1914a ospa dezagun Ukrainan gerra berria berotuz

  • Berriro gerra Europan bertan, I. Mundu Gerraren mendeurrenean? Kontinenteko jende xeheak, kazetari eta irakurlea barne, ondo egingo luke Ukrainan arrazoia nork eta zenbat duen erabakitzen baino inperioen arteko talka berria bakean bideratu dadin ahalegintzen. Gatazkak okerragora egiten badu noren odola isuriko den gauza jakina da.

Associated Press agentziarentzako Darko Vojinovicek egindako argazkian, tentsio egoera Krimeako Simferopol hiritik hurbil Perevalnoye herrian Ukrainako armadak daukan kasernaren atarian, martxoaren 3an. Ate barrutik begira daude militar ukrainarrak, kanpo
Associated Press agentziarentzako Darko Vojinovicek egindako argazkian, tentsio egoera Krimeako Simferopol hiritik hurbil Perevalnoye herrian Ukrainako armadak daukan kasernaren atarian, martxoaren 3an. Ate barrutik begira daude militar ukrainarrak, kanpoko aldetik militar errusiarrek sartzeko bezala irteteko bidea ixten dute barrukoek noiz amore emango zain, eta erdian mutiko txikia jolasean dabil jostailuzko hondeamakinari tiraka, gizon armatuen artean antolatu dezaketen txikizioaz ohartzeke. Iazko azaroan Maidan Nezalezhnosti plazan gobernuaren kontrako protesta gisa hasirik, kaleko borroka gogortu ahala 98 herritar eta 29 poliziak galdu dute bizia, zaurituak pare bat mila inguru. Otsailaren 22an oposizioak kargugabetu zuen Viktor Janukovitx presidentea. Biharamunetik hasi ziren errusiar etniakoen protestak. 27an hedatu ziren militar errusiarrak Krimean zehar.

Krimeako gerraz oroitu dira batzuk Ukrainako gatazkak eskualde horretan jauzi arriskutsua egin duenean. 1853 eta 1854an gertatu gerran Errusia atera zen galtzaile Britainiar inperioa, Frantzia eta Otomandarren inperioak –gehi Sardiniako erresumak, artean Italiarik ez zen– osatutako koalizioaren laguntzaz, teorian neutrala zen Austria ere alde izan zutelarik.

Krimeakoa nola hasi zen honela kontatzen du ingelesezko Wikipediak, Shepard Clough historiagileari hitzak harturik: “Ez zen izan plan kalkulatu baten emaitza, ezta azken minutuan presiopean hartutako erabakiena ere. Izan zen bi urte baino gehiagoz hartzen zituzten erabakiez aski gogoetatzen ez zuten agintari ineptoek behin eta berriro egindako hanka-sartze tamalgarrien ondorioa”.

Krimean duela 150 urte 220.000 jenderi heriotza ekarri zioten guduen atzean baldin baziren gatazka erlijiozkoak, interes ekonomikoak, agintarien handinahia eta inperioen interes geopolitikoak, orobat gertatu zen justu hilabeteotan mendeurrena dela eta oroitzen dugun I. Mundu Gerran. Ez alderatu hau Krimeakoarekin jendeen triskantzan: 16 milioi hildako, 20 milioi zauritu... Baina Gerra Handia ere txinparta batek sutu zuen; gutxik asmatuko zuten Gavrilo Principek Sarajevon Austriako Franz Ferdinand artxidukea kalitzeak halako hondamendia ekarri behar zuenik Europa gainera.

Egun batetik bestera ohartu gara antzinako kontu zaharron gaurkotasunaz. Duela aste gutxi Ukrainako populazioa jazartzen ari zen estilo zaharreko bere gobernu eta agintarien kontra, Mendebaldeko Europarekin harremanak estutu nahian. Euromaidan bataiatu plazako matxinoen irudi epikoz mozkortu gintuzten hedabide nagusiek.

Beranduago, hango ekintzaile askoren jokabide lotsagabeki naziak harritu gintuen estreina, manatari berriek agintea hartu ondorengo erabaki traketsek gero, tartean populazioaren zati handi baten hizkuntza den errusierari ofizialtasuna kentzea, eta Errusiak erantzun militarrez lehenbiziko mugimendua egitearekin hasi gara galdezka benetan zer gertatzen ote den.

Telebistek eskaintzen dizkiguten irudi espektakularretara ohi garenoi, egunkari handi batzuek bertan dauzkaten korrespontsalen kronikek bestelako Ukraina azaldu digute asteetan barrena. Kultura eta hizkuntza desberdinetako eskualdeak eta elkarrekin bizitzeko urte luzez antolatutako moduak, gehi sortutako talkak. Mendebaldera gehiago begiratzen dutenak, Errusia hurbilago daukatenak, erlijio nagusia den eliza ortodoxoaren antolakizun berezietan ere mamitzen diren ezberdintasunak. Aldi berean Ukraina arras eslaboa.

Ikasi dugu egituraketa ekonomiko oso ezberdinak dauzkatela eskualdeek. Hots, menpekotasun diferenteak. Eta alde bateko zein besteko indarrak mobilizatu dituztenak dirudun handiak izan direla. Magnateak. Halako interesak zeuden eta daude Ukraina zatitzeko arriskuan jartzeko?

Xake taulan bezala

Bartzelonako La Vanguardiak Odesa hirira bidalita daukan Rafael Pochek bere kronika bikainetako batean idatzia du, gatazka honetan neurtzen diren indarrak alderatzen hasita, informazioaren frontean Mendebaldeko hedabide-armadak direla nagusi.

“Pixkanaka –idatzi du Pochek– abian jarri da informazio globalaren makina. Jugoslaviako gerra ‘humanitario’ bilakatu zuen makineria, atzerritarrek Afganistan bigarrenez inbaditzea ‘terrorismoaren kontrako gerra’ bihurtzen, suntsipen masiborako Irakek omen zeuzkan armen mehatxua eta batean bezala bestean gerra pizteko dauden arrazoi justuak saltzen dituen makineria hori, topera hasia da lanean orain Krimean”.

Propagandako makinek –guztiek– gerrak behar duen geruza ideologikoa hedatzen dute. Baina 1914an koalizio inperial bateko eta beste inperioko milioika obrero-seme trintxeretan hiltzera aberriaren edo are erlijioaren izenean eraman zituztenean, jakina da beren odola isuri zutela sarraskira bidali zituzten ugazaba handien eta inperioen interesen mesedetan. Orain Ukrainan ikusten ari garenak ere osagai nagusitzat geopolitika dauka.

Mendebaldea, esan nahi baita, militarki NATOk ordezkatzen duen inperioa, hemengo herritarrok gure izerdiz elikatzen duguna, munduaren berrantolaketan ari da azken urteotan. Europan bertan guregandik kilometro gutxitara ezagutua dugu Balkanetako gerra. Baina Afganistandik hasita, Iraken barrena, Magrebeko errejimen aldaketa guztiak, Siriako gerra... Horretan ez da nobedadea Mendebaldea Errusiari bizarrak ukitzen ikustea, ez da hain zaharra Georgian gertatua.

Beste inperioak, Errusiakoak, bere ustez dagokion eremu geoestrategikoan atzerako urrats bakoitza kario ordainarazten du. Balkanetan ikusi zen, Georgian. Moldaviak pagatu zuen urruntzea Transnistriako eremua galdurik, honetaz ere orain oroitarazi gaituzte kazetari argienek. Krimean Vladimir Putin egiten ari denak ez du inor ezustean harrapatu behar.

Ukrainan Errusiak daukan interesa kasik ez dago arrazoitu beharrik: bere lurraldea du, kasik Errusia bezain errusiar, kulturaz, historiaz, geografiari dagokionez erreparatu besterik ez mapan. Eta gainera, Mendebaldera erregaiak esportatzeko ataka nagusia hortik dauka.

Azken hauxe da Mendebaldearen irrika pizten duen gai nagusia, energia iturrien pasabidea. Gehi Sobiet Batasuna desegin zenetik merkatua hedatzeko nahia, orain artean arazo handiegirik gabe burutu ahal izan duena Europaren erdi-ekialdean.

Idazten digute zenbait kazetarik, lekuan bertatik, ukrainarren gehiengoa dagoela aldi berean herrialdea baturik atxikitzearen eta Errusiarekin lehentasunezko harremanak edukitzearen alde. Horren gainean trantsizio bat antolatu ez baina gatazkaren garrei haize eman eta itzulerako edozein bide ixteko ahaleginak ikusten direnez, pentsa liteke geopolitikaren interesak prest daudela Ukraina bilakatzeko inperioek jokoan daukaten xake taulako mugimenduen pieza.

Mundua, eta zehazki Europa, krisi ekonomiko eta sozial oso gogorrean murgilduta egonik, herritarren artean joera populistak zabaldu dira. Gerra baterako erregai onak dira. Bakezaleak bihurtuko ote dira azkar ito beharrekoa barne etsai nagusiak?

Xakea balitz, Krimean Errusiak dorrea jan dio arerioari, baina jokaldian erregina agerian utzi. Partida arriskutsua darabilte eskuartean ugazabek europarren kontura.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Krimeako krisia
Krimeako tatarerazko telebista lizentziarik gabe utzi du Errusiak

Krimeako tatareraz lan egiten duen munduko telebista kate bakarra, ATR, lizentziarik gabe utzi du Errusiak. Erabakia teknikoa izan dela adierazi diete Nationalian irakur daitekeenez, legedia betetzeko eskabideak ez dituela garaiz bete argudiatuz. Internet bidez emititzen... [+]


2015-03-26 | Ibai Trebiño
Sebastopol "hiri heroikoa"

2014ko otsailaren 28an; Sebastopolen milaka pertsonek Nakhimov almirantearen plaza hartu eta hiriaren defentsa antolatzen hasi ziren. Egun batzuk lehenago, Kieveko Maidan plazako ekintzaile europarzaleek eraikin publikoa okupatu eta botere aldaketa bortizki gauzatu zuten.


Eskoziaren independentzia onartzeko prest da Espainia, Salmondek dioenez

Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiak jada adostu du Espainiako Gobernuarekin Eskoziak independentzia lortzen badu, onartu egingo duela.


Eguneraketa berriak daude