biek ala biek duoz xarmanki emanak. Mixel Labeguerieren Elur egin du kantaz epeldu zizkigun bihotzak Erramun Martikorenak. Zaldubiren Ameriketako bidean delakoarekin itsasoz harantz eraman gintuen: XVIII. mendean gertatu zen 150.000 euskaldunen exodoa oroitarazi zigun. Sei urtetan (2.000 herritar hileko) Ameriketara alde egin zuten hazkurri xerka. Martikorenaren kantaerak azkura eragin zigun. A cappella abestu zuten Berzaitzek eta biek segidan. Taldea ongi konpaktatua jada, doinu zeltek eta irlandarrek apaindu zituzten euskal kanta tradizionalak: iraganaren nostalgiaren lekukoak. Nola bizi hala kanta ospetsua berritu zuten, euskaldunon izaeraren agergarri.

Kanta guztiak ez ziren zaharrak izan. Berzaitzek Imanol eta Xabier Leteri kanta berriak eskaini zizkien: norberak egindako kanten parekorik ez dago. Zein baino zein ederragoak. Imanol eta Xabierrekiko aierua sentitu (ge)nuen haren ahotsean. Joseba Sarrionandiaren Oroimeneko portua eta Aldaketarik aldaketa Magali eta Estitxuren ahotsetan... Bigarren kanta “marjinatu” izan ote den nago. Herriaren sufrikarioa sentitu nuen, baita kanta zokotik atera izana ere.

Bizitasuna ekarri zuen Estitxu Pinatxok segidan, jazzaren erritmoan. Taula gaineko haren estiloak Tina Turner oroitarazi zidan. Irudimena libre. Guk taldeko Eki eder kanta eta Jon Sarasuaren berba bizi-biziak errepikatu genituen entzuleok. Magali Zubillagaren urtebetetzea kari, Zorionak kantua ere bai. Irriak eszenatokian eta barreak besaulkietan.

Ordua joana zen aspaldi, ia ohartu gabe. Musikarien aurkezpenak egin ahala, agurra sentitu genuen 800 entzuleok: “Agur goiztiarra, to eta no!”. Entzuleon nahikaria neurtzeko, naski. Ez kexa. 45 minutu gehiagoz jardun zuten: mitoak, erritoak eta ereserkiak nagusitu ziren aretoan: Ernest Alkat zenaren Aments egin dut, Leteren Xalbadorren heriotzean. Berzaitzen Baratze bat... Hilko ez diren kantek zoratu zuten entzuleria. Gogoan iltzaturik ditugu. Entzuleon adina? Batez beste, 50 urte, hor nonbait.

Goraipatu beharra dago Goikoetxea, Garces, Marin, Flores eta Griffinen finezia, nork bere instrumentuarekin duen abilezia. Egun nola bizi garen ikusirik, mende honen amaieran Berzaitzek sortutako kanten arabera bizi bagara, Sortu(ko) dira besteak!. “Eta Ameriketara joan ziren 150.000 euskaldun ele bakarrak itzuliko balira?”. Elur malutak ari zituen kanpoan eta ni gaueko ameslari nintzen.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude