"Gure naturarekin adiskidetuko gaituen haziera behar da haurrentzat"

  • Beste mundu bat posible da, baina horretarako ezinbestekoa da heziketa moldeak aldatzea.

"Kultura gure animaliatasunaren ukazioan eraiki izanetik datoz gure gizarte honen gaitzetako asko".Dani Blanco

Gaurko heziketa moldeak zalantzan jartzen dituen bi ikastaroren gidaria zara: bat maisu-maistrei zuzendua eta bestea haur psikologiari buruzkoa, gurasoentzat.

UEUk apustua egin du bi ikastaro hauen alde eta jendea oso ongi ari da erantzuten. Hainbat aldiz egin ditugu eta datozen asteotan berriz jarriko ditugu abian Eibar eta Iruñean. Hik Hasi elkartearen topaketetan ere egongo gara uztailean. Sumatzen duguna da jendea irrikaz dagoela klabe ezberdinak izateko. Giza garapenaren gakoak zeintzuk diren jakiteko, alegia.

Nola iritsi zinen alor honetara?

Euskal Filologia ikasi nuen euskararekin eta Euskal Herriarekin oso motibatuta eta kezkatuta egon naizelako txikitatik. Gero, psikologia eta pedagogiarekiko zaletasuna ere piztu zitzaidan eta Espainiako Terapia Reichiarrean psikoterapeuta izateko formazioa jaso nuen. Hasieran ez nion filologiatik psikologiarako jauzi honi zentzu handirik aurkitu, baina orain konturatu naiz ez daudela hain urruti. Nik hizkuntza, literatura eta psikologia maite ditut, oso gizakiarenak diren gauzak, hirurak ere. Gizakia ulertzea da gustatzen zaidana

A ereduko irakaslea zara Barañaingo institutu publikoan. Zer moduz?

Profesionalki aberasgarriagoa zait hizkuntza berez dakitenei sakontzen laguntzea, baina A ereduak beste gauza erakargarri batzuk ere baditu. Euskara ikasgai maria bezala hartzen denez, inork ez dizu emaitzarik eskatzen eta nahi duzuna egin dezakezu ikasleekin, horrek eduki dezakeen alde on guztiarekin. Ez zaude beste ikasgai askotan bezala programaren hain mende eta pedagogikoki ere oso bestelakoa izan zaitezke. Oso ikasle jatorrak ditut eta ikaragarri polita zait euskararekin nola motibatzen diren ikustea. Nafarrak izan arren, ez dute euren burua euskalduntzat, espainoltzat baizik, eta arraro ere egiten zaie batzuei ni nafarra izanda euskalduna izatea, pentsa… Haiei gure erreferentzia polita transmititzea da nire helburua, gure hizkuntza, kultura eta identitaterako sarbidea ematea.

Euskaldun eta erdaldunak elkarrekin bizi gara, baina elkarri bizkar emanda.

Euskaldun eta erdaldun baino, euskaldunak eta espainolak/frantsesak. Herri menderatua gara eta herri menderatu guztietan gertatzen da hau. Orain gurean, menderakuntzari “aniztasuna” esaten zaio. Okupazio erregimen baten mende bizi den herria da gurea eta gatazkaren planteamendu okerra egiten denez, ez gara egoera ongi kudeatzen ari. Herri kolonizatuen gaitza da menderakuntza egoera ez ikustea. Konplexuak ditugu, menderatzailearen onespenaren bilaketa etengabean… Herri bezala psikologikoki hor azpian eragiten duen sindromearen funtzionamendua ikertzea asko interesatzen zait. Beste mendekotasun egoera askotan ere ikusten da gaitz hau, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen kasuan, esaterako: mendekoek ahazten dute mendeko direla eta normaltzat hartzen dute euren egoera. Mendekotasuna patologikoa da. Indarra duzu mendean zaituen horrengandik askatzeko edo ez. Baina ez da aukera bat.

Neurosiaren prebentzioan ari zara buru-belarri. Zer da neurosia?

Ez dugu nahasi behar normaltasuna eta osasuna. Normala dena media estatistikoa da, baina gure normaltasun horrek hutsuneak ditu. Dena ongi doa, bai, ongi joateari uzten dion arte. Hor daude depresioak, antsietatea, suizidioak, maltzurkeria, jazarpena… Gure normaltasun hori da neurosia. Mendebaldeko gizartea gaixorik dago. Bizitzarekiko satisfakzio falta ikaragarria dago, “zoriontasun” falta ikaragarria. Detaile bat da baina harrituko zituzke, adibidez, zein txikia den botikarik hartu gabe lo egiteko gai den jende kopurua.

Nola iritsi gara egoera honetara?

Erantzunaren bila halabeharrez jo beharra dago haurtzarora. Gizakiok, beste edozein animaliak bezala, izugarrizko potentzialtasunarekin etortzen gara mundura, garapen oso baterako eta osasunerako gaitasunarekin, baina heziketarekin egiten dugu topo, zenbait interesen arabera pertsona modelatzeko funtzioa duena. Uste da umeak ez dakiela zer nahi edo behar duen eta kanpotik irakatsi behar zaiola heldutasunera egin behar duen bidea. Eta ez da horrela. Edozein izakik dakar berarekin izaki heldu bezala garatzeko jakinduria. Beharrak zein dituen jakiteko eta horiek kudeatzeko eta eskatzeko gaitasuna. Nola da posible pentsatzea ume bati irakatsi behar zaiola lo egiten, edo jaten, gauza instintiboak baldin badira? Guk egin behar duguna da enpatia garatu, haurra sentitu eta behar duen hori eman. Ez dugu naturarengan aski konfiantzarik, gure heziketaren kume garelako eta hortaz gure naturatik aspaldi deskonektatu ginelako.
Garapen psikoafektiboaren prozesuan zaindu beharreko hainbat etapa delikatu dago. Etapa bat ase dagoenean, berez, bizitzaren bulkadak berak eramango du hurrengora, kanpotik ezer behartu gabe. Etapa bakoitzean heldutasuneranzko lorpen batzuetarako potentziala dago. Fase horretatik pasatzen bagara ase gabe edo erritmoa beharturik, ez dira horiek erdietsiko.

Badago bereziki delikatua den faseren bat?

Gure espeziean, burmuinaren garapenagatik oso heldugabeak jaiotzen gara. Itxoingo bagenu umetokian, garuna erabat garatu arte, haurra ez litzateke pasako amaren pelbisetik. Hau dela eta, gestazio moduko bat behar dugu kanpoan, ia-ia urtebetekoa. Oso zaindu beharreko unea da, oso delikatua, non klabeak haurdunaldiko berak diren. Lehenbiziko sei hilabeteetan, batez ere, umea ez da sentitzen amarengandik bereizita, haren luzapen moduko bat baizik. Hor, bereizketa luzeak eta goiztiarrak, larriak izan daitezke. Garrantzitsua da ezagutzea zer den une bakoitzean haur bati eska dakiokeena eta zer ez, nahiz eta naturak berak ematen dizkigun arrastoei arreta jarrita, ez genukeen inork hau gogoratzerik behar. Izan ere, haurra amarengandik bereizteko prest balego, naturak ibiltzeko gaitasuna emanen ziokeen. Eta ez dio ematen urtebete-edo egiten duen arte. Amari itsatsita egon behar duelako. Umeak haur eskolara eramatea lehen sei hilabeteetan, adibidez, ez da batere gauza ona.

Baina askotan beste erremediorik ez dago, amak lanera itzuli behar badu.

Gauzak egiten ditugu ahal dugun hobekien eta badira lanera itzuli nahi edo behar duten amak eta horregatik ez dute zertan gaizki sentitu behar. Baina une horretan haurraren unearen nolakotasuna ongi ezagutzen badugu, haurrari kalte egingo ez dion irtenbidea bila daiteke, ama ere kontuan izango duena, noski.

Haur eskoletan delegatzen ari gara haurren zaintza?

Ni harritzen nauena da edozein estatutan, talde aurrerakoienek ere ez dutela hori zalantzan jartzen. Eskakizun iraultzaileena da haur eskolak denentzat izan daitezela, nahiz eta prebentzioaren mesedetan sistema bezala ez genukeen haur eskolarik behar, amatasun baja luzeagoak baizik. Osasun integralaren prebentzioak, gainera, oso emaitza ona du ekonomikoki, hori gabe gerora sortzen diren gaitzek gastu handiak eragiten dituztelako. Europa iparraldean bestela egiten dute eta sozialki aitortu beharko genuke umeak modu naturalagoan hazita zer lan profilaktikoa egin daitekeen.

Zein da etapa hauek ez errespetatzearen ondorio nagusia?

Haurraren garapen-erritmo eta prozesua bortxatzen denean, haurra korazatu egiten da. Askotan goizegi eta bortitzegi. Koraza hori izan daiteke oso gogorra edo malguagoa, baina, edozein modutan ere, haren esklabo bihurtzen zara. Hori da karakterra, gurekin atsegin izan ez den sistema horretatik defendatzeko sortzen duguna. Hortik dator neurosia. Edo gauza larriagoak.

Eta hori guztioi gertatzen zaigu?

Bai. Emakume batek erabakitzen duenean haurra izatea, bere senarekiko kontaktua lurperatuta eduki dezakeenez, bere amatasunerako gaitasunean ez du konfiantza handirik, eta horri segitu baino, nahiago du profesionalei galdetu. Ama horri lagundu beharko litzaioke bere ugaztun sena aurkitzen, horixe izango baitu bere kumea nola hazi jakiteko modurik egiatiena. Haurrak hezi beharrean hazi egin beharko genituzke, gainerako ugaztunek egiten duten bezala. Ama batek haurra negarrez sumatzen badu, instintiboki besoetan hartzeko gogoa sentituko du. Eta ez badu egiten, norbaitek hori ez dela egin behar esan diolako izango da. Gizarte bezala esango nuke oso gauza nabarmena dela gure lehen fase hori, ahotasunarena alegia, asebeterik ez izatea. Sozialki ikusten den zerbait da. Zulo handia daukagu hor. Gero helduaroan azaleratzen diren mendekotasun arazo askok hortxe dute jatorria. Drogak, edaria, kontsumismoa… Ume baten erregulazio energetikoaren bidea da xurgatzea, eta gainera horri lotutako lorpen psikologiko asko dago, mundua atsegina dela sentitzea eta harenganako konfiantza izatea adibidez. Gauza ona litzateke sozialki bermatzea amaren titia nahi duen guztietan eskura eduki ahal izango duela, gutxienez lehen urtean. Batzuek uste dute ume bati titia hartzen uzten badiozu nahi duen bezain luze, hor geldituko dela finkatuta, baina kontrakoa da. Asegabetasuna da etapa konkretu bati finkatuta gelditzea dakarrena. OMEk gomendatzen du sei hilabete soilik titiarekin eta bi urtera arte, eskura.

Haurrenganako gure harremanak askotan bortitzak direla diozu, zergatik?

Bere naturaren kontrako eskakizunak jartzen dizkio etengabe haurrari gure gizarteak, honen agente diren familia eta eskolaren bitartez. Oihu egiten eta asko mugitzen uzten ez duen eskola adibidez, bortitza da haurrarekin, eskatzen zaion hori emateko bere naturaren kontrako ahalegin handia egin behar duelako haurrak. Umeak dituen elikadura eta zainketa behar oinarrizkoez gain, emozionalak eta afektiboak diren beste behar biologikoak ere baditu. Horiek denak kuestionatu ezinak dira, garapen fisikoaz eta psikologikoaz ari garelako. Behar horiek ere asetzen ez baditugu bere momentuan, hutsune afektiboak agertuko dira eta gero beste modu batez, aunitzetan materialki, konpentsatzen saiatzen gara.

Gizarte neurotikoan bizi gara?

Guk desberdintzen dugu ‘ni’a, haur batek berez dakarren izateko modu hori, inpronta, eta karakterra. Azken hori neurosia da, zure garapenean sistema bortitzera egokitzeko osatu beharreko estrategia multzoa baita karakterra. Hau beti da ‘ni’a baino gutxiago, mugatuago. Beti modu automatikoan eta bertsuan funtzionatu behar izatera garamatza eta hori gure izateko modua dela pentsatzen dugu. Badira, noski, irmoagoak eta malguagoak. Neurosietan ere graduak dauden bezala, eta iristen ahal zara psikopatologia bat edukitzera edo ez. Klinikan orain artatzen diren patologiak gero eta larriagoak dira, gizaki normalaren profila gero eta gizaki heldugabeagoa baita. Gogorra edo gogortua, baina oso hauskorra. Prebentzioaren helburua litzateke ‘ni’ sendoa duten nortasunak sortzea, malguak direnak bere funtzionamenduan, gehiegi eta goizegi korazatu behar izan ez dutenak. Helburua ez da arazorik izango ez duten haurrak haztea, pertsona sendoak, erraz apurtuko ez direnak baizik. Autorregulazioa da helburua, ez sozio-erregulazioa. Zure barne taupadari segituz bizi ahal izatea eta ez kanpoko instantziek ezarritako funtzionamendu normatiboaren beharretara egokituegi.

Gaztetasuna nagusi da gure gizartean.

Bai, eta ustezko autonomia. Gure gizartean ez daramagu ongi besteen beharra izatea. Ez ditugu ongi onartzen haurrak, zaharrak, elbarriak… Paradoxa bat da, baina mendeko izateak benetan zentzua duen garaian, hau da, lehenengo urteetan, berehala presa sartzen diogu pertsonari nolabaiteko autonomia lor dezan eta ez gara konturatzen kontrakoa eragiten ari garela. Hor dagoela mendekotasun psikologikoaren jatorria. Haurrei haurra izateko garaia lapurtzen ari gatzaizkie.

Nortasun agiria

Ane Ablanedo Larrion (Iruñea, 1973ko maiatzak 18). Psikoterapian eta neurosiaren prebentzioan aditua. Bigarren Hezkuntzako euskara eta literatura irakaslea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle laguntzailea, idazlea eta politikazalea, besteak beste. UEUren eskutik Hezkuntza sistema alternatiboak eta Haur psikologia ikastaro arrakastatsuetako arduraduna da.

Laztantzea

“Gurasoen presentzia afektiboa funtsezkoa da haurtzaroan. Hori da umeak daukan modu bakarra jakiteko maite duzun edo ez. Ume bat ez baduzu asko ukitzen, besotan hartzen, laztantzen, maitasun ukigairik ez badiozu helarazten berak ezin du jakin maite duzunik. Haurrekin egon beharra dago, jolastu, hitz egin, bizi… Gainera haur eta gazteekin egotea oparia da, haur bat hazten laguntzea ikaragarria da”.

Pertsona otzanak

“Inauste, moldatze, hezitze edo fabrikatze prozesu horretan haur bati eragiten zaion mina zuzenean proporzionala zaio sistemak horri ateratzen dion etekinari. Zenbat eta muga gehiago jarri haur bati bere garapen potentzial horretan, orduan eta indartsuagoa ateratzen da sistema, pertsona otzanak egiten ari duelako”.

Eskola jazarpena

“Haurrenganako gure harremanetan boterekeria handia dago. Ume bat ezin da errebelatu aita edo amaren aurka. Haien beharra duelako. Etsipen hori barnean gelditzen denean amorrua sortzen zaio eta bere berdinekin errepikatuko du eredua. Jotzen duen ume bat, joa izan dena bezain biktima da”.

Hezkuntza propioa

“Gure herria gauza askotan aitzindaria izan da. Pedagogian ere ikastolak izan ziren 60ko hamarkadan berritasunak gurera ekartzen lehenak. Gainera gure tradizioagatik eta dugun talde edo tribu kontzientziagatik baditugu ezaugarri batzuk diskurtso honetarako erreskatatu genitzakeenak. Baina biziko bada, gure herriak independentzia behar du bere baliabideak baliatu eta kudeatu ahal izateko. Ez da aukera bat, beharra baizik. Ez dugu erabaki behar garen edo ez. Bagara. Eta bagarelako, askatasuna eta independentzia dagozkigu. Zergatik LOMCEren aurka borrokatu? LOGSE edo LOE hobeak ziren guretzat, ala? Borrokatu hezkuntza sistema propioaren alde, independentziaren alde. Kataluniak krisia aprobetxatu du independentzia beharraren pedagogia egiteko, gure ustezko politikariak Espainiako presidenteari krisia kudeatzen laguntzen saiatzen diren bitartean. Funtzionamendu hori, herri menderatu gaixoen baitan baino ezin da ulertu. Herri honek sekulako gaitasuna eta bizitasuna du, baina ideologia propioaren beharra du eta ez daki politika egiten. Iruditzen zaio politika negoziatzea edo aurkaria liluratzea dela, eta ez da hori. Indar erlazioa da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurren haziera
Influencer bihurtutako umeak: familia negozio gisa ulertzen denean

Sare sozialetan etxe barruko egunerokoa erakusten duten familiak eta Interneteko erakusleiho erraldoian jolasten, makillatzen edo dantzan jartzen dituzten haurrak milioiak mugitzen dituen negozio bilakatu dira dagoeneko. Adin txikikoak babestuko dituen legedia eskatzen du batek... [+]


2024-03-14 | Sustatu
Kirol eta jolas: umeei kirol jolasak erakusteko material praktikoak, euskaraz

Athlon Kooperatiba Elkarteak Kirol eta Jolas egitasmoa abiatu du, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioarekin elkarlanean. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso du.


Jaioberrien orpo-probak 14 gaitz bilatuko ditu aurrerantzean EAEn, antzeman daitezkeen 50 gaitzetatik oraindik urrun

Jaioberriaren orpoan zizta eginez, hainbat gaitz aztertzen ditu osasungintza publikoak. Osakidetzak 14ra igo berri du aztertzen diren gaitzen kopurua, baina beste lurralde batzuekin konparatuta, atzeko postuetan dago EAE: Nafarroan 28 gaitz aztertzen dituzte, Galizian 33,... [+]


Eguneraketa berriak daude