argia.eus
INPRIMATU
Fukushima gogoratuz hiru urte geroago

Joxerra Aizpurua Sarasola 2014ko martxoaren 12a

Martxoko lehen asteburuan ehunka pertsona irten ziren kalera Tokion, Japoniako Gobernuak TEPCO enpresari erantzukizunak eskatzeko bidea etengo duela jakitean.

Ofizialki ez da inor hil erradioaktibitatearen eraginez; estresagatik edo istripu nuklearrarekin zerikusirik duten gaixotasunengatik, berriz, 1.656 lagun baino ez.

Hiru urte igaro dira zentrala lehertu zenetik, eta Gobernua Fukushimako prefekturako hainbat eremutan bizitzeko baimena ematen ari da. Jendea pixkanaka itzultzen ari da, jende txiroa eta umila batez ere, aberatsek milaka kilometrora dauden irletara emigratu baitute.

Bitartean, berriak zipriztinak bailiran ailegatzen zaizkigu. Itsaso Bareak ukitzen dituen herrialdeetan gero eta arazo gehiago atzematen ari dira –oraingoz bakanak badira ere– arrain eta hegaztien osasunean: malformazioak, aldaketak migratze-ohituretan... Fukushiman, tiroideetako tumore kopurua apurka-apurka gorantz doa umeengan. Fukushima inguruko prefekturetan erradiazio handiko guneak azaltzen dira inolako logikarik gabe. Eta abar.