Usurbil 2009-Gipuzkoa 2014: aldaketa handiaren gakoak

  • Martxoaren 16an ospatuko da hondakinak kudeatzeko sistema berriak, Zero Zabor ereduak, Gipuzkoan egindako lehen agerraldiaren bosgarren urteurrena: Atez Atekoaren hasiera Usurbilen. Bost urte geroago, ezer ez da berdin ez Gipuzkoan, ez Euskal Herrian.

Atez Atekoaren aldeko aldarrikapena Zizurkilen. Hondakinen gatazkak gogor astindutako herrietako bat, gaur %80tik gorako birziklapen tasa lortzen duena.
Atez Atekoaren aldeko aldarrikapena Zizurkilen. Hondakinen gatazkak gogor astindutako herrietako bat, gaur %80tik gorako birziklapen tasa lortzen duena.Ane Miren Etxeberria

Maiatzean herritarren %22 baino gehiago biziko da hondakinen %75 baino gehiago gaika sailkaturik biltzen dituzten herrietan, Gipuzkoan. Eta aurrera begira beste zenbait udalek hartutako erabakiak gauzatzen badituzte, 2014a amaitzerako %30 baino gehiago izan litezke.

Joan den otsailean, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu dizkie alderdi politikoei eta gizarte eragileei lurraldeko hondakinak kudeatzeko plan berriaren zehaztapenak, errausketa plantarik gabeko eskema batean beharko diren azpiegiturak eraikitzea aurreikusten dutenak. Errauskailua barne zela aurreko legegintzaldian kalkulatutako aurrekontuaren herena kostako da dirutan eta Gipuzkoako birziklatze tasak ipini behar ditu %60ean 2016an eta %75ean 2020an.

Hondakinen sistema alternatibo berria Usurbilek estreinatu zuen 2009 haren ondorengo bost urteotako gatazka eta eztabaiden kronika egitea alde batera utzirik –egunero hedabideek aski azaldu dizkiote horien xehetasunak herritarrari– emaitzen eta lorpenen laburpen bat egitea da hemen asmoa, aurrera begirako erabaki eta urratsen azalpenarekin batera.

%85 gaika, 50 kilo errefus...

Gaikako bilketa orokortua ez da jadanik mito bat: Gipuzkoan maiatz honetan 150.000 herritar, probintziaren %22, biziko dira hori lortzen duten ia 50 udalerritan. Horiek egin dute posible Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak betiko baztertzea Zubietan aurreikusita zegoen errauste planta.

Duela dozena bat urte lurralde honetarako PIGRUG 2002-2016 plan orokorra idatzi zutenek bazekiten sistema alternatiboa bazela: Italiatik iritzia ematera deitutako adituek aurkeztua zieten ordurako martxan zen Racolta Diferenziata Porta a Porta. Alabaina 2009an Usurbilen estreinatu zutenetik, Atez Atekoak mota guztietako oztopoak gainditu behar izan ditu bost urteotan. Emaitzak ikusi nahi dituenaren begien aurrean daude. Birziklatze tasei dagokienez, Atez Atekoaren modalitateren batean ari diren herriok denak dabiltza %75az goiti, askok gainditu dute %80a.

Hondakinen atal guztien bilketak egiten du hobera. Kopuruek gora egiten dute paper-kartoi, ontzi arin, beirazko eta abarretan. Gainera, garbiago biltzen dira, horrek materialon geroko birziklatze ahalmenean daukan garrantziarekin. Portzentajeez gain, ordea, herri horietan ohartu dira afera honetan funtsezkoa dela bildutako errefusa murriztea, birziklatu ezin dena gutxitzea.

Konparatzeko, Goierri eta Urola Garaiko herriak biltzen dituen Sasieta mankomunitateak 2012an %39,6ko gaikako bilketarekin pertsonako eta urteko sortutako 382 kiloetatik 232 bidali zituen zabortegira errefus gisa. 2013an, udatik aurrera eskualdeko zenbait herri sistemaz aldaturik, 182 kilo errefus bota zuen.

182 kilo errefusok dagozkio Sasietak 2013an eman zuen bataz besteko %45eko birziklatze tasari. Baina mankomunitateko herri bakoitzaren datuak erkatuz erraz ulertzen da hurrengo datua: bilketa sistema ona antolatuta daukaten herrietan 60-50 kilo edo eta gutxiagotara murriztea lortzen dute, gainerakoa berrerabili, birziklatu edo konpost bilakatuz. Horretan datza Zero Zabor ereduaren iraultza.

Sistema baten zazpi aurpegi

Nola deitu sistema berriaren aldagai bakoitzari? Atez Atekoa, mistoa, derrigortua, Zero Zabor eredukoa... Hainbat formula zabaldu baitira Gipuzkoan, ideia beraren inguruan: herritarrek etxetik gaika bereizirik entregatzen dizkiote administrazioari beren hondarrak, nahasirik uzteko baimenik ez da.

%70eko birziklatze tasa gainditzea lortu duten herri guztietan kaleetatik desagertu dira zabor nahasiak uzteko kontainer handiak. Utikan ekibokatzeko tentazioak. Denetan errefusa atez ate biltzen da.

Ataunen eta Ormaiztegin soilik errefusa atez ate, gainerakoak edukiontzietan. Legazpin atez ate erefusa eta hala nahi dutenen organikoa, gainerakoak edukiontzietan. Sistema mistoa deitu zaion arren, egokiago litzateke Atal bakarreko Atez Atekoa edo Atez Ateko mistoa esatea. Bergaran udala bakeagatik –gero ikusi zen alferrik egin zuela keinua– atez ate errefusa eta organikoa hasi da biltzen, gainerakoak kaleko edukiontzietan.

Gero datoz Atez Ateko klasikoak: lau atal zintzilikarioetan. (Irakurleak jakingo du ia Euskal Herri osoan kristalezko botilak, oihalak, pilak eta beste edo karrikako edukiontzietan edo hondakinentzako biltegi berezietan lagatzen direla). Usurbil hasi zen herritarrei eskatzen organikoa kubo famatuan uzteko eta gainerakoak era nahiko librean zintzilikatzeko. Geroztik, herri batzuetan papera edo/eta ontzi arinak kolorezko zorro berrerabilgarrietan eskegitzen dira, beste askotan ontzi bereziak dira atal guztientzako...

Edukiontzi txipdunen berririk?

Dagoenekoz oso frogatuta dagoen beste bilketa orokortua, gainera emaitzik onenak lortu dituena, Orendainek estreinatutako eredua da, Zero Zabor herri txikiena. Organiko guztia herritarrek berek konpostatzen dute eta gainerako atalak lagatzen dituzte -ordutegirik gabe, herri txikiek badituzte abantailak- udalak horretarako antolatu dizkien etxolen barruan.

Laster Zestoan ikusiko da Atez Atekoaren aldagai berria, komunitarioa: atarika edukiontziak jaso eta bilduko ditu udalak egunero. Azpeitirako aztertutako modalitateetako bat ere horixe da.

Aldiz, gatazka eta hondakinen politizazioa gainditzeko balio behar zuen edukiontzi txipdunen albiste gehiagorik ez da publikatu ia urte osoan. Elgetan eta Zumaian ziren saiatzekoak derrigorrezko modalitate Ez-Atez Ateko honekin, baina menturaz arazo teknikoekin egin dute topo.

Horiez gain, bestelako modalitate berriak ager daitezke aurrerantzean, baina %50eko birziklatze tasa emateko gai ez dira izango orokortuak, derrigorrezkoak eta pertsonalizatuak direnak baizik. Borondatezkoek ez dute gainditzen %50a. Gipuzkoan ezintasun hori frogatu ondoren aldlatu dira Atez Atekora Lazkao, Aretxabaleta eta gehiago. Derrigortasunaren eztabaidan korapilatuta diraute Orion, Urnietan, Orereta-Errenterian, Donostian eta beste askotan.

Nork behar du TMBa?

Errauste plantarik gabeko kudeaketa berriaren korapiloa orain Gipuzkoak azkar behar dituen azpiegitura berrietan datza. Horietako batzuk, aspaldi eraikita egon behar zuten, Txingudik ahazturik laga duen Zaldunbordako konpost plantak, esaterako.

Azpiegiturotan izar nagusiak dira alde batetik bereizirik jasotako hondakin organikoa, betiko txerri-jana, konpost bihurtu behar duten plantak; eta bestetik, bai nahasirik dagoen zaborra eta bai ondo bereizirik herri aitzindariek entregatutako errefusa geldotzeko (esan nahi baita, usteltzeko edo inguruak kutsatzeko arriskurik gabe lagatzeko) tratatuko dituen TMBa.

Nork ordainduko du? Denek berdin? Hasteko, udalerri bakoitzak pertsonako eta urteko errefus kilo kopuru oso ezberdinak bidaliko ditu bertan trata ditzaten.

Datuak txukunen erakusten dituen Sasieta mankomunitatean begiratu: Zaldibiako herritar baten %15 doa zabortegira baina Idiazabalgoaren %58. Urtarril honetan bertan, hilabetean, Beasaingo 13.800 biztanleek 227 tona errefus nahasi bidali dituzte zabortegira; bitartean, Ordizia, Zaldibia, Segura eta Legorretak (14.259 biztanle) denetara 80 tona besterik ez, beasaindarren %35. Berdin pagatu behar dute?

Kopuruez gain herriek errefusetan jaurtitzen dutenaren osaketak dauka garrantzia berezia. TMBk esan nahi baitu errefusaren Tratamendu Mekaniko eta Biologikoa, erraz ulertzen da bilketa ona egiten duten herrietakoak bigarrenetik, biologikotik, oso gutxi behar duela, kasik organikorik ez daramalako. Bilketa txarrena egiten dutenek daukate TMBaren B horren beharrik handiena, errefusetan lagatzen duten ustelkor guztia egonkortzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren plangintza berrituak aurreikusten du urtean 170.000 tona errefus tratatzeko gai izango den TMBa. Bilketa txukuna egiten duten herriengatik balitz, aski litzateke horren erdia baino txikiago batekin. Berdin gertatuko da tratatu osteko azken errefusa non ezarri eztabaidatzerakoan. Zaborrak nahasirik lagatzen tematzen diren udal eta herritarrei dagokie pagatzea bai koste ekonomikoak eta bai bestelakoak.

2022.erako... Contarina eredu

Gipuzkoako Foru Aldundiak lortuko ote du oposizioko alderdiren batekin adostea aurkeztu berri duen azpiegituren plana? Lan zaila dauka. Politika osoa 2015eko udal hauteskundeetarako motorrak berotzen ari denean, Bilduri ezertan aurrera ez egiten uztea bilakatu da oposizioaren ariketa nagusia, berdin hondakinetan, autobideetako peajeetan, fiskalitatean edo etxe hutsen gaineko zergetan. Diario Vasco egunkariak ondotik zorrotz zaintzen ditu batzuen eta besteen maniobrak.

Baina, norbaiti paradoxikoa iruditu dakiokeen arren, hondakinentzako tratamendu beharra orain bezala hurrengo legealdian norbaitek edukitzekotan, gutxien birziklatzen duten udalerriek edukiko dute. Esan nahi baita, Bilduk aski indar ez edukitzeagatik gaikako bilketa orokorturik ezarri ezin izan duen herrietan, edo nahi bada, Bildu agintetik errazen kendu dezaketenetan. Bilduk galdu lezake Gipuzkoako edo herri batzuetako agintea, baina Zero Zabor eredua alternatibatzat finkaturik dago jada.

Gaikako bilketan %75az goitik dabiltzan herri horiek orain urrats berriak dauzkate aurrean. Lehen bezala, orain ere badauzkate ereduak. Italiako Contarina herri elkargoa da bat ona.

Parisen duela hilabete Zero Waste Europe koordinadorak burutu biltzarrean aurkeztu zuen Contarinako egoera, mankomunitate hartako lehendakari Paolo Contók. 560.000 biztanleren zaramak kudeatzen ditu Venezia ondoko Treviso eskualdean (Gipuzkoak 709.000 dauzka). Atez Ate biltzen dizkie hondakinak 2001etik.

2009an hurrengo urratsa eman zuten Contarinan, hondakinen zerga egokituz: bakoitzak pagatu beharreko tasak badu zati bat finkoa (familietan biztanle kopuruaren arabera, komertzioetan metro koadroen baitan) eta beste zatia aldatzen da sortzen den zaborraren arabera. Gehien kutsatzen duenak pagatu behar du gehien.

Contarina da Italiako txapeldun hondakinen kudeaketan, atal guztietan. Italiako kudeaketa merkeena eginez, familiei tasarik baxuenak kobratuz, urtean pertsonako 55-58 kilo errefus sortzera iritsi dira (Italian 303). Eta helburu garbi batez ari dira 2022ra begira: azken errefus kopurua urteko 10 kiloraino murriztea.

Sakana, Zabalgarbi, Canopia... ez al da zaborra beste konturik?

Euskal Herri osora hedatu da hondakinen eztabaida. Logikoa da: gizakiak produzitzen duen guztitik %90 hondakina da eta horiek abandonatzeko lekurik gabe geratu gara.

Gipuzkoan bezala Nafarroan ere errauste asmoen kontrako erreakzioz antolatu da lehenbiziko Atez Atekoa, Sakana eskualdean, gaikako bilketan duela 30 urte Iruñerrian egindako esperientzia ahaztu samarra zenean. Birziklatze orokortua lekuko hizkerara egokitu dute sakandarrek, herritarren konpostari garrantzia berezia emanez. Zenbait osagai –etxolak– esportatzea lortu dute.

Iparraldean zalaparta gutxiago lortu dute Bil ta Garbi elkargoak Baionako Canopia TMBaren inguruan antolatu duen eskemaren kontrakoek. Baina herritarren bilketa selektiborik gabeko TMBaren kalteak zabaldu dira Frantzia osoan, eta indar berriz entzuten dira Baionako, Hazparne aldeko eta Zuberoko Sarrikotako jende batzuen kexuak.

Bizkaian berrikitan Ekologistak Martxanek azaleratu ditu Zabalgarbi errauskailuaren trapu zaharrak. Hala jakin dute herritar askok energiazko efizientzia auzitan daukala Zabalgarbik, errentagarritasuna diru-laguntza publikoei zor diela, kutsaduraren kontrolean gorabeherak eduki dituela eta (askoren harridurarako) kiskalitako eskoria eta errautsak Bizkaiko zabortegietan zabaltzen dituela. Gainera, Lea-Artibai eskualdean sistemaz aldatzeko urratsak ematen hasi dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude