"Gure estiloa lantzen duen beste talderik ez dago Euskal Herrian"

  • Doinu latinoak hainbat estilorekin nahasteak munduan barrena makina bat kontzertu eskaintzeko aukera eman dio Damba taldeari. Hautsi… Eta izan zaitez zu (Agorila, 2013) disko berriarekin haien lana Euskal Herrian ezagutaraztea dute erronka. Kristian Amorena bateria-jotzailearekin izan gara.

Estitxu Pinatxo (eskuinean) dugu Damba taldeko kide berriena. Ezkerrean, Aitziber Estanga.
Estitxu Pinatxo (eskuinean) dugu Damba taldeko kide berriena. Ezkerrean, Aitziber Estanga.

Disko berriaren izenburuari erreparatuta, zer behar dugu hautsi?

Gehienbat mundu aldrebes hau hautsi nahi dugu. Azken urteotan gizarteak hartu duen bidea kolpetik geldiarazi, eta norabidea aldatu. Uste dugu badagoela gauzak bestela egiteko modurik. Egunero medioetan entzuten ditugun basakeria horien kontrako gure oihua da diskoa.

Zuen taldearen berezitasun bat, partaideen jatorri aniztasuna da. Nola ezagutu zenuten elkar eta proiektu honetara batu?

2009an hasi ginen zuzenekoak ematen, baina aurretik pare bat urtez lanean arituak ginen proiektuaren inguruan. Nire ibilbidean ezagututako pertsonekin proiektu bat eratzea nuen asmoa, musika mota jakin bat zabaltzeko. Lan horretan Amparanoiako Amparo Sánchezen laguntza izan nuen; harekin produzitu genuen lehen diskoa. Nire ibilbidean toki ugaritako jendea ezagutu dut, eta horregatik aniztasun hori. Hala ere, taldean hainbat aldaketa izan dira, eta orain ia denak euskaldunak gara. Taldekideetako bat kubatarra da, baina gainontzekoak Euskal Herriko hainbat bazterretakoak, Iparraldekoak zein Hegoaldekoak. Guztira hamar gara, zortzi musikari, teknikaria eta komunikazio arduraduna.

Eta horrek eragina du zuen estiloan ere. Iturri askotatik edaten duzuela igartzen da.

Gutako bakoitzak bere musika gustuak eta iturriak ditu, eta hortik abiatuta saiatzen gara zerbait bateratua osatzen. Ez da erraza egiten duguna definitzea: baditugu rock munduko eraginak, baina baita musika tradizionalekoak ere. Ukitu latinoa du diskoak, asko gustatzen zaiguna eta betidanik landu izan duguna, baina estilo asko nahasten ditugu: reggaea, punka, rumba… Oro har, festarako doinu biziak egitea izan da gure asmoa.

Lehenengo diskoa Amparo Sánchezekin ekoitzi zenutela eta, Amparanoia omen da zuen talde erreferenteetako bat.

Haien musikaren aberastasuna gustatzen zaigu, baina baita haien abesti eta letren zentzua ere. Bat egiten dugu espiritu horrekin, soiltasuna eta mezu zuzenak gozatzeko planean.

Eta Euskal Herrian, bada zuekin aldera litekeen talderik?

Ezetz esango nuke. Gure esparru musikala dugu, eta ez dugu uste Euskal Herrian bide musikal bera lantzen duen talderik dagoenik. Estilo aldetik ez dugu Esne Beltza edo Emonen gisako musika egiten, oso bestelakoa da. Esne Beltzarekin, esaterako, jo izan dugu, eta gure musika ez da errepikakorra egiten, osagarria baizik.

Heldutasunera iritsi zaretela aipatu duzue. Musikalki zein eboluzio izan da aurreko diskotik hona?

Estilo honetako musika ondo egiteak lan handia eskatzen du, are gehiago horrenbeste musikari batera ari garenean. Taldeko musikariak esperientzia handikoak dira, baina taldeak behar duen forma hartzeko, jo, jo eta jo egin behar da. Zati guztiak behar bezala batzeak denbora eskatzen du. Zentzu horretan hobekuntza handia nabaritu dugu. Azken bi urteotan zenbait aldaketa egin ditugu eta horrek ere lagundu egin digu. Estilo aldetik berriz, bide berari eutsi diogu. Zerbait aipatzekotan, egia da pixka bat gehiago landu dugula mundu elektronikoa, kantu fresko eta zuzenak egiteko asmoz.

Aldaketen artean, Estitxu Pinatxo, abeslari berria.

Duela urtebete baino lehenago hasi ginen berarekin lanean. Telecinco telebista-kateko La Voz lehiaketan ikusi zuen Aitziber Estangak [taldeko gitarra eta ahotsa] eta gustatu egin zitzaionez, harekin harremanetan jarri ginen, gure proiektua erakusteko. Gustatu zitzaizkion gure influentziak eta baita gure kanta eta asmoak ere. Indar handiko ahotsa du, eta bi abeslarien arteko kimikak oso ondo funtzionatzen du, zuzenekoetan batez ere.

Beste aldaketa bat hizkuntzarena da. Bigarren disko honetan abestiak euskaraz dira, lehenengoan ez bezala.

Euskaraz abesten dugu, gure musika Euskal Herrian ezagutarazi eta zabaldu nahi dugulako. Asko ibili gara Euskal Herritik kanpo, eta hemen gure lana erakusteko gogoa genuen disko berriarekin. Lehenengo diskoko abestiak gaztelaniaz ziren abeslaria madrildarra zelako, batez ere. Halere, duela bi urte hasi ginen jada letra hauek lantzen. Hasieran Elenarekin [aurreko abeslariarekin] saiatu ginen grabatzen, baina asko galtzen zuen espresio aldetik. Ez ginen nahi genuenera heltzen. Hark taldea utzi behar izan zuen azkenean, eta Pinatxorekin errazagoa izan da.

Miren Amurizak jarri dizkie hitzak zuen abestiei. Nahieran idatzi ditu ala gaiak eta gainerakoak aurretik adostu dituzue?

Guk aurretik bagenituen zenbait gauza prestatuta, eta neroni aritu naiz Amurizarekin hitz horiek lantzen. Bagenekien zer nahi genuen gutxi gorabehera. Halere, gure ideietatik abiatu arren, askatasun osoa izan du hitzak bere erara moldatzeko.

Diskoan emakumeak duen protagonismoa ere nabarmendu duzue.

Maleruski, Euskal Herrian ez dago talde askorik emakumea protagonista duenik. Gure abestiak bi emakumek abesten dituzte, eta hitzak ere emakume baten begiradatik daude idatzita. Uste dut aurrerantzean hori sustatzeko lan gehiago egin behar genukeela.

Munduan barrena kontzertuak emateko aukera izan duzue. Zer moduzko harrera duzue Euskal Herritik kanpo?

Egia erran oso harrera ona jaso dugu toki guztietan. Gure musikak duen alaitasuna oso erraz transmititzen da eta ikusleek primeran pasatzen dute. Budapesten jo dugu, Afrika iparraldean, Espainian, Frantzian, Belgikan, Britainia Handian… Berriki, Kubara hiru festibaletara joateko gonbita ere egin digute.

Eta Euskal Herrian, baduzue nahi beste kontzertu eskaintzeko aukera?

Kosta egiten da kontzertuak lotzea, are gehiago azken urteotan. Orain arte harrera ona izan dugu, dena den. Apiril eta maiatzerako hainbat kontzertu ari gara lotzen. Euskal Herrian taldea ezagutzera ematea falta dugu; disko honek datozen hilabeteetan falta zaigun bultzada emango digula espero dugu.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude