Bagoaz

Orain bi hilabete orrialde honetan idatzi nuen artikuluak izenburu hau zuen: ETAren aurka hobeto bizi ote ginen bada? Eta hauxe esan ere: “Herri honek hausnarketa sakona eskatu dio ezker abertzale tradizionalari; desagertzea exijitu dio ETAri eta indarkeria mota guztiekin bukatzea –baita Estatuarena ere– ezinbestekotzat jo du etorkizun hori eraiki ahal izateko”.

Artikulu hartan “herria” aipatzen nuen. Orain gehiago zehaztuko dut: 2013ko maiatzean Lokarrik eta Bake Bideak sustatutako Foro Sozialak Bake prozesua bultzatzeko gomendioak eman zituen. Prozesu aberasgarria jarraitu zen: nazioarteko 12 adituren ekarpena eta 500 proposamen zehatz baino gehiago jaso ziren. Abiapuntua eta helmuga hauek dira: bake prozesu sendoaren erronka nagusiei heltzeko oinarrizko adostasunak lortzea arlo desberdinetan. Gomendio horiek, laburrean, hauexek direlarik: ETAren desarmea eta egitura militarren desegitea; presoen eta iheslarien itzultzea erraztea. Giza Eskubideak bultzatu eta bermatzea; egia eta memoria babestea iraganari zintzotasunez aurre egiteko, biktima guztiak aintzat hartuz eta egia, justizia eta ordaintza eskubideak errespetatuz. Hau guztia etorkizuneko elkarbizitzaren oinarriak finkatzeko.

Begi bistakoa da gizarteak eta Foro Sozialak egindako planteamenduak errotzen ari direla. Alde batetik, 2013ko abenduaren 28an EPPK-k egindako Adierazpenean gomendio horiek aintzat hartzeko modukoak direla onartu eta hainbat erabaki jakinarazi zituen. Bestalde, ETAk berak egindako azkeneko Adierazpenetan antzekoa esan du eta, dakigunez, desarmatzeko bidea abiatu du.

Eusko Jaurlaritza eta Euskal Herriko hainbat erakunde Foro Sozialaren gomendioen bidetik doaz, beste ekimen ofizialak jarraituz.

Lehen gomendioa, esan bezala, ETAri luzatu eta exijitu zitzaion: desarmatze eta desegite prozesu bat diseinatu, garatu eta bururaino eramatea. Horretan ari dela esan digu publikoki. Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeak horrela berretsi du –ezagutu ditugun zailtasun eta emaitza eskasekin– eta azkeneneko Adierazpenean –otsailaren 29an– desarmatzeko prozesua bururaino eramateko asmoa duela jakinarazi du, eta “armak, leherkariak eta gailuak erabilera operatibotik kanpo” daudela bermatu. Herri honi zor zaion pauso ezinbestekoa da hori. Gainera, itxura denez, Estatuaren aldetik inolako erraztasun operatiborik emango ez denez, lehenbailehen burutzea izango da erabakirik praktiko eta eraginkorrena. Ea, behingoz, ETAk gizarte honek eskatutakoari “zintzotasunez” erantzuten dion.

Presoen itzulera ere ez da arazo txikia. EPPK ere kontzientea da horretaz. Argi dago presoek aurrerapausoa egin dutela gomendioak jarraituz: lege baliabideak erabiltzea, egindako mina aitortuz. Orain banakako eskaerak bideratuko dituzte, egoera larrienetatik hasita: hona hemen beste erantzun positiboa bakerako bidean. Espero dut bideratuko dituzten eskaerak zentzuzkoak eta “praktikoak” izatea.

Ez naiz, ez, ahaztu bi arlo zehatz horietan Espainiako Gobernuari eskatu zitzaionaz. Baina Gobernua mututu da; dagoeneko ETA ez omen da arazoa berarentzat
–aldiz, ETAren presentzia Alderdi Popularrarentzat arazoa bihur daiteke maiatzeko hauteskundeetarako lehian–. Gobernuarengandik oztopoa besterik ez datorkigu, desarmearen prozesurako batez ere. Eta laster izango dute presoen eskaerei erantzuteko aukera; orduan ikusiko da bere benetako asmoa, aitzakiarik gabe.

Halere, Bagoaz! Ez da erraza, baina hementxe dugu denon artean jorratu beharreko bidea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude