argia.eus
INPRIMATU
Belen Uranga, SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERREKO KIDEA
«Ikuslearen enpatia sortzeko gaitasuna du»
Onintza Irureta Azkune @oirureta 0000ko ren 00a

Zertarako balio lezake programa honek, zure ustez?

Euskararen egoerari buruz azalpenak, sarri, konplikatuak izaten dira, baina programak modu errazean eskaintzen ditu, eta ikuslearen enpatia sortzeko gaitasuna du. Bestalde, euskarari bere lekua emateko lanean ari den jendearen jarduerak guztion aurrean jartzen ditu. Eta horrek egindakoaren eta egiten denaren tamaina agerian jartzen du: honakoak ikerketa zientifikoetan ari dira, horiek aurrerapen teknikoetan... Hori guztia begi bistan jartzeak proiektu bateratuaren aurrean kolokatzen du ikuslea.

Tonu positiboa nabari da.

Sarri askotan euskararen egoeraren inguruan kezka eta puntu triste bat gailentzen da jendartean. Programak ordea, egindakoaren alderdi positiboak, pozgarriak eta ludikoak erakusten ditu. Soziolinguistikaren ikuspegitik ezinbestekoa da hori hiztunen jarrera positiboak sendotzeko. Gainera, momentu ezin aproposagoan dator programa; azken denboretan, egindakoaren ahaleginen aurrean nolabaiteko nekea sumatzen ari gara han eta hemen. Neke edo nagi horiek astintzeko pizgarria ere bada zalantzarik gabe.

Eskatzen hasita?

Ez ote dago modurik euskaldunak ez diren herritarrengana heltzeko? Zergatik ez irudikatu “euskaratik eta euskaraz” egindako programa erdarazko azpitituluekin eskaintzea?